Costaren kanpaina luzeegia

Portugalen parlamenturako bozak egingo dituzte gaur, eta 'geringonça' ezkerreko blokearen etorkizuna argituko dute. Eskuinak gora egin du, eta ultraeskuina hirugarren indarra bilaka liteke

Antonio Costa Portugalgo Alderdi Sozialistaren idazkari nagusi eta bozetako hautagaia, herenegun, Lisboan, kanpainako ekitaldi batean. MIGUEL A. LOPES / EFE.
ander perez zala
2022ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Antonio Costari luzea egin zaio Portugalgo Asanblearako bozetako kanpaina. Oso luzea. Asteotako diskurtsoei erreparatzea besterik ez dago horretaz jabetzeko: bakarrik gobernatzeko gehiengo osoa eskatzetik, iraganeko «ezinikusiak» atzean utzi behar direla esatera pasatu da. Beste modu batera esanda: geroz eta txikiagoa eskuinarekiko tartea inkestetan, orduan eta keinu gehiago egin dizkie azken agintaldietako aliatuei PS Alderdi Sozialistaren idazkari nagusiak.

Lehen ministro irudia kapitalizatzeko estrategiarekin abiatu zuen kanpaina Costak; 2015ean hartu zuen kargu hori, eta, urteotako esperientzia baliatuta, nahikoa oinarri zuelakoan zegoen PSren hautagaia. Ez da hala izan, asteek aurrera egin ahala, PSD Alderdi Sozial Demokrata eskuindarrak gora egin baitu: bi alderdien arteko tartea hamar bat puntukoa zen iragan azaroan, eta laukoa da egun, batez beste. Inkesta batzuek PSDren garaipena ere iragarri dute, eta eskuindarren presidente eta hautagai Rui Rio nahiko baikor agertu zen aste hasieran gaur gerta daitekeenaz: «Uste dut Costa bozak galtzearen atarian dagoela».

Baliteke egunotan sozialisten hautagaia damutu izana joan den udazkenean aliatuekin izandako negoziazioez. Gaurko bozak urte eta erdi aurreratu baitituzte, eta geringonça (tramankulua) ezkerreko blokea osatu duten indar politikoen arteko desadostasunak baitaude horren atzean: iragan urrian, Costaren aurtengo aurrekontuei ezezkoa eman zieten BE Ezkerreko Blokeak eta PCP Portugalgo Alderdi Komunistak, eta horrek eragin zuen hauteskundeen data aldatzea, herrialdeko presidente Marcelo Rebelo de Sousaren aginduz.

Aurtengo aurrekontuak bereziki garrantzitsuak dira, EB Europako Batasunaren suspertze funtseko dirua izango baitute oinarri (14.000 milioi euro), eta krisi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko balioko dutelako; Portugal da, hain justu, barne produktu gordinarekiko zor publikorik handiena duen EBko estatu kideetako bat, eta turismoarekiko dependentzia handia duena.

PSren idazkari nagusiak kanpainan aipaturiko «ezinikusiak» batez ere BEren koordinatzaile nazional Catalina Martinsi begirakoak izan dira, harekin izan baitzituen talka politikorik handienak iragan legealdian; aurtengo kanpainako eztabaidetan ere islatu da hori, bi agintariek elkarri egotzi baitiote geringonça-ren amaiera.

Baina Costak PCPrekin ere izan zituen desadostasunak, eta hori ere asteotan geratu da agerian, komunisten buruzagi Jeronimo de Sousak agintari sozialistari leporatu baitzion hasiera-hasieratik nahi zuela hauteskundeak aurreratzea, 2019an lortu ez zuen gehiengo osoa biltzeko.

PS, BE eta PCP eskuinaren gobernua eragozteko elkartu ziren 2015ean; hirurek legealdirako programa komun bat adostu zuten, eta, horren bidez, Costak gutxiengoan gobernatu zuen legealdia amaitu arte, beste bi indarren sostenguarekin. 2019ko bozetan, PSri egin zion mesede aurreko agintaldiko esperientziak, eta nabarmen egin zuen gora ordezkaritza kopuruan; BEri eta PCPri, aldiz, ez,—PEV Alderdi Ekologista Berdeak-ekin koalizioan aurkeztu ziren komunistak, eta aurten ere bai—, eta, azkenean, hiru indarrek ez zuten programa bateraturik osatu berriz.

Horrek eragin handia izan du gobernabidean, Costa alde batarekin zein bestearekin ados jartzen saiatu baita; kasurako, 2019an eskuinarekin lan erreforma adostu zuenekoa. Noski, BErentzat eta PCPrentzat onartezina izan zen hori, eta hiruren arteko harremana are gehiago gaiztotu zen. Aurten ere, inkesten arabera, PSri babes parlamentarioa eman dioten indarrak izango lirateke boto galerarik handiena izango luketenak ezkerreko blokean, eta sozialistek antzeko jarraituko lukete.

Rioren profila

Kontrara, deigarria izan da eskuindarrek kanpainan lortutakoa. Abenduan irabazitako primario gatazkatsuen ostean, Riok alderdia elkartzea lortu du, jarrera moderatua sendotu du, eta garrantzitsuena: murrizketaz beteriko PSDren azken gobernuaren (2011-2015) zama gainetik kentzea lortu du.

Are, PSDren hautagaiak defendatu du bihartik aurrera bere alderdiaren eta PSren arteko koalizio batek gobernatu behar duela Portugalen, eta babesik handiena lortzen duena izan behar dela aliantza horren buru eta lehen ministro. Eskuindarrak dinamika positibo batean daude iaztik, herriko bozetan Lisboa eta Coimbra kendu baitzizkieten sozialistei.

Ez dirudi, ordea, PSk Rioren alde egingo lukeenik, eta, hortaz, agintari eskuindarrak aukera oso gutxi ditu gobernuburu kargura iristeko, ez baitu Chega ultraeskuindarrarekin negoziatu nahi, eta ohiko aliatu txikia (CDS-PP) geroz eta ordezkaritza gutxiagorekin geratzen ari baita.

Andre Ventura eskuin muturrekoen buruzagia, baina, balizko testuinguru horri begira jarri da kanpainan, eta baldintza bakarra jarri dio PSDri: agintean «eraldaketak» sustatzea. Hain justu, Chegaren gorakada izango da gaurko beste arretaguneetako bat, boto gehien biltzen duen hirugarren alderdia bilaka litekeelako, betiere inkesten arabera.

Edozein kasutan, aldagai guztiek iradokitzen dute ez dela ia aldaketarik izango ordezkaritza kopuruetan eta indar harremanetan gaurko bozetan. Costak, hortaz, aukera gutxi izango ditu agintean jarraitzeko; tartean, nahi ez zuen geringonça berriz elkartzea, emaitzek horretarako bidea emanez gero. 2022ko negoziazioak, ordea, 2015ekoak baino askoz ere zailagoak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.