Kolpea eman die

Donostiarrak laugarren bandera irabazi du ETE ligan, Pasaiako erlojupekoan, alde handiarekin atzean utzi eta gero aurkari zuzenak

Donostiarrak ontziko arraunlariak, ziaboga ematen, sasoi honetako estropada batean. ARITZ LOIOLA / FOKUA.
Aitor Manterola Garate.
2018ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Donostiarrak ETE ligako seigarren jardunaldian ere irabazi egin zuen atzo, Pasaian jokaturiko estropadan. Laugarren garaipena du, eta, hori datu esanguratsua bada ere nagusitasuna azaltzeko, oso kontuan hartzekoak dira atzo aurkari zuzenei atera zizkien aldeak ere.

Erlojuaren aurkako lana izanik, ez zen alde handirik espero, nahiz eta zati bat itsasoan egin beharra izan. Duela bi aste, eremu berean egin zuten arraun ligako bederatzi taldeek, eta, orduan, alde txikiak izan ziren banderako irabazlea zein zen erabakitzeko. Atzo, ez.

Hasi eta buka menderatu zuten estropada donostiarrek. Ziaboga bakarrean, zazpi segundo aterazizkioten Hibaikari, eta zortzina Deustu eta Tolosaldeari. Bigarren luzean ere azkarrena izan zen Donostiarra, eta, horri esker, aldeak handitu zituen. Azkenean, hamahiru segundora utzi zuen Deustu, eta hamalaura Hibaika. Sailkapen nagusian, puntu bat handitu dio tartea Deusturi, eta hirukoa du alde. Hibaika zazpira utzi du. Ligako hurrengo estropada datorren larunbatean izango dute, Hondarribian (11:30ean).

Isuntza, aise KAE 1 ligan

Emakumezkoen eremu berean jokatu zuten gizonezkoek KAE 1 ligako estropada ere, eta Isuntzak egundoko nagusitasunez menderatu zituen aurkariak erlojuaren aurka. Hamahiru segundo atera zizkion Deusturi, hemezortzi Getariari, eta hogei Astillerori, ligako liderrari. Laugarren bandera irabaziko du aurtengo ligan gaur, Pasaian bertan jokatuko den estropadan atzoko aldeei eusten badie, behintzat. Beste eremu batean ariko dira gaur (12:00), traineruak binaka eta bikotea bere aldera ateratzen den lekuan.

Ligako sailkapenean izan ditu ondorioak atzokoak, Isuntza bi puntura jarri zaiolako Astillerori. Azpialdean, San Juanek bi puntu jan zizkion Zumaiari, eta lau atzetik jarri zaio orain azken-hirugarren lekua atzean uzteko lehian. Arkote ere laura dute pasaitarrek.

KAE 2 ligakoek ere estropada daukate gaur, Erandion, 12:30ean, erlojupekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.