Nire ahizpa defendituko dut

Oihana Etxebarrieta Legrand eta Monika Plazaola
2018ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Nire ahizpa defendituko dut oihukatu genuen Iruñeko San Ferminetan talde bortxaketa burutu zuten gizonezkoen kontrako epai lotsagarria jaso genuenean. Nire ahizpa defendituko dut oihukatu genuen berriz ere bost gizon horiek baldintzapean aske utzi zituztenean. Nire ahizpa defendituko dut oihukatu genuen Martxoaren 8ko manifestazio feminista jendetsuetan. Nire ahizpa defendituko dut oihukatzen jarraitu beharko dugu emakumeonganako eta gorputz disidenteonganako indarkeriak sistematikoa izaten jarraitzen duen bitartean.

Eta gaur, nire ahizpa defendituko dut oihukatu nahi dugu, sareetan emakume feministok hitza hartzen dugun bakoitzean jasotzen ditugun eraso horien guztien aurrean. Gaur, Irantzu Varela defendituko dugula esaten dizuegu, Pikara Magazineko kazetariak defendituko ditugula, sare sozialetan hitza hartzen duzuen feministak defendituko zaituztegula esan nahi dizuegu, espazio publikoan hitza hartzen duzuen emakumeak defendituko zaituztegula adierazi nahi dizuegu.

Azkenaldian, sare sozialetan eta espazio publikoetan, kide feminista askoren kontrako jazarpen ikaragarria ari gara ikusten, eta gorroto matxista hau antolatutako kanpaina baten ondorioa da. Ez dira lau ero, hiltzaile matxistak kasu bakanak ez diren bezala. Patriarkatuaren seme osasuntsuak dira. Eraso matxista antolatu horiek bide onetik goazela erakusten digute, baina ezin dugu hori aitzakiatzat erabili, eta duten eraso izaera argi izan behar dugu. Antolatutako matxista, arrazista eta klasista horiek guztiek helburu bat baitute, gu espazio publikoetatik botatzea. Feministak, sistemaren oinarriak zalantzan jartzen ditugunak, pribilegioak agerian uzten ditugunak… Jomugan gaituzte, eta ezin dugu atzerapausorik onartu.

Feministok, kapitalismoak bultzatzen duen indibidualismoaren aurrean, elkarri aitortza eginez komunitate feminista osatzen dugu. Jatorri, testuinguru, bizipen ezberdinak ditugu, eta horiek aintzat hartuz batzuok gure pribilegioak aitortu behar ditugu, beste batzuek euren askotariko diskriminazioak aldarrikatu behar dituzten bitartean. Eztabaidatzen dugu, ideiak partekatzen ditugu, elkar aberasten dugu, geure burua errebisatzen dugu, azken finean, elkar indartzen dugu.

Zeharo eraldatzailea den bide horretan gure kideak diren aktibista feminista horiek behar ditugu. Bazterretatik astintzen gaituzte, interpelatzen gaituzte, irakasten digute, etengabe informatzen gaituzte eta, besteak beste, sare sozialek eskaintzen duten espazioa baliatzen dute horretarako. Ez diezagutela ken.

Agian, ez gara egongo esaten den guztiarekin ados, baina entzuteko prest gaude, ikasi nahi dugu, eta zuokin eztabaidatu nahi dugu. Behar zaituztegu. Behar ditugu zuen hitzak, behar ditugu zuen ikuspegiak. Eta ez dugu zuek isiltzerik nahi. Ez dugu onartuko, ez dugu permitituko. Baina badakigu eraso handiak jasotzen ari zaretela. Ahoa zabaltzen duzuen bakoitzean, ederki antolatutako erantzun (eraso) matxista ugariri egin behar diezue aurre. Irantzu Varelak berak, EH Bilduk antolatutako Indarkeria Matxistei buruzko jardunaldi batzuetan adierazi zuen bezala, hasieran, sareetan jasotzen ziren eraso horiek guztiak gutxiestera jo izan dugu, baina uste dugu heldu dela garaia nahikoa dela esateko. Sare sozialek duten zabalkundeak eragin handia izan du Martxoaren 8an ikusi genuen feministon indar erakustaldian (ez soilik horrek, noski. Aurretik mugimendu feministak egindako lan guztia ezin dugun ahaztu).

Feministok plazetan eta kaleetan aldarri ozenak ditugu ahotan: bati eraso egiten diotenean denoi eraso egiten digute; erasorik ez erantzunik gabe; nire ahizpa defendituko dut. Plaza birtualetara, sare sozialetara zabaldu behar ditugu zentzu osoa duten lelo hauek. Sare sozialetan ere gutariko bati erasotzen badiote, denoi erasotzen digutelako. Euskal Herrian bizi izan ditugun azken mobilizazio erraldoiek argi utzi dute: ez dago gure hitza epaituko duenik. Mezu hau zabaldu nahi dugu lau haizeetara, komunitate feminista gara, eta beti, gure ahizpak defendituko ditugu, erasoen kontra, indarkeriaren kontra, justiziaren kontra, defenditu eginen ditugu gure ahizpak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.