EUSKARA BATUAK 50 URTE

2050: nazio batua ala txoko hizkera?

Kike Amonarriz -

2018ko urriak 6
Euskara batua sortu zenean 7 urte nituen. Garai hartan, inguruko euskaldunek periodikuak leitzen zituzten, eta ayuntamentura joaten ziren. Ez zekiten zinegotzi bat zer zen, eta batzuek urrutizkiña esaten bazuten ere, gehienek telefonoz hitz egiten zuten. Fama handiko eta erabilera txikiko Tolosako euskara zen ezagutzen genuen bakarra.

ETBren lehen emankizuna 21 urterekin ikusi nuen. Ordurako Udala genuen herrian, batuaz irakurtzen genuen, eta dugu idazten. Ohiko beharrean ohizko generabilen, eta zalantzak genituen orlegi ala berde esan. Batuaren aldeko militanteak ginen, euskalkiak defendatzen zituzten atzerakoien aurrean. Sasoi hartan, ez genien erreparatzen euskalkiei edo ahozko erregistroei. Batua finkatzea zen lehentasuna, hiztunak eta funtzioak irabaztearekin batera.

Gerra hura batuak irabazi zuen, euskararen ezagutza zabaldu zen, baina bestelako arazoak agertu ziren: euskaraz zekien gazte askok ez zuen erabiltzen edo euskañolez edo frantseuskaraz egiten zuen, hizkera kolokialaren gabeziak, ahozkotasuna, euskalkien egoera... Gure kezkak, kantitatetik kalitatera pasa ziren.

Zekiten batua motz eta zurrun geratzen zitzaienez, adierazkortasuna indartze aldera euskalkietara jo zuten askok, gabeziak batuari egotziz. Penduluak beste aldera jo zuen eta atzera, batuaren eta euskalkien arteko eztabaida piztu zen, garbi ikusi dugularik, oraindik ez dagoela argi batua zer den. Euskaldun gehienek esango dizute berba egin edo hagitz ez direla batua. Irakaskuntzaren eta hedabideen bidez gainditu beharko genuke ikuspegi murritz hori.

Hori bai! Oinarrizko adostasunetara iritsi gara: batua beharrezkoa da, euskalkiak zaindu egin behar dira, eta elkarren artean osagarriak izan behar dute. Hortik aurrera, ordea, askotariko iritziak aurkituko dituzu. Ariketa bat jarriko dizut, irakurle: «Zure herriko alkatea zara, eta Batzordearen izen ofiziala erabaki behar duzu. Zer aukeratuko zenuke: EuskEra ala EuskAra Batzordea?». Nik ez dut zalantzarik: Euskara. Baina bi aukeren aldeko erantzunak bildu izan ditut han-hemenka, euskaltzaleon hizkuntza ideologia desberdinen lekuko. Letra bakar horrek adierazten duen ikuspegien desberdintasuna sakona baita.

Ezin dugu ahaztu, bestalde, hizkuntzak, dialektoak eta soziolektoak harreman-sare geografiko-ekonomiko eta baldintza sozio-politiko jakin batzuen emaitza direla. Etorkizuneko estandarra ere harreman eta baldintza horien arabera eraikiko da. Horregatik esan genezake, gure nazio linguistikoaren etorkizuna estandarraren bilakaeraren araberakoa izango dela.

Baina estandarrak era askotako garapena izan dezake. Nazio-batua izan liteke, nazioaren ahots desberdinak barne hartzen baditu. Horretarako, iparraldearen eta hegoaldearen arteko harremanak sendotu beharko dira (erakunde, ikastetxe eta herritarren artean), eta eremu guztietako hiztunen presentzia bermatu hedabide nazionaletan. Esate baterako, EITBn gaur egun baino proportzio handiagoan entzutea hizkera desberdinak. Bestela, txoko-hizkerak edo estandar «erregionalak» nagusituko dira: iparraldean bat eta hegoaldean bestea, adibidez.

Euskalki historikoen ikuspegi murritza gainditu eta XXI. mendeko tokiko hizkerez hitz egiten hasi beharko genuke, bestalde. Urte gutxi barru euskaldun gehienak, euskalkirik gabekoak izango dira eta Lizarran, Biarritzen edo Trapagaran bezalako inguruetan sortzen ari diren hizkerek presentzia eta prestigioa behar dute. Txokokeria gainditu eta euskalkien eta hizkera desberdinen aberastasuna partekatu behar dugu, hizkuntz-kontrabandista eta sortzaileak ugalduz. Ezin liteke onartu tz edo ts ongi ahoskatzen ez dutenekiko mespretxurik, edo euskalkirik gabeko hiztunengan konplexua sortzea.

Gure hizkera guztien aniztasunarekin aberastutako estandar indartsu baten bidez bermatuko dugu gure hizkuntza komunitatearen etorkizuna eta batasuna, txokokeriak eta homogeneizazio zurrunak alde batera utziz, erregistroak eta erabilera lokalak berezituz, eta hizkera guztiak aintzat hartuz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna