Onintza Enbeita.
BIRA

Hauteskundeak

2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Ohetik jaiki eta irratia piztu: ez dakit nongo mahaira mojak joan dira botoa ematera, halako lekutan biluzik agertu da beste bat, ez dakit zenbat herritan silikonaz itxita egon dira ateak, Araban hainbat mahaikide ez dira agertu... Lasai gosaldu, eta kalerantz abiatu: hor doa goiko baserrikoa, han bestea, urrutiko auzoko horrek ez du urte guztian herria zapaltzen, hauek ere hemen bizi dira... Norberak jendeari begiratzen dion moduan jendeak norberari begiratzen diola ohartu: atera egingo nuke botoa sobretik eta erakutsi, baina badakite hauek sobera ere nori emango diodan botoa. Mahaian txanda bat egin: nola karnetean ch-rekin daukazula abizena? Errekuentoa ez zait gustatzen. Herri txikietan denok elkar ezagutzen dugu, eta tentsioa egoten da. Gero, udaleko langileek giroa lasaitu nahi izaten dute, baina bakoitzak bereari begiratzen diogu beste guztiok. Broma gutxi. Guztiok jokatzen dugu zerbait hemen. Ospakizunak eta negarrak. Tabernara. Ez daude asko gure herrian; denok elkartuko gara leku berean, bai galtzaileak eta bai irabazleak. Guztiok ados Estatu Espainolean gertatzen direnak normalak ez direla azpimarratzerakoan.

Beste hauteskunde egun bat joan da. Oraindik ere asko falta da ustezko demokraziaren festa honetan herriak boterea izan dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.