Hautagaitza aurkezteko partida

Irribarria-Rezustak ez diete aukerarik eman Bengoetxea-Mariezkurrenari (22-12). Irribarriak joko erakustaldia egin du

mikel rodriguez
2019ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Makal hasi zuten Binakako Txapelketa Irribarria-Rezustak, lehenbiziko hiru partidetatik bi galduta. Joan den asteburuan burua altxatzea lortu zuten, ordea, torneoaren hasierako bikote onenetako bati gailenduta, Artola-Imazi (22-16). Atzo, berriz, orain arteko partidarik onena jokatu zuten,eta ez zieten ia aukerarik utzi Bengoetxea VI.a-Mariezkurrena II.ari. 22-12 irabazi zuten gorriek, eta 2017an elkarrekin lortu zuten txapela berriz eskuratzeko hautagaitza aurkeztu dute.

Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan (Bizkaia) jokatu zuten bortzgarren jardunaldiko bigarren partida. Urdinek egin zuten lehenbiziko tantoa, eta partidaren hasiera lehiatua eta orekatua izan zen. Hala ere, gorriek beti aurrea hartu zieten markagailuan, eta, lau tantoren aldea lortu ondoren (10-6), abantaila handitu baino ez zuten egin. Hortik aitzinera, nahieran dominatu zuten partida, 22. tantoraino.

Bi izan ziren gorrien garaipenaren faktore nagusiak: bata, Rezustak gibeleko aldean erakutsi zuen sendotasuna, eta, bertzea, Irribarriak aitzineko koadroetan egin zuen erakustaldia. Hamalau tanto egin zituen Aramako aurrelariak, Bengoetxearen bortzen aldean. Jokoaren arlo guztietan nagusi izan zen.

Partidaren bukaeran, egindako lanarekin kontent zen Irribarria, orain arteko norgehiagokarik borobilena jokatu dutela jakitun. Sailkapenean hiru garaipen eta bi porrot dituzte orain, eta, jardunaldia bukatzeko bertze bi partidaren faltan, goitiko postuei begira hasi dira.

Bengoetxeak eta Mariezkurrenak, berriz, zortea ez dute lagun, oraingoz. Partida bakarra irabazi dute, Bengoetxeak Andoni Aretxabaletarekin jokatu zuenetako bat —Mariezkurrena min hartuta egon zen bi partidatan—. Hala ere, lehiaren hasieran itxura ona eman zuten, eta Bengoetxeak aldea murrizteko egin zituen zenbait tantok ikusleak jarlekuetatik altxatu zituen. Seigarren jardunaldian erronka handia izanen dute bi nafarrek, Jaka-Zabaletaren aurka jokatuko baitute.

Herenegun hasi zen bortzgarren jardunaldia, eta heldu den asteazkenean bukatuko da, Eguberri egunean. Jardunaldiko lehenbiziko partida Irungo Uranzu frontoian (Gipuzkoa) jokatu zuten, eta Jaka-Zabaleta erraz nagusitu zitzaizkien Olaizola II.a-Aretxabaletari —Urrutikoetxea min hartuta dago, eta haren ordez ari da Aretxabaleta—. Olaizola II.a-Urrutikoetxea azkenak dira sailkapenean, partida bakarra irabazita —lehenbiziko jardunaldian, Bengoetxea-Aretxabaletari (22-21)—, eta gainerako laurak galduta. Jaka-Zabaletak, berriz, bertze behin erakutsi zuten txapelketa hasieran bikote sendoenetako bat direla. Artola-Imaz bikoteak gaur zer eginen duen esperoan, liderrak dira Jaka-Zabaleta, lau partida irabazi eta bakarra galduta.

Gaur, Arrasaten

Artola-Imazek Ezkurdia-Martijaren aurka jokatuko dute, Arrasaten (17:00,ETB1). Partida gogorra espero da, Artola-Imazek norgehiagoka bakarra galdu baitute, eta Ezkurdia-Martijak, berriz, bigarren garaipena jarraian lotu nahi baitute —bi irabazi eta bi galdu dituzte—. Bortzgarren jardunaldiko azken partida Altuna III.a-Ladis Galarzak eta Laso-Albisuk jokatuko dute, asteazkenean, Eibarko Astelenan (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.