BIRA

Biharamuna

Onintza Enbeita -

2018ko abenduak 16
Abenduak hamasei ditu gaur. Bilboko Kale Nagusian jende gutxi dabil. Dendak itxita daude, eta iluntzera arte ez dute gabon argirik piztuko. Gehiago dira alboko bazterretan pintxoren bat eskuan hitz aspertuan ari direnak. Mezetara joango zenik ere izango da. Miribillan bertan ez dago elizarik, baina errotondako Eliza Ebanjelistan izango zen gaur jendea. Athleticek ez dauka partidarik, eta San Mames ingurua triste bezain huts dago: trafikorik ere apenas dago. Barrenkalen daude betikoak, betiko tabernetan, Marianito eske. Umeak Areatzara joan dira txinboetan ibiltzeko, eta Balentinek serio zaindu ditu denak gurasoek egunkaria irakurtzen zuten bitartean. Albia inguruetan Ruper Ordorika ari da soinu probak egiten, ze gauean asteburu honetako bigarren zuzenekoa dauka. Sabino Aranak epaitegiari bizkarra emanda jarraitzen du tente eta lasai, eta Ledesmako inguruan jendearen sartu-irtena handia da. Turista batzuk heldu dira Guggenheimera eta turista antza izan arren, bertakoak direnak erreka inguruan ari dira pasieran. Korrika ere bai batzuk. Santutxun sei izarren omenezko krosa egiten dute eta prestatu egin behar da. Eta agian bat, edo bi asko jota, Otxarkoaga edo Errekaldeko zoko batean, bertso ajez esnatuko dira. Eta hor ibili ginen gu, mundua Miribillan hasi eta amaituko balitz lez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna