Miren Amuriza.
BIRA

Inkomunikazioa

2018ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Urduritu egiten naiz eguzkitako betaurrekoak jantziak dituztela zuzentzen zaizkidan ezagunekin (topo eginez gero bizpahiru minutuko elkarrizketa bat edukitzeko bezain hurrekoak izanagatik ere, betaurrekoak erantz ditzatela eskatzeko bezain lagun ez ditudanekin); hitz egiten ari zaizkizun bitartean irratiaren, telebistaren bolumena igotzen edo txiklea txipli-txapla mastekatzen dutenekin bezainbeste. Jokoz kanpo banengo lez sentiarazten naute, ez baitut jakiten harrokeria puntu batekin, erdi lotsatuta edo, gehiagoko barik, ezaxolaz zuzentzen ari ote zaizkidan.

Badira bereziki deseroso gertatzen zaizkidan batzuk: koloretako kristalak (ispilu efektua egiten duten horietakoak) erabiltzen dituztenak. Hasten zatzaizkie hizketan, eta zeure burua (zeure bekokitzarra, hobeto esanda) ikusten duzu beren betaurrekoetan islatuta, bikoiztuta. Eta halere, bankuko segurtasun kameren pantailatxoetako batekin berba egiten ari zarelako sentsazioa ematen badizute ere, solasaldi koherente samar bati eutsi behar.

Urduritu egiten naiz, bai, eguzkitako betaurrekoak jantzita zuzentzen zaidan jendearekin; norberari hitz egiten ari denean albora begira egoten denarekin, esaldi guztiak ni edo nik-ekin hasten dituenarekin, ingurukoek baino ozenxeago aritu behar izaten duenarekin... Eta, oro har, berdinetik berdinera komunikatzen ez dakienarekin bezainbeste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.