Paola Andrea Ararat. Komunitate Beltzen Prozesuko militantea

«Kolonbian, bakea lortzeko, bizitzarekiko ikuspegiak ulertu eta errespetatu behar dira»

Araraten iritziz, herri beltzak arazo bat du: «Gobernuak inposatu nahi duen garapen moldea». Uste du inpunitatea dagoela ekintzaileen aurkako jazarpenean, eta militarizazioak ez duela balio horri aurre egiteko.

PAOLA ANDREA ARARAT.
ander perez zala
2020ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Paola Andrea Ararat giza eskubideen eta lurraldearen gaineko eskubide etnikoen defendatzailea da, eta Komunitate Beltzen Prozesua mugimenduko militantea, besteak beste. Herri beltzaren eskubideei buruzko prestakuntza eskaintzen die kontseilu komunitarioak osatzen dituzten pertsonei, eta giza eskubideen urraketari buruzko kexak eta salaketak ere jasotzen ditu, haiei buruzko alertak edo komunikatuak ateratzen ditu eta arretarako ibilbide bat aktibatzen du. Gobernuarekin eratutako elkarrizketaguneetan parte harturikoa ere bada.

Ararat Euskal Herrian da egun, Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak zuzendu eta EAEko CEARek kudeatzen duen giza eskubideen defendatzaileak aldi batez babesteko programari esker. Sei hilabeteko harrera egonaldia eskaini diote.

Zer eragin izan du osasun larrialdiak beltzen komunitatean?

Pandemia modu oso indartsuan ari da eragiten gure komunitatean, 2016ko bake akordioetatik gatazkak sakondu egin direlako. Giza eskubideen arloan larriagotu da krisi humanitarioa. Itun horiekin, bagenuen itxaropena gauzak aldatuko zirela, gatazka amaituko zela, baina ez da halakorik gertatu, akordioa ez delako modu egokian ezarri. Gatazkak okertu egin dira.

Pandemiarekin, egoera are gehiago larritu da. Hasteko, osasun sistema prekarioa dugulako; gure komunitateetan gehienak urruti bizi dira, ez dute komunikatzeko modurik, errepideak egoera txarrean daude eta talde armatuen artean bada eremuei buruzko borroka bat, legeditik kanpo.

Hezkuntzaren ikuspuntutik, haurrak etxean daude, baina amek ez dute orientaziorik jaso, ez dakite nola bideratu behar dituzten haurrak, ez delako egon hezkuntza bideratzeko mekanismorik. Emakumeen kontrako indarkeria ere handitu egin da; egoera batzuen berri izan dugu, baina beste kasu batzuei buruz ez dakigu ezer. Egoera konplexua da, ama batzuek hiruzpalau haur baitituzte, eta laguntza humanitarioa ez baita beti iristen gure komunitateetara.

Aurten, 70 gizarte ekintzaile baino gehiago hil dituzte.

Inpunitate asko dago, tamalez. Ez dituzte argitzen hilketen arrazoiak, zer gertatzen den, eta zer mehatxuak eta jazarpen jasan behar izaten ditugun. Okerrena da eremu oso militarizatuak ditugula; adibidez, Cauca iparraldean, militarrak hedatu zituzten, gizarte buruzagien egoeraren harira. Gobernuarentzat, hori zen jazarpenaren aurkako irtenbidea, baina mehatxuak ez dira eten, eta jazarpenak bere hartan segitzen du.

Eremu militarizatu bat izateak gauzak okertzen ditu; estrategia aldatu behar da, gerrari buruzkoa aldatu, arazo sozial eta ekonomikoak aldatuko dituenaren alde.

Testuinguru horretan, nola daude beltzen erakundeak?

Nahiko kezkatuta. Erabaki dugu egoerari aurre egiteko plan bat osatzea, egoerak bete-betean jotzen gaituelako. Ez dugu edateko urik, komunikaziorik gabe gaude eta bide luzea egin behar dugu osasun postu batera iristeko. Beste baldintza batzuetan gaude.

Iragan urtean, Ivan Duque herrialdeko presidentearekin bildu zineten. Emaitza positiborik lortu al zenuten?

Iazko maiatzaren 4an, herri beltzaren buruzagien talde bat prozesu metodologiko bat egiten ari ginen gobernuarekin izango genuen bikura baterako. Prozesu hori duela hiru hamarkadatik bete gabe dauden 300 akordioribaino gehiagori buruzkoa zen. Egun horretan, arratsaldeko bostak aldera, eraso bat jasan genuen, eta, horren harira, presidenteak Nariñoko Etxera gonbidatu gintuen [estatuburuaren egoitzara]. Ordezkaritza bat bidaltzea erabaki genuen.

Presidentearekin hitz egin genuen, eta herri beltzaren agenda bat eta konpondu behar diren arazoen zerrenda bat eman genizkion. Ez dugu erantzunik jaso agenda hori betearaztearen inguruan, nahiz eta agenda horrek gure eremuetan topatzen ditugun egoerak aldatzeko balio duen. Erantzunaren zain segitzen dugu. Gainera, Duquek zin egin zuen Cauca iparraldera joango zela hitz egitera, baina hori ere ez du egin.

300 akordio horiek baliagarriak izan dira? Ezer lortu duzue?

Gauza batzuk betearazi dituzte, baina oso gutxi. Salvajinari [urtegiari] buruzko akordioak daude, 1986an egindako proiektu erraldoi bati buruzkoa, eta, garai hartan, arrakala kultural handiak izan ziren herri beltzaren komunitateetan. Gainontzeko akordioak lortu ditugu mobilizatu egin garelako; gure eskubideak urratzen dituzte, eta, akordioak paperean idatzi dauden arren, gero ez dituzte gauzatzen. Horregatik mobilizatu gara itun horiek betearaztearen eta gure komunitateen eskubideen alde. Arazoak konpon ditzaketen xehetasunak ez dituzte inplementatu.

Zer motatako akordioak dira?

Eskubide kolektiboei buruzkoak, kontsultei buruzkoak. Adibidez, gure lurretan egiten diren proiektu erraldoiei buruz, aurretiazko kontsultak proiektu horiek amaitzean egin dituzte, gauzatuta daudenean. Itun politikoagoak ere badaude, bizitza eta eremuaren osotasuna ahalbidetzen dutenak.

Duela 30 urte, 70 Legea lortu zenuten, zuen eskubideak aitortzen dituena. Aldaketarik sumatu zenuten egunerokoan?

Tresnak baditugu, baina ez dituzte errespetatzen, ez dago edukia betetzeko konpromisoa. Indar handiak egin behar ditugu irabazi duguna erabil dezaten eta aitor dezaten. 70 Legea aitorpen hori da, gure lurraldea gotortzeko eta eskubide kolektiboak defendatzeko balio du, baina oztopo handiak jartzen dituzte oraindik, komeni delako gutxiren aberastea eragiten duen askoren pobretzea.

Gure lurraldea etnikoki eta kulturalki aberatsa da, baina oso zatitua askotariko indarkeriak direla bide. Finean, estatuak onartzen duen indarkeria da, eta, militarizazioa eta kontrolak dauden arren, hor segitzen du. Horiek ez dira irtenbideak; erakundeek soluzio egokiak proposatzen dituztenean, ez dago koordinaziorako eta horiek ezarrarazteko tokirik.

Bazterrean utziak sentitzen zarete?

Bai, estatuaren partetik.

Nolakoa behar du bakerako bideak?

Bakea lortzeko, bizitzarekiko ikuspegiak ulertu eta errespetatu behar dira. Guk arazo bat dugu, eta hori da estatuak inposatu nahi duen garapen ikuspegia. Pilaketaren modeloa da, beste ikuspegi batzuen erdian jartzen dena. Gu denaren parte gara, horretara iritsi behar gara; halakorik lortu gabe, ezingo dugu lasaitasuna lortu. Elkar ulertu behar dugu bizitzaren ikuspegi horietan, eta helburu horri begira lan egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.