Mikel Valdivielso. Ehunmilietako zuzendari teknikoa

«Kirola baino gehiago da Ehunmiliak proba»

Iristear da korrikalariak (1.100) eta boluntarioak (1.500) kateatzen dituen Ehunmiliak proba, Beasaingo hiru mendi lasterketako sorta.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Unai Ugartemendia.
Beasain
2017ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Ehunmilietatik bi aste eskasera nekatuta dago, oporretara joateko gogoz. Euskal Herriko ultratrailik gogorrena zuzentzen du Mikel Valdivielsok (Beasain, Gipuzkoa, 1977). Ohituta dago azken urduritasun momentuak kudeatzera. Argi hitz egiten du Ehunmiliak, Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi lasterketen arduradunak.

Jada zortzigarren aldia izango da aurtengoa. Marka lortu duzue korrikalari kopuruan: 1.100 hiru lasterketatan banatuta. Inoiz pentsatu al zenuen horrelakorik gertatzea?

Gauza bat argi izan dugu beti: ez genuela inongo mugarik jarriko inoiz. Esaterako, urtetik urtera joan gara lasterkariak gehituz, eta argi izan dugu urtetik urtera joan behar genuela. Oraindik ez dakigu beste probarik izango den. Aurtengoa amaitu ondoren, hausnarketa bat egingo dugu urtero bezala. Arlo ekonomikoa nola dagoen ikusi, babesleak gustura gelditu diren ikusi, boluntarioak... Uste dut hori dela gure sekretua, pixkana-pixkana haztea.

Ehunmiliak lasterketari kostatzen zaio gehien izen emateak betetzea.

Normala da. Gu harrituta geunden, nola zen posible lehen bi urteetan Ehunmiliak lasterketan [168 kilometro] jende gehiago izatea,G2H lasterketan baino [88 kilometro]. Hori ez zen normalena;Euskal Herrian Hiru Handiak eta halako lasterketak zeudela jakinda, pentsatzen genuen G2Hk izan behar zuela indar handiena. Distantzia berak errespetu handiegia sortzen zuela uste genuen. Gerora, G2Hk bere bide normala egin du, eta egun gutxian betetzen den lasterketa bat da. Hala ere, oso pozik gaude Ehunmiliak lasterketarekin. Aurten 410 korrikalari inguru izango ditugu, eta, azken hilabetean 50-60 pertsona inguruk ez ateratzeko hautua egin dutela ikusita, ia izen emateen muga beteko genuen.

Norbaiten laguntza faltarik sumatu duzu urteotan?

Egunak izaten dira. Askotan jende gehiagoren laguntzaren falta sumatzen duzu. Sei edo zortzi pertsonaz osatutako talde bat gara, eta urtero deialdiak egiten ditugu antolakuntza batzordea indartzeko, honek guztiak hartu duen neurria ikusita. Hala ere, ikusgarria da 1.500 boluntario izatea. Jendeak Ehunmilietan sinetsiko ez balu, ez litzateke hainbeste jende mugituko. Gaur egun, lasai asko esan dezakegu kirola baino zerbait gehiago dela Ehunmiliak.

Euskal Herrian oso ezaguna da Ehunmiliak proba. Zer falta zaio atzerrian ezagunago izateko?

Argi eta garbi, dirua. Marketin kontua da dena. Azken urtean, esaterako, Chamonixko, Transgrancanariako eta Pola de Sieroko lasterketetan egon gara lasterketa aurkezten, eta denok dakigu zenbat kostatzen den, esaterako, aste oso bat Chamonixen pasatzea. Diru asko joaten zaigu horrelako lanetan.

Zu, esaterako, ez zara korrikalariei ordaintzearen aldekoa.

Jendeak eliteko korrikalarien aldeko apustua egiten du lasterketetan. Ez da gure kasua. Guk sekula ez dugu korrikalari bat ekartzeagatik ordainduko. Izena ematea eta ostatua ordaintzea, bale, baina kopuru finko bat ordaintzea ez. Ez naiz aurkakoa, baina gauza guztiek dute bere neurria. Guk ez dugu hori egiteko dirurik. Kilian Jornet urtero gonbidatzen dugu, baita Iker karrera ere, baina bakoitzak bere egutegia du, eta horren aurka ezin dugu ezer egin. Guk argi daukagu gurea herrikoien lasterketa bat dela.

Zein izaten dira zuzendari tekniko baten zalantzak horrelako lasterketa batean?

Handienetariko bat, eta gure esku ez dagoena, eguraldia. Asko baldintzatzen du lasterketa. Kontuan hartu behar dugu hiru lasterketen artean 48 ordu daudela. Edozer gauza aldatu daiteke denbora horretan. Hau Euskal Herria da, eta badakigu nahiz eta ostiralean eguraldia ona egin larunbatean txarra eta igandean berriro ere ona egin dezakeela. Tentsio handia izaten dugu eguraldiarekin. Egia esateko, inoiz ez digu eguraldiak asko lagundu. Ez dugu eguraldi naturalik izan.

Lasterketaren aurrekontua handia da. Nondik lortzen duzue dirua?

Aurrekontua 256.000 euro da: %40 izen emateetatik dator, beste %30 babesleetatik —erakundeak eta babesle pribatuak— eta beste %30a autofinantzaketaren bidez lortzen dugu. Urte osoan egoten gara, esaterako, lasterketako materiala saltzen Euskal herriko herri askotan.

Zortzi urte badira martxan jarri zinetela. Zein izan da urteotako unerik gogorrena?

Dudarik gabe, pertsona bat hilzorian izan genuenean, 2014an. Alde batera edo bestera egin zezakeen, eta, zorionez, alde onera egin zuen. Bihotzeko txiki bat izan zuen, eta egun batzuetan ospitalean egon behar izan zuen. Hori izan zen Ehunmilien historian medikuntza mailan izan dugun mugarririk garrantzitsuena. Geroztik, mediku koordinatzaile bat jarri dugu lasterketan. Lasai lo egiteak ere asko balio du. Urtetik urtera ahalegin handiagoak egiten ari gara gure esku dauden gauzetan.

Nor ikusten dituzu aurten irabazteko lehian?

Gizonetan, Javi Dominguez. Travesera irabazi berri du, eta badirudi oso sasoiko dagoela. Kanpotik datozenak ez ditut ondo ezagutzen, baina Kenichi Yamamoto japoniarra bere herrialdean oso ezaguna dela dirudi. Bertakoetatik ez dakit, agian Ion Azpiroz, Jon Aizpuru... Emakumeetan ere lehia estua izango da. Iaz kilometro askoan lehen postuan joan zen Ewa Majer poloniarra berriz bertan izango dugu, eta oso gogotsu dago. Bestela, betikoak: Silvia Trigueros, Elena Calvillo, Jone Urkizu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.