Mendekuaren mehatxupean

Poliziaburu baten hilketa argitzeko asmoz, polizia operazio zabal bat jarri dute abian Kenyako Rift bailaran. Ustez segurtasun indarrek bahitutako sei gazte hilik agertu dira, tortura zantzuekin

Pokot etniako gazte talde bat. OSKAR EPELDE.
Oskar Epelde Juldain.
Nairobi
2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Rift iparraldean (Kenya) ezkutatuta, abeltzaintzatik bizi diren ekialdeko pokoten hurrengo belaunaldiek ez omen dute ahaztuko gertatuko dena, hiltzaileek euren buruak entregatzen ez badituzte. Horixe esan zuen Fred Matiang'i Barne ministroak, hain zuzen, Kapedora bidali zuen poliziaburu bat, Emadau Tebakol, segada batean erori eta hila izan ondoren (urtarrilaren 17an). Biharamunean, erasotzaileak hiltzea helburu zuen polizia operazio bat jarri zuten martxan, eta egoera are gehiago okertu zen horrela.

Orain, gaizkileen indarrak ahultzeko aitzakiapean, erabateko kontrola ezarri dute, eta herritarrek arazoak dituzte janaria eta erregaia eskuratzeko. Zaila da kazetarien lana ere. Herritarrak hitz egiteko beldur dira, baita telefonoz aritzeko ere, segurtasun indar bereziak gainean dituztelako une oro, eta jakinaren gainean daude edozer gauza gerta daitekeela aginduei aurre eginez gero. Kontraesana badirudi ere, polizia operazioa abian den arren, zaila da horri buruzko informaziorik aurkitzea sareetan.

«Polizia da lehenengo susmagarria», esan du IMLU Osasun eta Lege Aholkularitza Independenteko zuzendaria den Peter Kiamak, Arabalgo sasien artean aurkitu dituzten hilotzen azterketa egin eta gero. Tortura aztarnak zituzten, eta heriotza zauri guztiak antzekoak ziren. «Ondo trebatutako eskuek egindakoak», Kiamaren esanetan. Adierazpen horiek Kenyako egunkarietan argitaratu zituzten otsailaren 2an, baina gaiari buruz plazaratutako azken artikuluak izan ziren. Biktimek Tebakolen hilketarekin zerikusia zutela hedatu zen hamaika xehetasunez hornitutako zurrumurruen bidez, eta, geroztik, inork ez du gertatutakoari buruz galdetzen.

Gerora hilik agertuko ziren sei gazteak urtarrilaren 19ko ilunabarrean harrapatu zituzten, Txemolingot herriko klub batean. Paul Kosgei zen haietako bat. Lekukoen arabera, segurtasun indar bereziek zazpi lagun bahitu zituzten. Kosgei ez beste guztiak bertakoak ziren, pokotak. Kosgei bera eta bahituetako beste bi hautetsiak ziren. Bata irakaslea zen, eta bestea, Hauteskunde Batzordeko ordezkaria Tiatyn bertan. Kosgei giza baliabideen arduraduna zen eskualde berean. Zenbait zurrumurruren arabera, Kosgeik auto ofiziala erabili zuen gaizkileentzako armak garraiatzeko. Haren alargunak, ordea, ukatu egin zuen gaizkileekin zerikusirik zuela.

Zazpi gazteak harrapatu ondoren hainbat iturriren arabera, polizia zen zazpigarrena, pokoten eskualdearen hegoaldeko ertzeraino eraman zituzten. Hurrengo egunean jakinarazi zuten kaleko arropekin jantzitako sei gizonen gorpuak aurkitu zituztela mendian. Hasieran, Rift bailarako notario George Natembeyak ez zuen hildakoen izenik eman. Soilik esan zuen aurreko gauean han inguruan eraso bat izan zela,eta 50 behi lapurtu zituztela.

Salbuespen egoera

Kapedoko ingurua «eremu nahasi» deklaratu zuen gobernuak urtarrilaren 25ean. Pokoten lurraldeko eskolak itxi egin zituzten polizia operazioak irauten zuen bitartean. Errepide bakar eta bakartian hainbat polizia kontrol jarri zituzten, eta bertako hautetsi ezagunenak polizia etxera eraman zituzten behin baino gehiagotan, haiek ere erasotzaileekin zerikusia izan zezaketelakoan. Harrez geroztik etxean daude, baina isilik, bai William Kamket Tiatyko diputatua, bai Nelson Lotela Silaleko eskualdeko legebiltzarreko kidea.

Ez zaie oraindik ahaztu 2017ko hauteskunde garaiko lehorte hartan gertatutakoa. Armak eskuan, morani pokotek, euren abereentzako belarrik aurkitzen ez omen zutelarik, inguruko belazeetan sartu zituzten, eta, ordainetan, segurtasun indarrek tiroka hil zizkieten behiak. Urte hartako otsaileko gau batean, hautetsi bat eta hautagai bat hil zituzten Marigateko klub batean. Gero, ustezko Polizia talde batek Thomas Minito Tiatyko Legebiltzarreko ordezkaria bahitu zuen Kabarneteko jantoki batean, eta, egun batzuen ondoren, Kenya erdialdeko Athi ibaian agertu zen haren gorpua.

2018ko uztailean, berriz ere ustezko poliziek Nelson Lotela bahitu zuten, baina, haren gidariak bahitzaileen kotxearen zenbakia hartu eta salaketa jarri zuelarik, bizirik agertu zen. Ez dira horiek, hala ere, pokot politikarien aurkako krimen bakarrak.

Armak, eskura

Gobernuak esan ohi du abereen lapurreta eta salmentarekin aberastutako «mafiak» direla pokotak. Baina pokot guztiak ez dira lapurretan aritzen. Gaizkiletzat jotzen dituzten horiek helduen aholkuari jaramonik egiten ez dioten gazteak direla dio Kapsukumek: «Eskola utzi behar izan duten gazteak dira; Ak-47a eskuratzen dutelarik, ezin dira ezer egin gabe eserita geratu».

Iparraldeko mugan, turkana etniako herritarren abere taldeei erasotzen diete tarteka, bereziki lehortearen astinduz baliabideak murrizten direnean. Hegoaldeko Mukutani eta haratagoko Arabalen masai eta tugen abereak ere lapurtu izan dituzte azken urteetan, eta heriotzak ere ez dira falta izan.

Bortxazko jarduera horiek, ordea, ez diote onurarik ekartzen pokot herriari. Seme-alabak eskolaratzeko edota sendabideak eskuratzeko aurkitzen dituzten zailtasunez mintzo ohi dira Komolionetik gora bizi diren komunitateak. Neskak harrapatuta gelditzen dira gabezietara egokitutako kultura baten halabeharrezko ezkontzetan.

Mutilek, eskola utzi badute, abereen atzetik mendira joatea beste aukerarik ez dute, lan berririk nekez sortzen baita, eta komunitatearen diru iturri nagusia abeltzaintza baita.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.