EUSKARA BATUAK 50 URTE

'Gira'-tik 'gara'-ra: ate bat mundura

Eneko Bidegain -

2018ko urriak 27
Gogoan dut nerabezaroan kostatzen zitzaidala onartzea gara idaztea. Gurea gira zen, hori zen naturala, etxekoa; hori zen zinezko euskara. Gara artifiziala zen, beste batzuena. Zorionez, aski laster ulertu nuen batua ere enea zela. Hainbat eragilek lagundu bide ninduten begiak irekitzen; horietatik nagusia Euskaldunon Egunkaria zen. Zenbatek ez dugu entzun, maiz frantses garbian, «zu baino euskaldunagoa naiz!» edo «zuk baino mila aldiz hobeki dakit euskara!»?... Nahiz eta gero batzuek, boza apalduz, zuzendu: «Batuan ez, bistan da...».

Garbi dut euskara batuak ireki dizkidala ateak, eta euskara batuan alfabetatua izateak eman zidala aukera egunkari nazional batean euskaraz lan egiteko eta, geroago, euskal unibertsitate batean irakasteko. Batua baztertu izan banu, ez delakoan «etxekoa», edo «artifiziala» delakoan, frantses jasoan beharko nukeen gehiago trebatu eta frantsesez egin kazetaritza edo irakaskuntza. Hots, ez nuen lan eginen euskal giroan, eta beste ingurune batean iraganen nituen azken hogei urteak. Batuari uko egin izan banio, ez nuen ezagutuko ene hizkuntzan lan egiteak ematen didan zoriona. Alderantziz, hizkuntza zapaltzailean eta enea ez denean lan egiteak eragingo zidakeen tristurak beteko ninduen, hain segur, tristura horren kontzientziarik gabe. Frantses giroan lan egin izan banu hogei urte hauetan, beste bat nintzateke, gaur egun.

Horregatik, nekez ulertzen dut 2018an, nire nerabezaroko kezka haietatik ia 30 urte pasatu eta gero, batzuek jarraitzea batuaren artifizialtasunaren ideiarekin. Urtero baditugu ikasleak euskalkirik ez izateagatik lotsatzen direnak, nahiz eta euskara maila bikaina eduki. Urtero badauzkagu franko trakets idazten dutenak, eta beren trakeskeria euskara batuan ez moldatzeari eta euskalkia bakarrik jakiteari egozten diotenak, erdi harro, haiek zinezko euskaldunak direlako erakusgarri gisa. Funtsezko arrazoia da, noski, euskaraz ez direla behar bezala alfabetatu eta ez direla trebatu idatzizko komunikazioan, ez euskara batuan, ez beren euskalkian (ea nork dakien, benetan, mintzatzen den bezala idazten; eta ea nori egiten zaion eroso halako testu bat irakurtzea, bere euskalkian idatzia bada ere). Alabaina, haien ikaskide euskalkidun anitzek, aldiz, badute gaitasuna batuan idazteko. Beraz, euskalkia ez da arazo batuan aritzeko. Kontua da hizkera formala erabiltzen jakitea.

Informala euskalkia eta formala batua dela erratea eztabaidaz nahastea da, eta mesede egiten die euskara ahul ikusi nahi duten horiei. Hain zuzen, informala ere izan liteke batua. Frantsesak, adibidez, baditu bere hizkera informalak, eta hizkera informalen arteko mugak ez dira geografikoak, baizik eta belaunaldien artekoak, belaunaldiek sortzen baitituzte beren hitzak eta esaerak. Euskarak falta badu hizkera informala, ez da euskalkietatik urrun delako, baizik eta hizkuntzaren erabilera urriak eragiten duelako hizkera informalik ez garatzea.

Euskara batuaren prestigio faltaren errua ez da ez euskara batuarena, ez euskaldunena. Hori zuzen-zuzenean dator gure herriaren zapalkuntza linguistikotik eta administratibotik. Frantziak eta Espainiak mendez mende zokoratu dute askatasun politikorik ez duen gure herriaren hizkuntza; eta oraino zokoratzen dute, sinetsaraziz haren balioa etxera eta lagunartera (hots, euskalkira) mugatzen dela, eta ez daitekeela izan hizkuntza nazionala. Herri batua bagina, euskara batuaren premiaren kontzienteagoak ginateke. Euskara ez balitz hizkuntza gutxitu bat eta euskarazko komunikabideak eta kultura ez balira marjinalak, euskara batua anitzez naturalagoa litzateke.

Euskalkiei deus kendu gabe, eta euskararen aberastasun iturri direla kontuan hartuta, garbi utzi behar da herri proiektuaren sendotzea euskara batutik etorriko dela. Euskarari ere batuak emanen dio indarra, euskalkien mehatxua ez baita euskara batua, baizik eta frantsesa eta espainola.