Onintza Enbeita.
BIRA

Basoak?

2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Nahiko tristea da Bizkaian pasieran ibiltzea. Ez da ez zaidalako ibiltzea gustatzen: gure inguru guztia pinuz eta eukaliptoz beteta dago. Orain hasiko zarete bestelako arboladiak zenbatzen: ez dakit non harizti bat, hemen gaztainondo bi... gure etxe ondoan ere badira beste arbola batzuk. Kontua da haltzaren ondotik, haritzaren azpitik, intxaurrondoaren barrenetik zein gorostiaren paretik pasatzen zaren, hurbil edo gertu, ondoan ez bada bertan, eukaliptoa usainduko duzula. Beteta dago dena. Eta okerrena ez da paisaia izorratzea, okerrena da basook botatzen dituztenean sarraski itzelak egiten dituztela. Basoan ez dago landatutako eukaliptoa eta pinua besterik; beraz, dena biluzten dute hautsa harrotu arte. Dagoen guztia botatzen dute, eta lurra ezegonkortu, eta animaliak etxerik gabe utzi, eta errekasto guztiak lokaztu; eta, gero, berriz ere hasieratik hasi. Espezie bakarra landatu eta saltzeko moduan dagoenean, baso guztia hustu.

Tristea da Bizkaian pasieran ibiltzea. Ez dago basorik. Diruan pentsatuz egiten da basogintza deitzen zaiona, eta betiko zuhaitzak hiltzen ari dira. Haiekin batera, ekosistema ari da pobretzen. Ez, ez daukagu basorik ez berezirik ia. Eukalipto eta pinu sail handiak ditugu, baina hori beste gauza bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.