'Hautagai ezkutua' bazara

Sergio Fernandez barañaindarra 400 metroko hesidunetako Europako txapeldunorde izan zen 2016an, eta, bihartik aurrera, postu hori defendatuko du Berlinen. Sei hilabete egin ditu lehiatu gabe lesioengatik, baina ilusioz doa. Txapelketa aste osoan jokatuko da, eta hamar euskal atleta ariko dira guztira.
Sergio Fernandez, uztailaren 22an, Getafen.
Sergio Fernandez, uztailaren 22an, Getafen. JAVIER LOPEZ HERNANDEZ / EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko abuztuak 5
Oroitzapenetan oinarrituta bizitzea ez da gomendagarria. Nostalgiaren arriskua beti dago hor, baina oroitzapen onak freskatzeak ez dio kalterik egiten inori. Sergio Fernandezen kasua da (Barañain, Nafarroa, 1993). «Askotan ikusten dut Europako txapeldunorde izan nintzeneko lasterketa. Lehen, mugikorrean neraman bideoa; orain, Youtuben erraz aurkitu daiteke. Ez da arrazoi objektiboengatik; besterik gabe, behin han egon bazara, itzul zaitezkeela barneratzeko da». Fernandezen lasterketa kutuna 2016ko uztailaren 8an izan zen, Amsterdamen, eta bigarren izan zen Ysmani Copello Turkiako herritartasuna duen kolonbiarraren atzetik.

Egun hura mugarria izan zen euskal atletismoarentzat. Europako txapeldunorde bat abiadura proba batean: 400 metroko hesidunak. «Jota bukatzen duzu. Azido laktiko asko pilatzen dugu; horrek mina esan nahi du. Lehen hesiak txikia dirudi; azkenekoak, berriz, harresi bat», horrelakoa da barañaindarrak probarekin duen amodio-gorroto harremana. Bihar, berriz ere hasiko dira Europako Txapelketak, Berlinen, eta hamar euskal atleta arituko dira; beste mugarri bat. Eta, hori, kontuan izanik Odei Jainaga min hartuta dagoela. «Kopuru handia da; nik nafarrak ezagutzen ditut hobeto, lau goaz, pila bat gara. Hala ere, iruditzen zait gehiago dela ekimen pertsonalen ondorioz, erakundeek emandako babesaren fruitu baino», adierazi du Fernandezek. Ondo dago berak bozeramaile rola hartzea, teorian berak baitu arrakastarik handiena lortzeko aukera handiena.

Fernandezek loria ukitu zuen Amsterdamen. Olinpiar urteetan Europako Txapelketan maila txikiagoa egoten omen da, baina barañaindarrak Rion ere berretsi zuen bere maila. Finalerdietara iritsi zen, baita marka bikaina egin ere: 48,87. Aurten, Europan, hiru atletak bakarrik hobetu dute marka hori. Fernandezek, baina, urte gogorra izan du, eta zifra horietatik urrun ibili da. Sei hilabete egin ditu lehiatu ezinik, eta bi lasterketa bakarrik jokatuta sailkatu da. Europan aurten egin diren markarik onenetan, 11.na du (49.28). «Lehenik, zuntz haustura izter batean; gero, eskuin hankako kanpo meniskoan kiste bat irten zitzaidan pilaturiko likidoengatik [hautsita du]; gero, hezur edema bat ezkerreko femurrean. Denetarik izan dut».

2017an ere arazo fisiko asko izan zituen, eta hala ere ez du etsi. Inpaktuek min ematen zioten belaunean, eta, korrika, beste ezeren gainetik, hankan inpaktuak jasotzea da. Nola entrenatzen da korrika egin ezin duen atletak? «Buruari buelta asko eman dizkiot. Dena pikutara bidaltzekotan egon naiz, baina lehiatuko banintz bezala entrenatu naiz, eta beste bide batzuk aurkitu ditut. Adibidez, multijaurtiketak egiten nituen giharren freskotasuna indartzeko, pisuak altxatu, edo kargekin korrika egin. 65 kiloko pisuei tiraka korrika eginez gero ia ez duzu belauna altxatzen». Bost hilabete egin zituen horrela, eta duela bost aste hasi zen pistako entrenamendua egiten. «Lesioak hobera egin zuen, eta bi egunetik behin korrika egin nezakeen. Hasieran sailkatzea zen helburua, eta iritsi gara». Garaiz iritsi, gainera, Espainiako Txapelketan lortu baitzuen gutxieneko marka, uztailaren 22an.

Eta orain, zer? Bada, baikortasuna dario Fernandezi. «Urteko bigarren lasterketa batean inoiz ez dut hain marka onik egin». Anbizioz igoko da hegazkinera, zertarako ezkutatu? «Entrenatu naizenarekin ezin naiteke hobeto egon. Finalean ez sartzea porrota litzateke, sartzea arrakasta, dominak amets bat eta urrea azaldu ezinezko zerbait, baina horren bila noa». Europako txapeldunordeak horrela hitz egin behar du. Gainera, arautegi aldaketa egon da, eta mesede egin dio, urteko hamabi markarik onenak zuzenean sailkatu baitira finalerdietarako. Alegia, bihar ez du korrika egingo. Asteartean hasiko da, eta finalerako sailkatzen bada, ostegunean berriz. Bi lasterketa baino ez, eta bi eguneko atsedena, eskertuko du belaunak. Hala ere, Fernandezi ez zaio bidezkoa iruditu. «Kirolaren espirituaren aurka doan zerbait da, ez zait gustatzen. Abiadura proba guztietan jarri duten arau bat da, eta niri mesede egiten dit, baina ez da bidezkoa».

Mehatxu norvegiarra

Goian jarri du langa, baina ez da erraza izango. Iaz Munduko Txapelketako finalean hiru europar zeuden, eta bi sartu ziren podiumean. Copello lagun zaharra hirugarren izan zen; «ezagutzen dut, lehen Madrilen entrenatzen zen, gurekin, eta inoiz eman zidan aholkuren bat». Eta, batez ere, Karsten Warholm: 400 metroko hesidunetako munduko txapelduna; 22 urteko norvegiar bat da, eta, aurten, 47.65ko marka egin du. Europako markarik onenetan bigarrena, Copellorena hain zuzen, urrun utzi du (48.31). «Nik badakit norvegiarra ni baino koska bat gorago dagoela, baina finalean hark egun ona ez badu, eta nik bai...», azaldu du nafarrak. Izan ere, egungo txapeldunordea oso eroso dabil ezkutuko hautagaiaren rolean. «Espainiako Txapelketan maila polita eman dut, eta oso gutxi lehiatu naiz. Ziur nago horrelako oholtza batean, Europako txapelketan, eta Berlingo olinpiar estadioan, marka hobetu ahal izango dudala».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna