Savona bai, Savona ez

M5Sk Ekonomia ministrogaia aldatu nahi du Italiako Gobernua osatzeko, baina Legak ez du iritzi bera, eta nahiago du bozetara joan

ander perez zala
2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
M5S Bost Izar Mugimenduak eta Lega Nord alderdiak Ekonomia ministro kargurako aurkeztu zuten Paolo Savonak eztabaidaren erdian jarraitzen du. Luigi Di Maio M5Sko buruzagiak MatteoSalvini Lega Nord alderdiko presidenteari proposatu dio Savona ez den beste ministrogai bat aurkeztea, erabaki horrek egoera desblokea dezakeelakoan.«Bozkalekuetara goaz segituan, gobernu teknokratarik gabe eta denborarik galdu gabe, edo aldaketaren gobernua martxan jartzen saiatzen gara beste hautagai bat proposatuz», adierazi zuen atzo Facebooken. Baina Salvinik ez du begi onez ikusten jokaldi hori, eta, bi indarrek adosturiko akordioa berpiztuko lukeen arren, eskuin muturreko alderdiaren buruzagiak nahiago du bozetara joan. Akordioari eta gobernuari berriz eustearen aldekoa den arren, akordio originala nahi du Salvinik, eta akordio horretan adosturiko lantaldea.

Di Maiok proposaturikoaren arabera, Savonak gobernuan jarraituko luke, baina «beste portu batean», oraindik zehaztu gabe dagoen batean. M5S eta LegaNord ados jarriz gero, Giuseppe Conte izango litzateke, bigarrenez, bi indar politikoen lehen ministrogaia.

Sergio Mattarella Italiako presidentearen bozeramaileek atzo gaualdera adierazi zuten Di Maiok proposatutakoa «adi» aztertuko dutela. Oraingoz, eta bi indarren arteko balizko negoziazioen emaitzen zain, Carlo Cottarelli Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaritzako kide izandakoa da lehen ministrogai; ordea, gobernua osatuz gero, ez luke babesik izango parlamentuan, indar gehienek dagoeneko adierazi dutelako kontra bozkatu edo abstenituko liratekeela.

Bozkalekuetara bidean

Salviniri ondo datorkio hauteskundeetarako bidea hartzea berriz ere, azken inkestek baitiote haren alderdiarekiko babesa igo daitekeela bozak berriz egingo balira, eta horrek are gehiago handituko luke eskuineko koalizioan duen indarra eta zilegitasuna. Eta, Silvio Berlusconi berriz aurkez daitekeela kontuan harturik, Lega Norden buruzagiari komeni zaio Berlusconiren aurrean indartsu agertzea, eskuinaren lidergoa bermatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.