Kaledonia Berria. Independentzia erreferenduma

Emaitza edozein dela ere, aldaketa

Independentistek, loialistek eta Frantziako Gobernuak, hirurek helarazi diete herritarrei zeintzuk izan behar diren deskolonizazio prozesua amaitu osteko pausoak

Frantziako Gobernuaren eta Kaledonia Berriko ordezkarien arteko bilera bat, 2017an. LUDOVIC MARIN / EFE.
ander perez zala
2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Kaledonia Berriko deskolonizazio prozesuak bigarren independentzia erreferenduma du gaur. Noumeako akordioaren arabera, ezezkoak berriz irabaziz gero —2018an egin bezala—, kaledoniarrek hirugarrenez eta azkenekoz izango dute aukera irla multzoaren subiranotasunaz iritzia emateko, beranduenez hemendik bi urtera, betiere Kaledonia Berriko Kongresuaren herenak galdeketa horretara deitzen badu. Beste aldean, gaur edo azken erreferendumean baiezkoa gailentzen bada, trantsizio epe bat jarriko dute abian, Frantziaren parte izateari utzi eta herrialde independente bilakatzeko bidea errazteko. Orain arte, errealitate horiek guztiak balizkoak diren arren, hiru aldeek, independentistek, loialistek eta Frantziako Estatuak dagoeneko egin dituzte proposamenak etorkizunean eman beharreko pausoez. Eta gehienek egungo statu quo-a aldatuko lukete, Kaledonia Berria Frantziatik aterako balitz edo herrialdeak horren parte izaten jarraituko balu ere.

Independentzia erreferendumaren osteko bi jokalekuei buruzko dokumentu bat argitaratu du Parisek aurten, duela bi urte egin bezala; bi orrialdeko txostena baiezkoaren eta ezezkoaren garaipenez ari da, eta horien ondorioz gertatuko denaz. Baiezkoak irabaziz gero, Kaledonia Berria independente bilakatuko litzateke, eta trantsizio bat jarriko lukete abian; izan ere, Frantziako Estatua ez litzateke «modu basati batean» joango Ozeano Bareko herrialde horretatik: «Frantziak segurtasuna, ordena publikoa, moneta eta justizia bermatuko ditu epe mugatu batean, eta Frantziako eta Kaledonia Berriko agintariak ados jarriko dira eskumenen transferentzian».

Parisek 2018an aurkeztu zuen dokumentuarekin konparatuz gero, aurtengoan bi aldaketa daude: batetik, Kaledonia Berriak «modu subiranoan» erabakiko lukeela «bere eskumenak nola kudeatu»; eta, bestetik, baiezkoak eragingo lituzkeen aldaketak «eremu osora» aplikatu beharko liratekeela. Azken ideia hori hilabeteotan izandako eztabaida baten harira gehitu dute, Errepublikanoen senatari Pierre Frogierrek adierazi baitzuen Kaledonia Berriko probintzia bakoitzak bere «patua zehaztu behar» zuela.

Zatiketari dagokionez, «lege frantses batek amaiera emango dio [zuzenbidearen ikuspuntutik] Kaledonia Berria Frantziaren parte izateari», eta, horren ostean, irla multzoak aldebakarreko independentzia aldarrikapen bat egin beharko luke.

Epe horiez, Parisek ez du proposamenik egin; bai, ordea, Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanaka (FLNKS) aliantza independentistak: gaur baiezkoak irabaziz gero, Kaledonia Berri independenteak 2023ko maiatzean abiatuko luke bidea, trantsizioaren, konstituzio baten eta bozen ostean. «Estatu kulturaniztuna, demokratikoa eta laikoa» litzateke, eta Kanaky-Kaledonia Berria izena izango luke.

Tarteko aukera bat

Batzuek dagoeneko zalantzan jarri dute hirugarren erreferenduma egiteko beharra, gaur ere ezezkoak irabaziko balu. Sonia Backes Hegoaldeko probintziako presidente eta buruzagi loialistaren iritziz, «agian aukerarik onena» mahai beraren inguruan esertzea izango da: «Kaledonia Berriari begira, independentistek autonomia gehiago lor dezaten, eta loialistek nahi dutena izan dezaten, Frantziaren parte izaten jarraitzea».

Halere, kontuan harturik independentistak Kaledonia Berriko Kongresuan herena baino gehiago direla, hirugarren erreferenduma egiteak egiazko aukera bat dirudi, gaur ezezkoak irabaziko balu. Izan ere, Victor Tutugoro Independentziarako Batasun Nazionaleko (UNI) buruzagiaren ustetan, «subiranotasun osora» iristea da deskolonizazio prozesua «amaieraraino eramatea».

Argi ez dagoena da zer gertatuko den hirugarren galdeketa horretan ezezkoa berriz gailentzen bada. Noumeako akordioaren arabera, arduradun politikoak elkartu beharko dira «sorturiko egoera aztertzeko». Loialisten sektore moderatuak adierazi du egoera horretan autonomia handitzea litzatekeela pausorik egokiena, baina, egiaz, oraindik ez dago ezer esanguratsurik finkatua.

Beranduenez 2022rako independentzia edo Frantziaren parte izateko jarrera gailentzen bada ere, deskolonizazio prozesuak aldaketa gehiago eragingo ditu Kaledonia Berrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.