Miren Amuriza.
BIRA

Ez begiratu

2018ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Nago, defuntuez zelan hitz egin behar den azaldu zuten egunean, huts egin nuela eskolara. Hildakoa adinekoa denean, gutxi-asko, moldatzen gara: halabeharra, bizilegea eta beste. Ordea, konplikatuagoa izaten da uste baino lehenago zendutako norbaitez aritzea. Gerta liteke hil berriaren familiakoekin, lagunekin elkartu eta norbera gaia atera - ez atera dagoela, euretakoren batek aipatzea. Demagun, anekdotaren bat kontatzen dutela (adibidez, azkeneko oporralditik bueltan zetorrela, bere maletaren ordez militar batena hartu zuela aireportuan) eta kontalaria irribarretsu egonik ere, zer egin ez dakizula jarraitzen duzula zuk: isildu, barre egin, zerbait gehitu... Eta gaiz zelan aldatu pentsatzen hasten zarela. Halere, demagun badakizula hori ez dela kontalariak behar duen feedbacka izango, sarri entzun izan baitiozu falta denari buruz aritzeko erreparo gehiegizkoa daukala jendeak. Demagun orduantxe jabetzen zarela, zeu ere «jendea» zarena, alegia: irristadarik handienak hankarik ez sartzen ahalegintzen denean egiten dituztenetarikoa: «ez begiratu, ez begiratu, ez begiratu» pentsatzen duen bitartean, mainguaren mahuka hutsera so egiten duen jende klasea; barre urduriak gain hartzen diona. Horrelakoetan galdetu ohi diot nik neure buruari eskolan hau guztia noiz azaldu ote ziguten. Edo ikasgaia nork salto ote zuen: guk ala irakasleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.