Aukerak eta erronkak osasungintza euskalduntzeko

2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Beste arlo askotan bezala, Osasungintzan euskalduntzea bidegurutze batera heldu da, zirt edo zart egiteko unera. Administrazioan bezala belaunaldi aldaketa bat datorkigu Osakidetzan ere eta euskalduntzean izan duen 20 urteko atzerapenari aurre hartu behar zaio behingoz. Izan diren euskalduntze plan biak ez dira aski izan hezkuntzan bezala behar diren neurriak hartzeko. Orain euskararen hirugarren planen egitasmoekin gabiltza erakunde askotan (UPV/EHU, Osakidetza, udaletxeak…) eta aspaldi Kontseiluak esan bezala langile berriak euskaldunak izateko egin behar diren probak gutxienez euskaraz izan beharko lirateke. Profilak, epeak, ikastaroak… Orain dela 30 urterako balioko zuten baina orain euskaldunak gehiengoa gara gizartean, eta irizpideak beste eremu batera pasatu behar dira. Orain euskara lan hizkuntza izateko erronkan gabiltza, ez bezero aurrean euskaraz aritzeko soilik —zoritxarrez, Euskal Herriko alde askotan hartaraino ez gara heltzen—, beste pauso bat aurrera eman behar dugu.

EAEn, behintzat, Osasun ikasketak ia euskaraz ematen dira; graduondokoa eta MIR formazioan ez oraindik. Osakidetzako langilegoaren %40k euskararako gaitasun bat dauka, orain dela bi urte Osasun Zientzietako aldizkari zientifiko bat dugu —OSAGAIZ—, historia kliniko elebidunak lortzeko aurrerapen teknologikoen bidean gaude, lan zirkuitu euskaldunak lortzeko hastapenetan gaude… Baina zer falta zaigu oraindik? Erabakiak hartzeko ardura, gerente eta zuzendari medikoak hiztun aktiboak izatea, euskararen prestigioa gehitzea, eta jauzi kualitatiboak bultzatzea gure lan eremuetan, Donostiako euskara teknikariek egin duten GERTU programa edo Aitzinatu egitasmoa bezala Medikuntza Fakultatean.

Urratsak aurrera eramateko lidergo bat behar dugu, ez soilik goi aginte postuetan, baizik eta erdi mailakoetan, hor dago gakoa. Osakidetzako lehen planean argi geratu zenez, nahiz eta helburu apaletan jokatu, gerente edo zuzendariek oztopoak aukeren gainetik jarri zituztenez, lehen planaren helburu apalak ez ziren bete eta oraingo bigarren plangintzan ere antzeko zerbait gertatu daiteke —oraindik beste urte bi ditugu—. Gaur egun ospitaletako adjuntuei euskara ez bazaie eskatzen, beste hamarkada baterako hutsunea izango dugu ospitaleetan. MIR (BAME, euskaraz) berriei ez bazaie euskararen beharra azaltzen ere, ez harrera ekitaldian, ez beren formazioan, zail xamar izango dugu euskara beren lan hizkuntza izatea etorkizun hurbilean. MIR azterketa euskaraz eta guk kudeatuta izatea jarriko da EAEko estatutu berrian? Azkenean beti bezala erabaki politikoak behar dira, eta haien atzean gauzak argi dituzten politikariak, noski.

Nazioartean, Kanadako frantsesdunek, Ottawako adierazpenarekin, argi erakutsi digute norabidea, haiek gaixo frantsesdunei arreta frantsesez egiteko eskatu dute Kanada osoan, eta horrela nahiz eta Ottawan biztanleriaren %4 izan —Nafarroako Erriberan bezala—, hiri horretan frantsesez funtzionatzen duen ospitale bat dago. Hemen, Bizkaian, aukera bat izan genuen ospitale berri bat behetik gora euskaraduna sortzeko. Urdulizekoa, alegia; baina mediku euskaldun batzuen eskari horri ez zitzaion jaramonik egin eta aukera hori ere galdu genuen Uribe Kostako euskaldunok.

Bitartean, ez ditzagun aukerak galdu, Nafarroako Osabiden lehen urratsak egiten ari dira, eta Osakidetzarekin elkarlanean. Aurten OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak 28. Biltzarra antolatu du Arantzazun, eta datorren urriaren 25ean Osasun Zientzietako 3. Topaketak egingo dira Eibarko UEUren egoitzan, euskarak zientzietan egin dituen aurrerapausoak adibide hartuta. Ea aurtengo Euskaraldia 11 egun baino gehiago luzatzeko aukera izaten dugun osasungintzan gabiltzan euskaldunentzat. Erabakitzeko momentua heldu zaigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.