EUSKARA BATUAK 50 URTE

Mailu bat iltzera

Irene Arrarats Lizeaga -

2018ko irailak 15
Euskaldunon Egunkaria-ren hasierako garai zail eta hala ere eder hartan, Bilboko ordezkaritzako kazetari batek Lasarteko erredakziora deitu zuen egun batean, beste batzuetan bezala zuzentzaileei kontsulta bat egin nahian, baina beste batzuetan ez bezalako kontsulta bat, sano-sano baina gaitz baten erakusgarri: «Aizue, barik ipini dezaket titulu batean?». Hogeita bost urte igaroak ziren orduantxe Euskaltzaindiak Arantzazuko bilkura egin zuenetik, eta euskaraz aritzen ziren profesionalen artean ere oraindik ez zegoen oso garbi zer zen batua eta zer ez...

Eta orain, bilkura hura egin eta 50 urte geroago, garbi ote dago?

Berrogeita hamar urte huskeria bat dira hizkuntza baten bizialdian, baina euskaldunok ondo aprobetxatu ditugu, zama-aro luze latz batetik atera nahian: lan kolektibo harrigarri eta harrogarri bati esker, Koldo Mitxelenaren esanetan diasistema besterik ez zena sistema bat da orain, eta finkatua dugu estandarra... administrazioan, irakaskuntzan, komunikabideetan eta literaturan erabiltzeko bezain finkatua, behintzat. Horretarako zutabe teknikoak tinko daude: irizpideak zehaztu dira, jokalekua zedarritu, garabideak zabaldu eta lanabesak zorroztu. Orain, zorionez, profesional batek ez luke galdetuko barik idatz daitekeen estandarrean... ala bai? Garbi baino garbiago dago baietz, barik ere batua dela? Nagusi bezain batua dela printzipal? Oso bezain batua hagitz? Beste hainbeste esan dezakegula hizkera batean edo bestean erroturiko zernahi joskerari buruz, baina estandarrean gera idaztea bezain tokiz kanpo dagoela gira idaztea?

Aurreiritziak aurreiritzi, euskalki guztietako hitz, esamolde eta joskera guztiak estandarraren parte dira, batuak ortografiaren eta aditz-paradigmen bitartez markaturiko jokalekuaren barrenean. Beste kontu bat da ea estandarraren parte izango diren etorkizunean, baina hori euskaldun guztion artean erabakiko dugu geure jardunaren bitartez, egitez edo omisioz, eta ez beste inork. Alegia, bakoitzak berea ekarri behar duela denon estandarrera, inoren zain egon gabe: nork bere batua egin behar luke modu aktiboan, eta denok denon batua ulertu modu pasiboan... estandarra erabiltzekoa den komunikazio-egoeretan, noski. Orain arte eginiko lan guztiari esker, galga eman zaio euskalkiak elkarrengandik urruntzen zituen indar zentrifugoari, eta, bistan denez, munta handiko kontua da hori, estandarrak hango eta hemengo euskaldunena izan behar baitu, bere egitekoa beteko badu. Horregatik da hain harritzekoa ikustea nola orain euskaldunek berek leporatzen dioten batuari artifiziala izatea. Duela gutxi, euskarafobo kulturizidek bakarrik esaten zituzten halakoak, Espainiako irrati-kateetako bozgorailuetatik adibidez, ahazturik estandar guztiak direla artifizialak (haiena barne), idaztea, legatza saltsa berdean preparatzea edo telebistan futbola ikustea bezain artifizialak, kulturaren parte direnez gero.

Orain arteko ikuspegia zabalduz gero, estandarra malguagoa izango da, eta, erregistro formalerako ez ezik, informalerako ere balioko du. Adibide bat: irrati-esatariak beren artean hika aritzea aski da erregistro informalera jotzeko hala eskatzen duten saioetan, batuan arituta ere, eta erdararen makuluaren premiarik izan gabe. Euskarazko baliabide guztiak behar ditugu, zein bere kolorearekin, zein bere erregistroan: bestela, estandar monolitiko doinubakar bat egingo dugu ezinbestean eta erremediorik gabe, eta bistan da gaur egun hori ez dela nahikoa, hizkuntza guztien estandarraren erabileremua idazki formaletatik harago zabaldu baitzen aspaldi, ikus-entzunezkoen eta Interneten ondorioz, besteak beste. Horretarako, ordea, erakundeek horren zerbitzuan jarri behar dituzte baliabideak, egon badaude eta...

Hemen dugu batua, euskara jadanik noranahikoa; ez, ordea, sozialki normalizatua. Batua da egiten dugun guztia noizbait euskaraz egiteko modua emango digun tresna bakarra; egunkaria eta eleberriak irakurtzeko, telesailak ikusteko edo txostenak idazteko erdara batura jo behar izatetik libra gaitzakeen euskara bakarra. Edo euskara batua, edo erdara batua: horra hor zer aukeratzen dugun egunero, bai erakundeek eta bai banakoek. Baina batua lanabesa da, ez helburua: bitarteko bat baino ez da gure inurri-lan kolektiboaren bitartez euskaldun osoak izan gaitezen, osoki kultura bat izan gaitezen. Euskara batua, poesia bezala, mailu bat da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna