Onintza Enbeita.
BIRA

Hegan egitea

2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Ez du sekula Super Man ikusi. Beste gauza batzuetan jartzen du arreta telebistaren aurrean: hitz egiten duen txerri familia bat gustatzen zaio, ur azpian bizi den esponja inuzente bati barre egiten dio, enpresaburua den ume bati begira egoten da ezer ulertu gabe, zorroan denetarik daukan katua gustatzen zaio, eta abar luze bat. Ordea, gu umeak ginenean ezagutu genuen hiztegiaz ez daki ia ezer. Geuk esan diogun zerbait akaso, baina ezer gutxi; eta hala ere, txamarra mahukak sartu gabe eraman nahi izaten du eskolara. Aldapan gora doala, «Super Manen moduan», esaten du, eta barre egiten digu. Nondik aterako zuen ez dakigu, baina hala nahi du, eta izebarekin doanean halaxe joaten da. Amamak beti lortzen du azkenean maukak besoetan sartzea, baina izekoak borrokan hasi ere egin gabe ematen dio amore.

Harrigarria da nola badauden belaunaldiak iragan dituzten superheroiak eta nola beste batzuk ez ditugun ikusi genituenok ere gogoratzen. Ulertzekoa da hegan egiten duen norbaitek umeen arreta deitzea, baita galtzontzilloak praken gainetik eramaten baditu ere. Agian, kontua ez da superheroiek belaunaldietan irautea; agian, kontua da gizakiaren ametsak direla irauten dutenak. Eta hegan egitea, hegan egitea, gauza ederra da fisikoki nahiz sinbolikoki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.