Gaza, setiatua eta bakartua

Erasoaldia hasiz geroztik, 500 tona lehergailu jaurti ditu Israelek bi milioi biztanleko lurraldearen aurka. Nazioarteko prentsaren egoitza suntsitu du Tel Avivek. Zisjordanian 13 palestinar hil ditu Poliziak

Gazako Al-Shati errefuxiatu gunean hildako Abu-Hatab familiako hamar kideen aldeko hileta. MOHAMMED SABER / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
F-16 motako hegazkinak izan ziren lehenik, Gazako hesiaren ingurura bidalitako tankeak jarraian, eta, ostiralaz geroztik, itsasoz ere bonbak jaurtitzen ari da Israelgo armada. Hamasen suziriei erantzuteko aitzakiarekin hasitako erasoaldia sarraski bilakatu du Benjamin Netanyahu lehen ministroaren gobernuak. Israelek astebetean 500 tona lehergailu jaurti ditu bi milioi palestinarren bizitoki den 365 kilometro koadroko eremuan.

Israelek atzo zabaldutakoaren arabera, baliteke Hamaseko «ehunka» kide hil izana erasoaldian. Tel Avivek dio mugimendu islamista horrek egindako tunelak eta talde armatuen egoitzak suntsitu dituela bonbardaketekin. Helburu horrekin komunikabideak manipulatu izana egotzi diote estatu juduari. Izan ere, ostegun iluntzean Twitter sare sozialean mezu bat zabaldu zuen armadak, zeinaren arabera «aireko eta lurreko armada Gazari erasotzen» hasia zen. Hala, ulertzera eman zuen hasia zutela lurreko erasoaldia. Txioak berehalako oihartzuna izan zuen, eta armadako iturriek «gaizki ulertua» izan zela zabaldu arren, albisteak lurpeko tuneletan ezkutatzera bultzatu zituen Hamaseko eta Jihad Islamikoko kideak. Handik gutxira, tunelak bonbardatu zituzten.

Hondamendia

Palestinako Osasun Ministerioaren datuek eta herritarrek eurek zabaldutako irudiek erakusten dute norainokoa den hondamendia: dozenaka etxebizitza suntsituta, 140 palestinar hilda —tartean Al-Shati errefuxiatu gunearen aurkako erasoan hildako familia bereko hamar kide—, eta 950 zaurituta. Hori, Gazan. Zisjordanian,hamahiru zibil palestinar hil zituzten, Gazaren aurkako erasoaldia salatzeko eginiko protesten kontra jota; 500 inguru dira zaurituak.

UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko zuzendari Tamara Alrifaik gogor gaitzetsi zuen Al-Shati errefuxiatu kanpalekua bonbardatu izana, noiz eta erasoaldiaren ondorioz inoiz baino iheslari gehiago duten unean —aste hasieratik, 10.000 pertsonak etxea utzi behar izan dute, UNRWAren arabera—. «Giza hondamendia da Israel Gazan egiten ari dena, baita Zisjordaniakoa ere. Gehiegizko indarkeria baliatzen ari dira». Kritiken aurrean, Israelgo iturriek erantzun zuten kanpalekuan «ezkutatutako milizianoak suntsitzea» zela euren helburua, baina ez dute hitzik esan bonbek hildako zibilei buruz.

Errefuxiatu gunearen aurkako bonbardaketatik ordu gutxira heldu zen Hamasen erantzuna. Dozenaka suziri jaurti zituzten hiriburuaren aurka. Tel Aviven eta beste hainbat hiritan sirenak piztu ziren, eta misilen aurkako ezkutua sartu zen indarrean. Suzirietako batek, ordea, apartamentu bat jo zuen, eta bertan zegoen 50 urteko gizon bat hil zen, hondakinen azpian harrapatuta. Hamar israeldar hil dituzte Netanyahuren gobernuak erasoaldia hasi zuenetik.

Atzo, komunikaziorako antenen eta urteetan nazioarteko dozenaka komunikabideren egoitza izan den Al-Jalaa dorrearen aurka jo zuen armadak. Bonbak jaurtitzen hasi baino ordubete lehenago eman zioten abisua eraikinaren jabeari, telefonoz. Hura saiatu zen militarrekin negoziatzen, kazetariei euren tresnak eta artxiboak handik ateratzeko hamar minutu eman ziezaieten, baina ez zioten luzapenik onartu. Langile guztiak eraikinetik kanpo zeudela berretsi eta minutu gutxira jaurti zituzten misilak.

Nazioarteko komunikabideen egoitza suntsitu izanak hautsak harrotu zituen, eta erasoa salatu zutenetako bat Etxe Zuria izan zen. AEBetako Gobernuko eledun Jen Psakik nabarmendu zuen «kazetarien eta komunikabide independenteen segurtasuna bermatzea erantzukizun gorena» dela. Erasoaldia hasi zutenetik Washingtonek Israelgo Gobernuari egindako lehen kritika da atzokoa; izan ere, orain arte, Joe Bidenen gobernuak behin eta berriz berretsi du estatu juduak «defendatzeko eskubidea» duela.

Eskualdeko hamar argindar dorreetatik zortzi suntsitu ditu Israelek, eta ilunpean utzi du eremuaren parte handi bat. Elikagaiak lortzea ere gero eta zailagoa bilakatu da, nekazaritza eremuak ere bonbardatu dituztelako, eta garraioak etenda daudelako. «Erasoaldia hasi zenetik, egunetik egunera gogorragoak dira bonbardaketak, gauez batez ere», azaldu du Al-Jazeerako kazetari Yumna al-Sayedek.

Gazan ez ezik, Zisjordanian ere israeldarren jomuga bilakatu ziren arabiarrak. Ostiral gauean, eskuin muturreko israeldar talde bat Haifan sartu zen «heriotza arabiarrei» oihuka, eta Poliziak babestuta. Beste hainbat hiritan, berriz, protestak lehertu ziren bart. Baina Poliziak gogor jo zuen manifestarien aurka, eta gutxienez hamahiru pertsona hil eta beste 500 inguru zauritu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.