Udal bozak baino zerbait gehiago

Istanbulgo alkatetzarako hauteskundeak berriro egingo dituzte gaur. Erdoganek eta oposizioak auzi nazional bihurtu dute lehia

Ekrem Imamoglu CHPko hautagaia, asteazkenean, Istanbulen. SEDAT SUNA / EFE.
mikel rodriguez
2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Turkian, aspaldian izandako lehiarik handieneko hauteskundeak izan ziren joan den martxoaren 31ko udal hauteskundeak. AKP Justizia eta Garapena Alderdia nagusi izan zen, bertze behin, alkatetzen %56 eta boto guztien %53 irabazita, baina aspaldiko galerarik handienak jasan zituen, hiririk handienetan galdu baitzuen; besteak beste, Ankara hiriburuan. Kolpea nabarmena izan zen, Istanbulen ere CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoa oposizioko alderdi nagusiaren hautagaia eman baitzuten irabazletzat, 14.000 boto eskasen aldearekin. Baina AKP ez zegoen herrialdeko harribitxia galtzeko prest, eta emaitzak inpugnatu zituen. Maiatzaren hasieran, Hauteskunde Batzordeak arrazoi eman zion, eta gaurko ezarri zuen bozak berriro egitea. Auzi nazional bihurtu dira boz horiek, Erdoganek berak errana baita: «Istanbul irabazten duenak Turkia irabazten du».

Erdogan bera Istanbulgo alkate izan zen lehen ministro izateko ekinaldia hasi baino lehen, 1994-1998 artean. AKPk haren hurbileko bat aurkeztu du alkatetzarako, Binali Yildirim lehen ministro ohia. Ekrem Imamoglu CHPko hautagaia izanen du arerio berriz ere. Erdoganek alkatetza postu horri ematen dion garrantzia baieztatzen du Imamogluk, martxoaren 31ko bozetara arte ez baitzen hagitz politikari ezaguna Turkian, eta, orain, oposizioko alderdi nagusiaren liderrik ospetsuen bilakatu da.

CHPk esperantza du AKPren hegemonia pitzatzeko, hiri handiena ere alkatetza nagusien zerrendara gehitu eta etorkizunean presidentegai izan daitekeen lider karismatiko bat sortuta. Hamabortz milioi biztanle inguru bizi dira Istanbulen, Turkiako biztanleen %12. Ankarak baino hamar milioi biztanle gehiago ditu.

Erdoganek martxoko hauteskundeen kanpainan erran zuen Istanbulgo hauteskundeak «hil edo biziko kontua» zirela. Hautagaia Yildirim bazen ere, presidenteak gidatu zuen kanpaina; bertzeak bertze, mitinak eman zituen, eta karteletan bere irudia zegoen. Joan den maiatzean, berriz, AKPko parlamentariekin Ankaran egin zuen afari batean ordezkari horiei eskatu zien ramadan osoa Istanbulen igarotzeko, alkatetzarako hauteskundeetan zentra zitzaten ahaleginak. «Epe motzean lehentasunezko garrantzia duen auzia Istanbulgo eremu metropolitanoko hauteskundeak dira», erran zien. Kanpainan, ordea, 180 gradu aldatu du jarrera; ia ez da ekitaldi bakar batean ere agertu, eta AKPk Istanbulgo barrutietako alkatetzen bi heren dituenez, hirikoari garrantzia kendu dio, eta erran «dendaren erakusleihoan aldaketa soil bat baino ez» dela izanen.

Kurduen giltza

Hauteskundeen gakoetako bat Kurdistanen burujabetzaren aldeko HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko boto emaileek izanen dute —iazko parlamenturako bozetan milioi bat baino gehiago bildu zituen Istanbulen—. Martxoan bezala, HDPk Imamogluren aldeko botoa eskatu du, baina zalantza sortu du Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buruzagi espetxeratuaren izenean aste honetan argitaratu duten mezu batek. Ocalanek HDPri eskatu dio «hirugarren bidea» izateko, eta ez izateko «oraingo hauteskunde prozesuen parte eta eustorma». HDPk ohar batean adierazi du «hirugarren bidea» dela, eta ez duela kontraerranik ikusten Ocalanen deiaren eta Istanbulgo udal hauteskundeetan defendatzen duen jarreraren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.