Onintza Enbeita.
BIRA

Zaintza

2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Lasaitzeko, mantrak egiten dituela esan dit. Zahar egoitza batean lan egiten du. Apenas daukate euren burua eta egoiliarrak babesteko materialik. Lehengoan mezu bat bota zidan zaharrentzat tostadak egin zituela esanez. Ez da bere lana, baina ardo gozo eta guzti eraman zizkien triste ikusten dituelako: «burua ondo dutenek, sikiera, irribarre bat egin dezatela». Gorabehera emozional handiak dituela ere kontatu zidan: zaharrak bakarrik daude, bisitarik gabe, batzuk berrogeialdian, bakarrik hiltzeko arriskuan. Egoera horretan kosta egiten ei zaio lasai egotea. Eta nik ez daukat esateko ezer egokirik.

Argi dauka birusa aldean izateko aukera handiak dituela: lanera joateko kalean ibili behar du. Bere burua eskaini du, beharrezkoa balitz, egoitzan lo egiteko. Material egokirik gabe ari dira lanean bera zein bere lankideak: inor kutsatzeko moduan eta inork kutsatzeko moduan. Gure zaharrak zaintzen ari dira: gu baino lehen izan zirenak. Eta hori da kapitala lehenesten duen sistema honetan zaintzaileei ematen zaien tratua. Euskal oasiaren hutsuneak nabarmenak dira. Gizarte Zerbitzuetan inor baino aurrerago gaudela esateari utzi egin beharko zaio. Oso txarto dagoena baino hobeto egotea kontsolamendu eskasa da. Bizitzaren zaintzaz, gure bizitzen zaintzaz, hausnartzeko asko daukagu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.