Italiako Giroa

Indarrez ere irabazten du

Arnaud Demarek laugarren garaipena lortu du Giroan, esprintean. 300 metro falta zirenean jo du esprinta, eta aise gailendu da frantziarra

ainara arratibel gascon
2020ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Peter Saganek (Bora) hainbeste desio zuen garaipena lortu eta gero, berriro ere Arnaud Demareren nagusitasuna bueltatu da Giroko esprintetara. Groupama FDJko txirrindulariak irabazi zuen atzo Porto Sant'Elpidio eta Rimini arteko etapa, eta laugarren garaipena lortu du aurtengo lasterketan. Sasoi honetan hamalaugarren garaipena du frantziarrak. Abiaduragatik ez ezik, indarragatik ere irabazten duela erakutsi du oraingo honetan. Oraintxe tropeleko esprinterrik osoena dela berretsi zuen. Bernard Hinaultekin batera, Giroaren aldi batean lau etapa irabazi dituen frantziar bakarra da.

Herenegun Giroa hankaz gora jarri zen, koronabirusagatik Jumbo Vismak eta Mitchelton Scottek lasterketa utzi baitzuten. Atzo, lasaiago izan zen eguna. Etapa Giroko 11. zen, Emilia Romagna probintziaren barruan, Italiako turistikoenetakoan. Esprintean amaitzea espero zen ihesaldi batek aurrera egin ezean.

Horretan ahalegindu ziren bost txirrindulari: Mattia Bais (Androni), Fabio Mazzucco eta Francesco Romano (Bardiani), Sander Armee (Lotto Soudal)eta Marco Frapporti (Vini Zabu). Gehienez hiru minutu eta erdiren aldea lortu zuten. Etapa amaitzeko 40 kilometro falta zirenean, Armeek eta Baisek aurrera egin zuten.

Groupama FDJk, Cofidisek eta UAEk egin zuten kontrol lana tropelean. Baina 35 kilometro falta zirenean Cofidisek tiratzeari utzi zion. Izan ere, haren esprinterrak, Elia Vivianik istripua izan zuen antolakuntzako motor batekin.

Armeeren eta Baisen errenta bi minutu eta erdian egonkortu zen. Armeek garaipena nahi zuen. Hortzak ondo estutu, eta aurrera egin zuen. 25 kilometro falta ziren, eta ez zizkion gauzak erraz jarri tropelari. Ineosek eta Deceuninckek lagundu behar izan zuten. Izan ere, hamar kilometro falta zirenean oraindik Armee aurretik zihoan. Lan hori ondo etorri zitzaion Groupamari, ez baitzituen txirrindulariak behartu behar izan. Sei kilometro pasatxo falta zirenean harrapatu zuten Armee.

Esprinta gertu zegoen. Ohi bezala, Ignatas Konovalovas eta Jacopo Guarnieri taldekideek ondo babestu eta kokatu zuten Demare. 300 metro faltan, hanketan duen indarra eta abiadura erakutsiz, esprinta jo eta irabazi egin zuen frantziarrak. Bigarren izan zen Sagan, eta hirugarren Alvaro Jose Hodeg (Deceuninck). Haren taldekide Joao Almeidak lider segitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.