Bere oinetara jarri du Tourra

Pogacar horiz jantzi da Alpeetako lehen etapan, urrutitik jo eta indar erakustaldia eginda. Teuns garaile, Izagirreren aurretik

Bere oinetara jarri du Tourra.
enaut agirrebengoa
2021eko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Talde ahula zuela, estrategikoki sufritu egin zezakeela, segadaren batean eror zitekeela... Zalantza guztiak kolpetik uxatu zituen atzo Tadej Pogacarrek (UAE), helmugarako 34 kilometro gelditzen zirela eraso ikusgarri eta erabakigarria jota. Etapa ezin izan zuen irabazi, Dylan Teuns (Bahrain) gailendu baitzen, Ion Izagirreren aurretik (Astana). Edonola ere, urrats erraldoia egin zuen sailkapen nagusiko lehian: hiru minutu baino gehiago atera zien aurkari guztiei, eta maillot horia kendu zion Mathieu van der Poeli (Alpecin). Hots, bere oinetara jarri zuen Tourra.

Bezperan jipoia hartu izanagatik, eta euria egin arren, erritmo zoroan osatu zuten etapa txirrindulariek. Ez zuten amaierako mendateen zain egoteko asmorik, eta hasi eta berehala piztu zuten txinparta. Ugariak izan ziren ihesaldia eratzeko ahaleginak; Wout van Aert (Jumbo) temati aritu zen, eta Pogacarrek ere egin zuen saiakerarenbat. Erabat aletu zen tropela zalapartaren ondorioz, eta bertan ez zeuden ez Primoz Roglic (Jumbo Visma), ezta Geraint Thomas ere (Ineos). Oraindik ez diete buelta eman erorikoek eragindako kalteei.

Etaparen erdia igaro zen ihesaldia sortu eta egonkortu zen arte. Wout Poelsek (Bahrain) bakarkako abentura egin nahi izan zuen, baina atzetik hamazazpi txirrindulariko multzo bat batu zitzaion. Bertan zeuden Teuns, Simon Yates (Bike Exchange), Michael Woods (Israel), Nairo Quintana (Arkea) eta Sepp Kuss (Jumbo); baita Izagirre eta Jonathan Castroviejo (Ineos) euskal herritarrak ere. Ia lau minuturen aldearekin iritsi ziren Saxonnexera, etapa amaieran elkarren segidan zeuden hiru mendateetatik lehenengora. Aurrez kamioi bat katigatuta gelditu zen igoera horretan, baina ziklistek ez zuten inongo oztoporik topatu. Jaitsieran izan zituen komeriak Izagirrek: atzeratu egin zen zira janzteko, eta, gero, presaren presaz, errepidetik atera zen bihurgune batean.

Rommera lasterketa buruan iritsi zen Woods, maldan behera erasoa jota. Mendate horretan piztu zen sua oilarren artean. Erritmo itogarria jarri zuen Davide Formolok (UAE), eta ezinean gelditu zen Mathieu van Der Poel liderra (Alpecin); baita Van Aertere. Hortik gutxira lehertu zuen lasterketa Pogacarrek. Ihardesten saiatu zen Richard Carapaz (Ineos), baina amore eman behar izan zuen berandu gabe.

Pedal kolpe magikoa zuen esloveniarrak. Hipnotikoa zen haren hanka jokoari begiratzea. Arin eta indartsu, Tourrean aspaldi izan den bakarkako erakustaldirik handiena egin zuen. Abiatu zenean, bost minutura zeukan Woods; bada, bi minutu kendu zizkion Rommeko gainera iritsi aurretik, eta minutu bat atera zion Carapazi. Katerik gabe zihoan, eta abaila batean jarraitu zuen Colombieren. Gailurrera iritsi aurretik, harrapatu eta aurreratu egin zituen Woods eta atzetik aurrera egindako Izagirre. Haatik, buruan Teuns zegoen, hamabost segundo eskasen errentarekin. Jaitsieran ez zuen arrisku handiegirik hartu nahi izan Pogacarrek, eta haren gurpilera iritsi ziren Izagirre eta Woods. Ormaiztegiarrak irabazi zuen bigarren postua lortzeko esprinta. Garaipena Teunsena izan zen, eta Bahrainen goraldiari jarraipena eman dio hala.

Pogacarrengandik 3.20ra iritsi zen beste hautagaien multzoa. Bertan sartu zen Pello Bilbao (Bahrain), eta hamargarren jarri nagusian, 6.41era. Alpeetako bigarren etapa jokatuko da gaur, Cluses eta Tignes artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.