Koronabirusa munduan

Haurrentzako txertoak banatzeko zailtasunak daudela salatu du Unicefek

Elgorriaren eta polioaren aurkako txertorik gabe gera daitezkeen artean daude, besteak beste, Niger eta Kongoko Errepublika Demokratikoa

Neska bat elgorriaren aurkako txertoa hartzen, Sanaan, Yemenen. Y. A. / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
COVID-19aren ondorioz piztutako krisiak, egunerokoan ez ezik, giza laguntzan ere ondorio larriak izan ditu. Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtseko eledun Marixie Mercadok ohartarazi du herrialdeek ezarritako segurtasun neurriek ia ezinezko egiten dutela haurrentzako txertoak eskuratu eta banatzea. Horiek hala, gobernuei eta sektore publiko eta pribatuei eskatu die aurki dezatela modua garraioari ezarritako murrizketak gainditzeko. «Murrizketek eta hegaldien prezioak igo izanak —kasu batzuetan %100 eta %200 artean igo dituzte— ezinezko egiten dute gure lana».

Unicefek ohartarazi du baliabide gutxien dituzten herrialdeetan milaka haur gera daitezkeela elgorriaren eta polioaren aurkako txertoa jaso gabe. Iaz, esaterako, 2.400 milioi txerto banatu zituzten ehun herrialde baino gehiagotan. Aurtengo urtea hasi zenetik, ordea, %70 eta %80 artean jaitsi da banaketa.

Txertaketa kanpaina eteteko arriskua duten 26 estatuen artean daude Benin, Niger, Tajikistan, Salomon uhateak eta Kongoko Errepublika Demokratikoa. Azken horretan 6.000 adingabe hil ziren iaz elgorriak jota. OME Osasunaren Mundu Erakundeak ere ohartarazi du txertaketa kanpaina etetearen ondorioez: «Iaz baino kasu eta hildako gehiago izango ditugu neurriak hartu ezean».

Hala ere, datu baikorrak eman berri ditu NBE Nazio Batuen Erakundeak. Haren arabera, 2018an bost urte baino gutxiagoko haurren %86k jaso zuten difteriaren, tetanosaren eta kukurruku eztularen aurkako txertoa. Horrez gain, polioak jotako haurren kopurua ere %99,9 jaitsi zen mundu osoan. Datuak onak diren arren, txertaketa kanpainari eustearen garrantzia nabarmendu du OMEk, desagertzear dauden gaixotasunak berriz piztu ez daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.