Onintza Enbeita.
BIRA

Handikeria

2022ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Teoria oso ondo dakigu, baina urrutiko lekuetara joaten garenean ahaztu egiten zaigu. Elkartasuna eta errukia itzel bereizten ditugu hotzean, baina berotan, daukaguna konpartitu baino gehiagotan ematen dugu sobratzen zaiguna. Gu baino jende txiroagoa bizi den herrialdeetara goazenean nabarmena izaten da. Askotan, zer behar duten galdetu ordez, gure ustez behar dutena eramaten diegu. Ez badute behar, haserretu egiten gara, gainera. Hemen ere antzera ibiltzen gara. Oinarrizko erosketa egiteko bonua daukan norbaitekguk normalean erosten ditugun gauza bereziak erosten baditu, gaizki begiratzen diogu. Ez dugu pentsatzen, agian, guk ere oinarrizkoa bakarrik erosiko bagenu munduaren logika zerbait aldatuko litzatekeela. Ez. Guk eskubidea daukagu iristen garen lekuraino iristeko, baina beharra dutenek zer behar duten guk erabakitzen dugu.

Handikeriaz jokatzen dugu intentzio onarekin ari garenean ere. Nahiko jokaera orokorrak dira. Nork ez dio kafesne bat ordaindu kalean galtzerdiak saltzen ari den norbaiti? Nork ez dio gaizki irizten kafearen ordez garagardo bat nahi izateari, edo ogitartekorako eskatu eta ustez drogatan gastatzeari? Eta benetan behar badu droga bizirik irauteko? Eta benetan guri adina gustatzen bazaio garagardoa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.