Onintza Enbeita.
BIRA

Txakurrak vs. Katuak

2020ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Ez zaizkit txakurrak gustatzen. Lau hankakoez ari naiz. Animalia ederra da, fidela, etxean dauzkagunak asko maite ditut, askotan ikusten ditudan lagunenak ere bai; baina hortik aurrera, txakurrak hor eta ni hemen. Batzuetan inbidia ematen dit gure aitak bere txakurrarekin daukan harremanak. Aita etxean ez badago, lotan bezala pasatzen du eguna. Hura etxera datorrenean, ostera, haren atzetik bueltaka hasten da hara eta hona, salto egiten dio, zaunka… hura ikusteaz gu baino gehiago poztuko balitz bezala.

Gero ikusten dut lagun min baten txakurra, eta inbidiarena pasatu egiten zait. Laguna doan lekura doala, bere txakur hori ere bai. «Ezin al du txakur horrek beste nonbait egon beti zurekin egon beharrean?», eta laguna haserretu egiten zait. Ezin nau ulertu, ez daki zer egin didan txakurrak. Egia esan, ezer ez: maitagarria da. Beti dago haren ondoan, ordea. «Nahiago ditut katuak» da okurritzen zaidan defentsarako argudio bakarra. «Faltsuak dira», esaten dit berak. «Autonomoak», erantzuten diot nik.

Eta orduan gogoratzen gara nola joan ginen behin psikologia merkeko hitzaldi batera. Han esan zigutenez, gustatzen zaizkigun animalien araberako harreman pertsonalak eraikitzen ditugu gehienok. Elkarri begiratu eta beste garagardo bat eskatzen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.