Literatura

Errotiko maitasunaren porrota

1941ekoa da 'fahrud', Bagdadeko juduen aurkako pogroma. Samir Naqqashek 2 urte zituen. Familia judukoa zen. 13 urterekin, Iraketik alde egin zuen. Atzean utzitakoaz idatzi zuen.

Otoilaria eskultura, Israelgo Ramat Ganen. 1941eko Bagdadeko pogromean hildako juduen omenez egina dago. AVISHAU TEICHER.
2019ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Babiloniako gatibualditik, alegia, gure garaiaren aurreko 586. urtetikizan dira juduak Iraken, beste erlijio batzuetako kideekin elkarbizitzan. 1930eko hamarkadan, ordea, gehiengo musulmanaren eta juduen arteko harremana gaiztotu egin zen nazi propagandak zabalduriko anti-semitismoaren, Palestinan nagusitzen ari zen sionismoaren, zein arabiar nazionalismoaren indartzearen eraginez. 1941eko ekainean, britainiarrak anglo-irakiar gerran garaile atera eta gutxira, tentsioak goia jo zuen fahrud edo Bagdadeko juduen kontrako pogromari bide eginez —inperialistekin kolaboratu izana leporatu zieten musulmanek juduei—. Hiriko juduen kontrako erasorik handienean, 180 lagun inguru hil, milaka zauritu, 900 etxebizitza suntsitu, eta hainbat lapurreta egin zituzten.

1951ean, 13 urte besterik ez zuelarik, Samir Naqqashek (Baghdad, Irak, 1938 - Petah Tikva, Israel, 2004) Bagdad utzi behar izan zuen, gogoz kontra utzi ere, baina ez zion sekula amore eman jaioterrira itzultzeko aukerari. Sionismoa tarteko, ez zen inoiz eroso sentitu Israelen. Bere burua judaismoan sinesten zuen arabiartzat zuen, eta obra guztia arabieraz idatzi zuen. Nzoola Wkhet Elshitan nobela (Maizterrak eta amaraunak, 1986) argitaratu zenean, Irakeko judu komunitate oparoaren historia ez zen oso ezaguna, eta are ezezagunagoa zen judu haiek arabieraz idatzitako literatura. Nobela farhud eta juduen kanporaketa masiboaren bitarteko epean Naqqasehk bizi eta ikusi zuen horretan oinarriturik dago.

Fahrud ostean, suntsipen handiko bigarren erasorik ez da Bagdaden, baina Nzoola Wkhet Elshitan nobelako pertsonaiak horren beldur dira etengabe, eta beren buruei zein batak besteari etengabe galdetzen diote zer egingo duten farhud berriro gertatzen bada. Inperialismoak eta nazismoak setiaturiko Bagdaden errealitatea amesgaizto bihurtu da eta inor ez da salbu. «Probokazioa zerra-ahoa bezain zorrotza zen eta Bagdadeko bizilagunen adimenak, berriz, bigunak. Hiriak goseak akabaturiko jendaila armada bat zuen. Jatekorik ez eman txakurrei eta edonora jarraituko zaituzte. Britainiarrek ez zieten irakiarrei jatekorik eman, eta hala egin zuten nazien aliatuek ere, 'juduei eraso egin!' oihukatzen zuten haiek». Kaleen jabe egin den intolerantziaren aurrean, bi aukera besterik ez dituzte: Baghdaden geratu eta ondorioei aurpegia eman, ala hiritartasunari, komunitateari zein familiari amore eman eta Israel sortu berrira ihes egin.

Egoerak harrapatuta sentitzen dira Nzoola Wkhet Elshitan-eko pertsonaiak, Bani S'id langile klaseko barrutian kokaturiko eraikin pare batean bizi diren maizterrak. Batzuen kasuan, 20 urte pasatxo dituen arren batxilergoan jarraitzen duen Aziz Ghawi edo apenas ikusten ez duen tren-gidari batekin ezkonduta dagoen Sabriyah bezala, etsipena da egoera politikoak baldintzaturiko bizimodu hitsarentzako irtenbide bakarra. Beste batzuek, fahrud gaineko oroitzapen beldurgarriak direla medio, gogoz kontrako erabakiak hartzera behartuta ikusten dituzte beren buruak. Jamil judu komunista eszeptikoarekin gela berean bizi den Selam, esaterako, errezeloz lotzen zaio erresistentzia sionistari. Bere parte-hartzea, ordea, alferrekoa da: arma batekin su egiten duen lehen aldian ume bat zauritu egiten du nahigabe eta herrialdetik ezkutuan atera behar dute, Selmanek gertatzerik nahi ez zuena, hain zuzen.

Zenbait musulman juduak erasoetatik babesten saiatzen dira, beren bizitzak arriskuan jarrita eta, zenbait kasutan, bizia galduz ere. Selmanek gogoan du nola pogroma hasi zenean ezezagun batek erreskatatu egin zuen. «Ez beldurrik izan!», esan zion; «zure eskolta izango naiz etxera iristen zaren arte, burua jokoan jartzen ari banaiz ere». Istorioak aurrera egin ahala, ordea, maitasunaren pixkanakako gainbehera gertatzen da. Maitasun erromantikoaren lekua hartzen du prostituzioak eta auzokoarekiko maitasunarena mesfidantzak. Familiak banatu egiten dira. Ya'qub zapatariak auzokoa maitatzea agintzen duen manamendua gogoan hartuta, bere buruari galdetzen dio: «Benetan aldarrikatu ote du gizakiak hain errotikoa den maitasunaren porrota?».

Hizkuntza aniztasuna

1951ko Irakeko juduen kanporaketa masiboa jazo baino zerbait lehenago, Farhah eta Abdallak Ghawi maizterrek umeak hartuta herrialdea uztea erabakitzen dute. Alabetako bat, Sai'dah, musulman batekin ezkonduta dago eta haurdun da. Farhahk haiekin joateko erregutzen dio. «Benetan maite bagaituzu, umea hari [senarrari] eman eta gurekin alde egin». Malko artean ezetz erantzuten dio alabak, Bagdadeko musulmanen arabiar dialektoan. Sai'dahren hizkuntza aukeraketak agerian uzten du zeinen korapilatsua eta konplexua den Irakeko juduen eta musulmanen arteko harremana. Nobelan zehar herrialdeko arabiar dialektoak etengabe tartekatzen ditu, argi utzita haietako bat bera ere ez dagoela besteen eraginetik libre. Bar Mitzvah, esaterako, Bar Miswah idazten du pertsonaietako batek.

Akaso nobelaren izenburuan azaltzen diren amaraunek pertsonaiak bata besteari eta lurraldeari lotzen dituzten lokarri estuei egiten diete aipamen, edo agian 1951n maizter juduak galdu ostean eraikinen jabe egin zen hustasunaren irudikapena dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.