Gaur hasiko da 'Etxekoak udan' telesailaren hurrengo denboraldia

Konfinamenduan sortutako telesailak normaltasun berriak landuko ditu bigarren denboraldian

Etxekoak udan telesaileko lantaldea, Sukarrietako (Bizkaia) hondartzan. berria.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Konfinamendu garaian etxetik eta etxekoentzat grabatu zen Etxekoak telesaila. Kalera irteteko aukera zabaldu denean, berriz, bigarren denboraldia jarriko dute martxan, Etxekoak udan, eta lagun taldearen pasadizoak kalean ikusteko aukera izango da. Lehen denboraldiak izan zuen harrera beroa aprobetxatuz grabatu dute bigarren hau, eta udako igandeetan ETB1eko ordutegi nagusian emango dute: 22:00etan. Zortzi atal grabatu dituzte, eta, beraz, bi hilabetez emango dute hurrengo sasoia.

Aurreko denboraldian bezala, oraingoan ere aktore talde zabal batek hartuko du parte telesailean: Olatz Ganboa, Mikel Losada, Ylenia Baglietto, Miren Gaztañaga, Joseba Usabiaga, Iker Galartza, Kandido Uranga, Miren Gojenola, Mikel Laskurain eta Miren Arrieta. Horiez gain, beste bi aktore berri ere gehituko da lantaldera: Ramon Agirre eta Egoitz Sanchez. Atal sorta berri honetan, protagonistek etxetik egiten dituzten bideodeiez gain oporrak nola biziko dituzten ere ikusi ahal izango da: hondartzan egongo dira, kanpinean, tabernetako terrazetan, mendian...

Itxialdiaren osteko normaltasun berriaren errealitatea erakutsiko dute bigarren denboraldian. Mikel Losadaren arabera, unean uneko errealitatea islatzea izango da Etxekoak udan-en helburua. Hala ere, lehen bi atalak maskararik gabe grabatu dituzte, gaur egun horiek erabiltzeko derrigortasuna ezarria dagoen arren. «Errealitatetik atzeratuago goaz akaso, baina kalean gertatzen den hori irudikatu nahi dugu telesailean ere».

Sortuz joan den saioa

Osasun krisi betean sortu zen telesaila, aktore askok zer gertatuko zen ez zekiten momentuan. Losadak dioenez, ez zekien berari ere zer gertatuko zitzaion: «Antzezlan bat bertan behera geratu zitzaidan, eta ez genekien aurrerantzean zer etor zitekeen ere; telesailean gauden aktore guztientzako flotagailu bat bezalakoa izan da aukera hau». Koronabirusaren krisia lehertu berritan halako aukera bat sortzea sekulako aukera izan zela dio.

Egoera horrek, ordea, izan du zailtasunik: aktore bakoitzak etxean zeudela grabatu behar izan zituzten atalak sakelako telefonoekin, eta protagonistak ere etxeko bakardadean sortu zituzten. Ekoiztetxeak baliabide teknikoak etxera bidali zizkien, eta gidoilariak sortu ahala joan ziren protagonisten xehetasunak finduz. «Arraroa izan zen dena, lankideak elkar ikusi gabe grabatzen aritu baikara; pentsa, bideodeiak egitean, askotan atzerapenekin entzuten genuen elkar». Ez hori bakarrik; gainerako aktoreak aurrez aurre eduki gabe, interpretatzeko momentua ezberdina izan dela dio. «Lankideek asko laguntzen dizute interpretatzeko eran». Alegia, baliabide gutxirekin egindako atalak izan ziren hasierako horiek.

Zailtasun horiek izan zituzten arren, Losadak dio ondo pasatu zutela. «Bigarren denboraldirako, protagonista bakoitzaren rola zehaztuta geneukan, eta aurrez aurreko grabazioak askoz hobeto joan dira». Ez hori bakarrik; baliabide tekniko hobeekin egin dute, kamera profesional eta lantalde egokiarekin. Hala ere, telesailak lehen denboraldian ezarri zuen ildoari jarraikiz, bideodeiek ere presentzia nabarmena edukiko dute bigarren sasoi honetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.