Felipe Uriarte. Mendizalea

«Ez naiz sekula ikuslea izan»

Iktus bat izanda, eta bi lagun min galdu berritan, mendiarekiko eta mendiarekin lotutako proiektuekiko pasioari eusten dio Felipe Uriartek, Euskal Herriko mendizaletasunaren erreferentzietako batek.
JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Unai Ugartemendia -

2018ko maiatzak 15
Ez zuen 2017. urtea ondo amaitu Felipe Uriartek (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1944). Urteko azken eguna ospitalean amaitu zuen, iktus baten eraginez. Geroztik, pixkanaka bada ere, bere onera itzultzen ari da. Azken hilabeteetan bere bizitzako bi lagun handi ere galdu ditu bidean. «Bizitzak aurrera jarraitzen du», dio, ordea. Urrian Himalaiara joatekotan da, Oxigenoa euskarari 6.000 metroan ere egitasmoarekin.

Adinagatik erretiroa hartuta behar zuen, baina ez da geldirik egotekoa. Kafe baten bueltan, Aloña mendiaren itzalean, denetarik hitz egin du.

Abenduan izandako iktusaren ondoren, zer moduz zaude?

Ondo esan beharko. Gure amak esaten zuen moduan, gauean ondo lo eginez gero, eta komunetik buelta egiteko eta gosaltzeko moduan gauden bitartean, ondo gaudela esateko moduan gaude [barreak].

Sustoa pasatua duzu orduan.

Ez, ez, hori hor geratzen da, baina medikuek esan didate zorte handia izan dudala. Urteko azken egunean izan zen, Candanchun [Aragoi, Espainia]. Goizean jaiki eta, eskiak jartzera nindoala, gorputzaren eskuineko aldea pixkanaka inurritzen arituko balitz bezala sentitu nuen. Komunean harrapatu ninduen. Egongelara joan, aulki batean eseri eta bikotekideak esan zidan aurpegi txarra nuela. Segituan konturatu nintzen zer zen, eta azkar batean deitu genion anbulantziari. Ospitalera eraman ninduten. Han amaitu nuen urtea, eta baita berria hasi ere.

Urteek ez dute barkatzen.

Bai, bizitza erreka baten antzekoa da. Beti ur emariarekin goaz aurrera, eta bidean ezustekoak topatzen ditugu. Beti pentsatzen dugu altzairuzkoak garela, edo ginela, baina konturatu gara ezetz, ez garela altzairuzkoak, beirazkoak bakarrik, beira hauskorrekoak gainera. Gogorra da horren kontzientzia izatea.

Hala ere, ezbehar honek ez zaitu etxean uzten.

Bueno, agian lasaiago ibiltzen hasi naiz, baina ikasi dut ibiltzea eta mugitzea zein ederra den berriro. Xabier Erro zenak esaten zuen moduan, ibiltzeak bizipoza ematen du. Mendian ibiltzea, ekimenetan sartzea... beti izan da garrantzitsua nire bizitzan.

Martxa honetan ez dizute erretiratzen utziko, ala bai?

Bizitzak erretiratuko nau, baina ahal dudan bitartean hor jarraitu nahi dut: kuadrillarekin poteo txiki bat eginez, ibilaldi apal eta motz bat eginez edo urrutiko mendi batera joanez. Bizitza bere maila guztietan aprobetxatu nahi dut.

Askotan joaten al zara mendira?

Ahal dudan guztietan. Aurtengo negua oso makurra izan da, eta ez naiz nahi adina ibili. Hala ere, oso zaila da egunero mendira joateko aukera izatea. Aloña aldean ibiltzen naiz azkenaldian, Oñatitik gertuen gelditzen zaidalako. Oraindik ere astean bi edo hiru aldiz joaten naiz. Naturarekin bat egiteko bidea da mendira joatea.

Berrogei urte baino gehiago dira mendi gidari zarela. 1976an sortu zenuten Mendiak eta Herriak. Nolatan?

Ordurako, Pirinioetan eta Alpeetan ibiltzen nintzen, eta Everesten ere egona nintzen Tximist espedizioan. Nik ordurako ikusten nituen mendi gidariak ibiltzen zirela, eta, Everestetik itzultzean, horretan jarri nintzen, Julio Villar, Xabier Erro eta Martin Zabaletarekin. Gu izan ginen lehenak.

Gogoan al duzu zenbat bidaia egin dituzun?

Oso zaila da denez gogoratzea, asko izan dira. Badakit Mont Blancen 45 aldiz izan naizela gutxi gorabehera, Cervinon hamabost...

Zenbat lagun ari zarete agentzian lanean?

Zazpi. Jende gaztea sartu da, eta oso jende jatorra dugu lanean. Lan handia egiten dugu, eta ondo moldatzen gara.

1974ko eta 1980ko Everesteko espedizioekin egin zinen ezagun. Asko gogoratzen al zara haietaz?

Egia esan behar badizut, ez asko. Espedizio haiek eman zidaten gauzarik onena bertan egin nituen lagunak izan ziren. Geroztik, urtero elkartzen gara haren aitzakiarekin, eta beti izaten dugu zer aipatua.

Xabier Errok esana da berak arantza zuela bihotzean, 1980ko espedizioan Everest igo ez zuelako. Zuk ere berdin sentitu izan al duzu?

Nik ez dut inoiz arantza hori eraman barruan. Ezin dut ukatu pena handia eman zidala, baina gauzak horrela gertatu ziren, zer egingo diogu. Niretzat zazpi urteko ibilbidea izan zen hura, 1973an hasi bainintzen lehen espedizioa prestatzen. Hala ere, bi espedizio horiek gauza asko irakatsi zizkidaten, bizitzan zehar oso garrantzitsuak izan direnak.

Berrogei urteko ibilbidean lagunik galdu al duzu zure espedizioren batean?

Ez, zorionez ez zait gertatu etxetik urrun egon eta espediziokideren bat galtzea. Hala ere, espedizio askotan nirekin ibili ziren askok galdu zuten bizia, eta hori oso gogorra da. Jose Luiz Zuloaga Zulu, Atxo Apellaniz, Felix Iñurrategi... asko dira bidean gelditu direnak. Beste lagun min bat ere galdu nuen 1991n, Manu Badiola pasaitarra. Makaluko hego mendebaldeko zutarria egin eta gero, beherantz hasi eta gutxira amildu egin zen. Oso mingarriak izan dira denak ere.

Azkenaldian mendian zurekin askotan ibilitako bi lagun handi joan dira, Mari Abrego eta Xabier Erro. Abregorekin saio batzuk egindakoa zara.

Urte asko dira, 1978an, biok Perun mendian ibili ginela. Bide ezberdinetatik ibili ginen. Aconcaguan ere ibili ginen, baina handiena Everesten 1990ean Bonnington paretatik egindako saioa izan zen. Oso tipo jatorra eta atsegina zen. Beti zegoen umore onean, Xabier Erroren oso antzekoa zen. Orain bi urte eta erdi, Abrego gaixotu zenean, Erro izaten zen gipuzkoarren kontaktua harekin. Errok ekartzen zizkigun haren albisteak. Errok afari bat antolatzen zuen urtean behin, Marirekin egoteko. Azkenean, Xabier Erro lehenago hil zen. Bizitzaren krudeltasun txikiak.

Xabier Erro, berriz, lankide izateaz gain, anaia bezalakoa zenuen.

Bai, hala da. Anaiak eta etxekoak tokatzen direnak izaten dira, ez dago aukeratzerik, baina lagunak norberak aukeratzen ditu. Xabier 1978an ezagutu nuen, Aconcaguako beheko kanpalekuan, eta geroztik adiskidetasun itzela izan dugu bizitza guztian. Askotan haserretzen ginen, baina baita segituan adiskidetu ere. Elkarri besoa emanda agurtu nuen ospitalean.

Berrogei urte daramatzazu espedizioetan. Zertan aldatu da alpinismoa?

Mendia gehiago ezagutzen da, eta mugak asko zabaldu dira. Gu, lehen espedizioan, hamasei pertsona joan ginen, 30 xerpa inguru kontuan hartuta; baina orduan baimen bakar bat izaten zen urtean mendi bakoitzerako. Gaur egun, ordea, udaberrian, esaterako, 500 edo 1.000 pertsona aurki ditzakezu Everesteko beheko kanpalekuan. Gure garaian seigarren gradua egiten genuen harkaitzean, eta orduan zerbait bazen. Gaur egun, Willy Bañales bizkaitarrak esaten duen moduan, «eskalada seigarren gradutik aurrera hasten da, ordura arte trekkinga da». Prestakuntza, metodologia eta materialaren garapena ere oso handia izan da.

Gaur egungo espedizioei erreparatzen al diezu?

Zerbait bai, zeharka. Euskal herritarren bat Himalaiara-edo joana bada, zerbait jakiten dut, baina bestela askorik ez. Ez naiz sekula ikuslea izan, bertan egotea gustatu zait beti. Ikusi, bertsolariak eta pilota ikusten dut [barreak].

Abian jarri duzu Oxigenoa euskarari 6000 metroan ere egitasmoa. Euskal Herriko hamabost gazte eramango dituzu Nepalera. Beldurrik?

Jende gaztearekin goaz, eta erne ibili behar dugu. Gazteak eta altuera uztartzea izango da lanik handiena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna