Osakidetzak «laster» emango ditu argibideak Depakine botikaz

Sendagaiaren nahi gabeko ondorioez hainbat andrek egindako azalpen eskaeren erantzunak «landuak» dituztela diote Osakidetzako buruek

Ezker-eskuin, Miren Dorronsoro, Jon Darpon eta Andoni Arzelai, atzo, Bilbon egindako agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2018ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Epilepsiari aurre egiteko eta nahasmendu bipolarra kontrolatzeko errezetatzen da Depakine sendagaia, besteak beste; eta botika hori hartzeak umekietan uste baino eragin handiagoa duela zabaldu da azken hilabeteetan. Depakine hartzen duten andreak kontrolpean dituela iragarri zuen Osakidetzak uztailean, baina botika hartzen duten hainbat emakumek salatu dute osasun sistemak entzungor egin diela sendagaiari buruz egindako azalpen eskaerei. Andoni Arzelai Osasun Laguntzako zuzendariak aitortu du badutela kaltetuen eskaeren berri, eta iragarri du «luzaro gabe» erantzungo dituztela. «Landua dugu jada». Atzo egin zituen adierazpenak Arzelaik, gripearen aurkako 2018ko txertaketa kanpaina aurkezteko agerraldian. Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Miren Dorronsoro Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendaria izan zituen aldamenean.

Dorronsororen hitzetan, sendagaiaren nahi gabeko ondorioak ikertzen ari dira Farmazia Zuzendaritza eta Osakidetza, elkarlanean: «Depakine sendagaiaren jarraipena egiten ari dira Osakidetzan eta Osasun Sailean. Sendagaiak sor ditzakeen ondorioak zaintzen dituen zerbitzua egon badago, eta lanean ari dira kasu honekin ere». Urtea hasi zenetik sendagaia hartzen ari diren 1.200 emakume inguru kontrolpean dituela iragarri zuen Osakidetzak uztailean, hura hartzen ari diren bitartean haurdun geratu ez daitezen.

Botika hartu duten hainbat andreren seme-alabek osasun arazoak dituzte, eta sendagaiari buruzko informazio falta ia erabatekoa dela azaldu diote BERRIAri. Adierazi dutenez, eskatu arren, osasun sistemak ez die inolako argibiderik eman. Bada, Arzelaik aitortu du badakitela kaltetu batzuek informazioa eskatu dutela, eta gaineratu du «laster» emango dizkietela argibideak.

Argibide falta

Depakine hartu duten andreen umeek malformazioak eta garapen arazoak izateko dituzten arriskuez ohartarazi zuen EMA Botiken Europako Agentziak orain lau urte. Aurretik, hainbat herrialdetan botikaren inguruko kexak ozenduta zeuden; Erresuma Batuan kaltetuak artatzeko abian den erakundearen arabera, botikak arazoak eragin dizkio 77.000 haurri baino gehiagori. Frantzian, 2014an, osasun agintariek onartu zuten berandu erreakzionatu zutela gai honetan. Osakidetza hasi berria da: oraingoz, haurdun geratzeko adinean daudenei arazoaz ohartarazten. Botika hartu duten andreek, ordea, hori baino azalpen gehiago nahi dituzte, eta laguntza: seme-alabak ongi artatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.