Albistea entzun

HEZKUNTZA BIDEGURUTZEAN (IX)

Euskal hezkuntza sistema birplantzeatzeko garaia da

Eli Lamarka Iturbe eta Maribel Lopez de Luzuriaga Alonso - Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea

2021eko otsailak 19

Hezkuntzaren pribatizazioa eta horren ondoriorik larrienetakoa den segregazioa mahai gainean jarri eta sistema birplanteatzeko garaia dela ozen esan genuen joan den abenduaren 14an Topagunea osatzen dugunok: Gasteizko, Oiongo, Bilboko, Santurtziko, Oarsoaldeko, Astigarragako, Donostialdeako eta Lasarte-Oriako plataformek eta Ordiziako Euskal Eskola Publikoko Komunitateak, EHIGEk, HEIZEk, Goieskolak, Ikasle Sindikatuak, Ikasle Ekintzak, Gazte Komunistek, Ikasle Abertzaleek, Steilasek, LABek, ELAk, ESK-k eta CCOOk.

Topagunearen izenean idaztea erraza ez bada ere, askotarikoak garelako, adostasunak lortu ditugu. Gure aldarrikapen eremua mugatua da lurraldeari dagokionez: EAEko hezkuntza sistemaren kudeaketa salatzera gatoz, eskola publikoaren defentsan. Gizarte kohesioa helburu, kalitatezko hezkuntza inklusibo, euskalduna eta laikoa lortzeko urratsak ematea eskatu nahi diogu Jaurlaritzari.

Diagnostikoa

EAEko hezkuntza-sistema aztertzean, nabarmena da eskola publikoa ez dela egon azkeneko gobernuen lehentasunen artean. Aitzitik, eskola publikoa indartu eta bere finantzazioa handitu ordez, ikastetxe pribatu guztiei kontzertazioa eman eta mantendu diete, baita gizarte kohesioari bizkarra ematen dioten ikastetxeei ere (generoaren arabera segregatzen dutenei zein baliabide gutxiko ikasleei ateak ixten dizkietenei, besteak beste).

Erkidegoan, ikasleen %50,18 baino ez dago sare publikoan (Europako azkeneko postuetan), eta %49,82 sare pribatuan (%25,46 Kristau Eskolan, %14,04 Ikastolen Elkartean, eta %10,32 beste enpresa pribatuetan). Espainiar estatu osoan hezkuntza itundu pribatu gehien duen autonomia da, baita diruz lagundu gabeko irakaskuntza pribatu gutxien duena ere (%0,8).

Atzerriko ikasleen %67 sare publikoan dago eta %33 itunpekoan. Bekadunen kopurua ia hirukoitza da sare publikoko haur eta lehen hezkuntzan, itunpeko sarearekin alderatuta. Jakina da salbuespenak badaudela, baina joera orokorrak argi daude: eskola publikoa da, ikasle zaurgarrienak jaso, hezi eta euskalduntzen dituena.

Espainiar estatuan hezkuntzan ezarritako sistema dualaren (publikoa eta pribatu-itunduaren) antolakuntza, EAEn ez da salbuespena; are eta gehiago, sistema dual horretan sakondu egin da, sare publikoa bigarren mailara baztertzen joan delarik. Guztion diruz finantzatutako sistema diskriminatzailea eta segregatzailea da.

Publiko-pribatu kontuari heldu gabe, nekez helduko diogu segregazioari. Izan ere, salbuespenak salbuespen, hezkuntzan gero eta arrakala sakonagoa dago herri edo auzo bereko eskola publikoen eta pribatuen artean nagusiki; arrakala soziala areagotu egin da gizartean azken urteetan, eta eskola honen ispilu eta akuilu bihurtu zaigu. Pribatizazioak segregazioa dakar hezkuntzara, adituek hori diote, eta batzuek ikusi nahi ez duten arren, kaltegarria da jendarte osoarentzat.

Badago zereginik

Herri bezala, gure kultura eta hizkuntza mantendu eta sendotu nahi badugu, ikasle oro horren parte sentiarazi behar dugu, haien egoera sozioekonomikoa, etnia, familiaren jatorria edo etxeko hizkuntza edozein izanda ere. Nekez lortuko dugu hori maila sozioekonomiko erdi eta altuko ume autoktonoak besteengandik aldenduz, eta beste ondare kulturalak eta errealitateak aintzat hartzen ez baditugu. Zer motatako gizartea nahi dugu? Aniztasuna gure artean dagoela jakinda, elkarri bizkarra eman eta elkarrekiko beldurra sustatu behar ote dugu? Bizi-baldintza hobeak dituzten umeen ikastetxeak sortu eta mantendu, egoera zaurgarria pairatzen dutenak aparteko ikastetxeetan baztertzen ditugun bitartean? Batzuei aniztasuna ezkutatu eta besteei espektatibak moztu? Bi abiadurako hezkuntza sistema, klasista, arrazista eta injustua?

Azken hamarkadetan 2008ko krisiak lehen eta pandemiak orain, agerian utzi dute zein garrantzia duten zerbitzu publikoek guztion ongizatea bermatzeko; baina, gero eta joera handiagoa dago zerbitzu publikoak ahultzeko eta hezkuntza negozio bihurtzeko.

Jaurlaritzari sare publikoaren aldeko apustu sendoa egitea dagokio, diru nahiz baliabideak modu integralean kudeatuz eta planifikazioan ikasle guztiak kontuan hartuz. Sistema inklusiboa eraiki beharko luke kohesio soziala bultzatzeko. Hezkuntza publikoak baliabideak behar ditu erronkei aurre egiteko, baita segregazioarekin bukatzeko politikak ere: matrikulazioko azpijokoen kontrola egin, legez kanpoko kuotak kobratzea ekidin, kontzertazio unibertsalarekin zein itunpeko ikastetxeen mesederako eskola publikoan gelak ixtea ahalbideratzen duten mekanismoak alboratu, gela berririk ez itundu publikoan plaza nahikoak daudenean; 0-3 publikoa doakoa izatea... Hau da, publikoa sustatzen duten politika aktiboak ezartzea, askotariko ikasleen presentzia ikastetxe mota guztietan bermatzeko.

Honen harira, ikastetxeak publiko bihurtzeko prozeduretarako araudiak eta mekanismoak sortu behar dira.

Hezkuntza lege berria

Hezkuntzako lege berria agindu digute azken legealdi guztietan, eta orain Jaurlaritzak 2024rako aurreikusten duela jakinarazi du. Lege berri bat izateak, berez, ez du ezer hobetzen ez badie heltzen aipatutako arazoei. 2017an Hezkuntza Sailak hezkuntza eragile batzuei (sindikatuei ez) gonbita egin zien legearen oinarriak eztabaidatzeko. Prozesu hartatik ustezko Akordioa atera zen, eskola publikoko eragile guztiek gaitzetsi zutena. Izan ere, ez zen diagnostiko sakonik egin eta tratatzeko gaiak Jaurlaritzak aurretik mugatu zituen. Finantzazioa, segregazioa, gure hezkuntza sistema propioa eraikitzea oztopatzen duten Madrileko injerentziak eta beste hainbat gai kanpoan utzi ziren; sistemaren arazo nagusiari heldu gabe gelditu ziren, hain zuzen. Bitartean, sare pribatuko ordezkariek akordioa txalotu zuten aho batez; haiek argi utzi dute lege berria nahi dutela, lehenbailehen, haien finantzazioa hobetuko duelakoan.

Bukatzeko

Eskola Publikoa denontzat sortua eta eraikia da, zerbitzu publiko doakoa eta unibertsala eskaintzen duen bakarra delako. Inklusiboa, euskalduna eta laikoa da, aniztasunean eta hezkidetzan konprometitua, berdintasunean eta kalitatean oinarritua, eta ikasle guztien hezkuntza integrala eta gizarte kohesioaren alde egiten du. Edonork propio senti dezakeen eskola da eta hau guztia ahalbidetuko duten baliabidez hornitua behar dugu. Gure hezkuntza sistemak duen arazo nagusiari irtenbidea ematea, alegia, segregazioarekin bukatzea, hemen eta gaur lortu daiteke. Eusko Jaurlaritzaren esku dago, eskumen gehiago behar izatearen aitzakia alde batera utzita, bere borondate politikoaren baitan.

BIHAR
Irati Tobar Eguzkitza (LAB): 'Hezkuntza Lege propio eta burujabeak'.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna