Modi, plebiszitu baten aurrean

Indian asteon hasitako boz orokorrak lehen ministroaren agintaldiaren balantzea egiteko ekinaldi bilakatu dira. 900 milioi herritarrek dute bozkatzeko eskubidea, eta prozesuak sei aste iraungo du

Narendra Modi Indiako jarduneko lehen ministroa eta BJP alderdiaren hautagaia, iragan astean, hauteskunde programa aurkeztu zuenean. HARISH TYAGI / EFE.
ander perez zala
2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Langabezia tasaren handitzea, nekazarien haserrea, segurtasun falta, erlijioen arteko harremana eta beste hainbat kezka eta arazo giltzarri izango dira Indian asteon hasi duten hauteskunde prozesuan. Sei aste iraungo duten boz orokorrak abiatu zituzten iragan ostegunean Asiako herrialde erraldoi horretan, eta Narendra Modi jarduneko lehen ministroak 2014ko bozetan zin emandakoa bete ez duelako mezuei aurre egin beharko die, ziurgabea bilakatu den prozesu batetik emaitza positiboekin atera nahi badu. Urtero 10 milioi lanpostu sortuko zituela adierazi zuen, baina langabezia tasa %6,1era igo da haren agintaldian —azken 45 urteetako kopuru handiena da—, eta haren alde bozkatu zuten gazte askok errezeloz ikusten dute orain haren alde egitea.

Lehen ministroaren jarraitzaileen arabera, ordea, Modik denbora gehiago behar du «India berria» eraikitzeko, landa eremuko aldaketak amaitzeko eta, finean, bere erreformen eragina sumarazteko. Oposizioko alderdiek, aldiz, argudiatu dute jarduneko lehen ministroak agintaldiko bost urteak pasatu dituela herrialdeko erakundeak gutxiesten, eta, besteak beste, Auzitegi Gorenaren lana oztopatu duela, hedabideei mehatxu egin diela eta komunitate batzuen aurkako erasoei jaramonik ez diela egiten, batez ere musulmanen aurkakoei. Baina, gauza guztien gainetik, kritiko agertu dira buruzagi hindu nazionalistak herrialdearen nazioarteko ospeari ez diolako «mesederik egin». Argi dago, beraz, India erabat polarizatu duen politikaria dela Modi, eta plebiszitu baten aurrean egongo dela asteotan.

Abertzaletasuna oinarri

Egoera horretaz jakitun, abertzaletasunean oinarritutako kanpaina egin du jarduneko lehen ministroak, eta estrategia horretan lagungarri izan zaio hilabeteotan Pakistanekin izan duen gatazka; Kaxmirren egindako bonbardaketek —Jaix-e-Mohammad talde armatuaren aurka—, batetik, eta batak bestearen militarrak atxilotu izanak, bestetik, bi gobernuen arteko tentsioa nabarmen igo du, baina egoera hori baliatu du beheranzko joera eteteko. Izan ere, iazko abenduko eskualdeko bozetan bost estaturen kontrola galdu zuen, Kongresurako Alderdiaren mesederako.

Erronka ikaragarria da Indian hauteskundeak antolatzea. Zenbakiei begiratzea besterik ez dago: 900 milioi herritarrek dute bozkatzeko eskubidea 2.354 alderdiren artean; India munduko zazpigarren herrialde handiena da —3.287 milioi kilometro koadro ditu—; eta, legearen arabera, boto emaileak ezin dituztebehartu bi kilometro baino gehiago egitera bozkaleku batera iristeko.

Horregatik iraungo dute hauteskundeek 40 egun, zazpi bozka egunetan zatituta; lehena herenegun izan zen, herrialdeko hogei estatutan —91 diputatu hautatzeko—, hurrengoa datorren ostegunean izango da —beste hamahiru estatutan— eta azkena maiatzaren 19an. Botoen zenbatzea eta emaitzak ofizialak, berriz, maiatzaren 23an, eta data horretatik aterako den parlamentua herrialdearen aniztasunaren isla izango da: boto emaileek 22 hizkuntza ofizial eta milaka dialekto hitz egiten dituzte, horietako milioika ez dira irakurtzeko gai eta, zehazki 84 milioik lehen aldiz bozkatu ahalko dute, gazteriaren etorkizuna hitzorduaren erdigunean ezarriz.

Inkesten arabera, Modiren alderdia, Bharatiya Janata Alderdia (BJP) izango da bozkatuena, baina ez luke lortuko 2014ko gehiengo osoa errepikatzea; hitzordu horretan, botoen %31 eta 282 diputatu eskuratu zituen —545etik—, baina aurtengo bozetan 273ko gehiengo osotik hurbil geratuko litzateke. Eta, beraz, bi aukeretako bat hautatu beharko luke: gutxiengoan gobernatzea edo koalizio bat osatzea.

Kaxmirko egoera

Indiaren kontrolpean dagoen Kaxmirren, iragan ostegunekoa poliziaz eta militarrez inguratutako bozketa eguna izan zen, «segurtasuna bermatzea» baitzen helburua, gobernuaren arabera. 3.317.882 boto emaile zeuden deituta bozketa horretara, baina maiatzaren 23ko zenbaketara arte itxaron beharko dute parte hartze kopuruaren berri emateko.

Aurten, hain justu, hiru hamarkada beteko dira independentzia aldarrikatzen duen erresistentziak borroka armatuari ekin ziola. Jammu eta Kaxmirko Gizarte Zibilaren Koalizioak otsailean emandako datuen arabera, 1989tik 75.000 lagun hil dira Kaxmirren, gehienak zibilak, eta desagertutako lagunak 8.000 baino gehiago dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.