Hiltzeko eskubidearen alde hil

Frantzian 57 urteko gizon batek bere buruari hiltzen utziko dio eutanasia eskubidea aldarrikatzeko

arantxa elizegi egilegor
2020ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Alain Cocqek 57 urte ditu, eta horietatik 34 daramatza gaixo, azken biak ohetik mugitu ezinik. Gaitz degeneratiboa du, gaur egun sendabiderik ez duena. Haren gertukoek azaldu dutenez, egun laguntza behar du denerako, baita oinarrizko beharrak asetzeko ere. Hori dela eta, Emmanuel Macron Frantziako presidenteari idatzi zion joan den uztailean, eutanasia egiteko baimena eskatuz. Hark, baina, erantzun zion esanez, egun, Frantzian, ez dela legezkoa. Hala, bere burua hiltzen uztea erabaki du, edateari, jateari eta botikak hartzeari uko eginez; baina ez du bakardadean hil nahi, eta irudiak Facebooken zuzenean emango ditu.

Herenegun arratsaldean eman zuen Cocqek berak erabakiaren berri, sare sozialetan zabaldutako bideo batean. «Amaitu dut nire azken otordua. Zuen osasunaren alde hartuko dut azken edaria. Hasi da une erabakigarrirako bidea, eta sinets iezadazue, zoriontsu naiz», zioen Dijongo bere etxetik.

Cocqek Macroni idatzi zion «sufrimendua amaitzen» lagunduko zion lasaigarri bat eskatuz, baina, Suitzan, Belgikan edo Herbehereetan ez bezala, Frantzian gaixotasun sendaezin bat dutenei eta egun gutxi batzuetarako bizitza soilik dutenen kasuan soilik baimentzen du legeak halako zerbait. Dena den, berak azaldu duenez, bere helburua ez da hiltzea, «mina kentzea» baizik, eta horrek heriotza ekartzen badio, hura onartzeko prest dago.

Duintasunez Hiltzeko Frantziako Elkarteko presidente Jean-Luc Romerok gaitzetsi egin du Parisen jarrera: «Zer errepublika mota da ahalik eta beranduena eta sufrimendurik handienarekin hiltzera derrigortzen zaituena! Ostruken politika amaitu behar da. Hamar frantziarretik zortzi hiltzen laguntzearen alde daude».

Faceboken blokeoa

Eutanasiarako eskubidea aldarrikatzeko asmoz, heriotza zuzenean ematea zen Cocqen asmoa, horretarako Facebook baliatuta. Sare sozialak blokeatu egin zituen atzo haren irudiak, argudiatuz euren legediak ez diela baimentzen «bere buruaz beste egin nahi dutenen irudiak zabaltzea». Hala, enpresak iragarri du irailaren 8ra arte itxi egingo duela Cocqen kontua.

Cocqek, hala ere, eutsi egin dio bere erabakiari eta aurreratu du beste bide batzuk bilatuko dituela irudiak zabaltzeko. Bien bitartean, eskatu die herritarrei salatu dezatela Facebooken jarrera, eta eska diezaiotela blokeoa amaitzeko.

Frantzian eutanasiaren inguruko eztabaida ez da berria. Duela urtebete denen ahotan egon zen Vincent Lamberten kasua. Lambertek hamar urte baino gehiago egin zituen egoera begetatiboan, gurasoek tratamendua jarraitzea nahi zutelako, eta emazteak, aldiz, hiltzen uztea. Azkenean, auzitegiek arrazoia eman zioten Lamberten emazteari, eta baimena eman zuten hura sedatu eta tratamendua eteteko. Haren iloba François Lambertek bi kasuak parekatu ditu: «Beti gauza bera esaten dute, legeak hau eta bestea dioela eta ezin dela aldatu, baina ausardia falta zaie».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.