EUSKARA BATUAK 50 URTE

Tubalen hizkuntza eta batua

Blanca Urgell -

2018ko azaroak 3
Larramendik (1745) esaten zuen euskarak «bere antzinako garbitasun eta edertasuna» hain osoki gorde dituela, ezen Tubalek... «gipuzkoarrei entzungo balie, ulertuko bailieke hiztegirik eta interpreterik gabe, bere hizkuntza ahaztua ez balu, behintzat». Larramendi oker zegoen honetan: egiatan, euskara ere etengabe aldatuz joan da eta doa, aldaketa berezkoa baitute giza hizkuntza guztiek.

Aldaketaren zioak bat baino gehiago dira, kasuan kasukoak, eta horietako bat, ezin ezagunagoa, hizkuntza estandarraren eragina da, gure hizkuntzara berriki heldua. Euskara (batua) irakaskuntzan sartu izanak —besteak beste— hiztun mota berezi bat biziki ugaldu du, euskararen historian nekez aurkitzen dena: alfabetatua, etxeko mintzoa ez ezik, aldaki estandarra ere menderatzen duena. Oro har, pentsa genezake halako hiztunek badakitela bien artean bereizten, baina ezaguna da denborarekin prestigiozko aldakiaren ezaugarri batzuk hedatuz doazela norberaren mintzoaren ezaugarrien kaltetan. Horrelako zerbait dagoenekoz gertatzen ari da batuaren eraginez, gure dialektologoek deskribatu duten bezala.

Hiztun mota berezi horrekin batera, esan gabe doa, milaka hiztun berri gehiago sortu dira, euskara (batua) eskolan jaso dutenak, gehientsuek oso goizetik, hiruzpalau urteetatik edo are goizagotik ere. Hauei batu behar zaizkie nire seme-alabak bezalako hiztunak, eskolan ez ezik etxean ere batuera jaso dutenak, sarritan euskalkien eragin gutxirekin.

Honek guztiak Euskal Herriaren mapa zeharo aldatu du eta, zoria lagun, are gehiago aldatuko du ondoko hamarkada eta ehunekotan. Lurrikara bat da euskararen historian, aitor dezagun, ezarian-ezarian berez bezala aldatuz zihoan hizkuntza bat-batean eragin bakar (eta arrotz?) baten eraginez horren arin aldatzen ikustea. Espero izatekoa zenez, bada, erreakzioak sorrarazi ditu euskaldunon artean. Erreakzio onik gutxi ikusi dut, agian neure erruz; erreakzio erreakzionarioak, hots, atzerakoiak bai, dexente, etsi-etsian euren aitona-amonen euskararen oroipenean negar egiten dutenetatik hasi eta gasteiztarron euskara gutxiesten dutenetarainoko espektroan sar daitezkeenak.

Hizkuntza zaintzearen aldekoa naiz. Bizitza osoan ikasi daitezkeen —ikasi behar diren— zer horietako bat da hizkuntza, behin ere osoki ikasitakotzat jo ezin daitekeena. Barkaezintzat dut hizkuntza ez zaintzea norberaren ogibideak haren lehentasunezko erabilera inplikatzen badu: izan irakasle, idazle, saltzaile, esatari edo (baita ere, mesedez!) politikari. Hizkuntza formala, akademikoa, lagunartekoa eta etxekoa bereiztearen aldekoa ere banaiz, jakina, hizkuntzaren osasunaren seinale den heinean.

Alabaina, «mintzokeria» baztertzearen aldekoa ere banaiz. Hor ditugu bekokia zimurtzen dutenak azentuera «oker» bat entzunez gero. Euskararen mapetan Araba gehiena, Bizkaiko sartaldea eta Nafarroako hegoaldea sartzen ez dutenak «hori» ikertzea interesatzen ez zaielako. Ehunka estandar ñimiño sorrarazten dutenak, ez tokian-tokian erabil daitezen, bai zera!, baizik eta hizketan zein idatziz euren pedigria garbi ageri dadin. «Básoa» eta «basóa»-ren artean bereizten ondo-ondo ikasi arte, arnasguneetan jaiotako maisu-maistra zorrotzek gobernatuko luketen kontzentrazio-esparruetan sartuko gintuzketenak.

E! Baina hemen gaude euskara batuaz egiten dugunok. Hemen gaude eta, aizue, gelditzeko etorriak gara. Izan ere, dena ondo bidean, laster gehiengoa izango gara, VI. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera (2016), 16-24 adin tartean jadanik %54 eskolan euskaldunduak dira eta.

Halako bat ematen du, ezta? Baina garbi gera bedi: ez dugu —ez dute gazteek— inoren baimena behar euskaldunak izateko. Izan ere, euskara ez baitzaigu oparitu, baizik eta gure bekokiaren izerdiarekin irabazi dugu —hala nahita, gustuz, plazerez nahiz bortxaz izan—. Hortaz, gugatik euskara aldatuko da, bai, eta areago gure seme-alaben eraginez. Hala bedi. Zeren eta aldatzen ez diren hizkuntza bakarrak hildakoak baitira, izan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna