Goiari eutsi nahian

Osasuna Valladoliden zelaian ariko da gaur, eta Alavesek Sevilla hartuko du. Bost puntu dituzte biek, eta ez dute partidarik galdu

Aridane Osasunako erdiko atzelaria, Taxoaren eginiko entrenamendu saio batean. JESUS DIGES / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Pauso irmoz hasi dute denboraldia Osasunak eta Alavesek. Bosna puntu lortu dituzte ligako lehen hiru neurketetan, eta itxura sendoa eman dute. Gorritxoek garaipen baliotsua lortu zuten aurreneko lehian, Leganesen aurka, eta gero berdindu egin zuten Eibar eta Bartzelonaren kontra. Arabarrek beste horrenbeste egin dute: lehen partidan Levanteri irabazi zioten, eta hurrengo bietan puntuak banatu zituzten Espanyol eta Getaferekin. Hori horrela, bide onetik jarraitzeko ahalegina egingo dute gaur; Osasunak Valladoliden zelaian, eta Alavesek etxean, Sevillaren aurka.

Konfiantzaz gainezka daude Jagoba Arrasaterenak. Igo berrien inguruan izaten diren zalantzak uxatu dituzte oraingoz, lehiakortasun handia erakutsita. Azken jardunaldian Bartzelona estu hartu zuten, eta orain ikusi behar da nola itzuli diren nazioarteko lehien geldialditik. Bolada onean denak ez du nahi izaten erritmoa etetea; ordea, gorritxoei ez zaie gaizki etorri. Fisikoki eskas antzean ziren jokalari garrantzitsu batzuk, Ruben Garcia, kasurako, eta, bi asteko atsedenaren ostean, bestelako freskotasuna eduki beharko lukete. Gainera, orain arte ordezko izan direnek minutuak izan zituzten Recreativoren aurka jokatutako lagunartekoan.

Aurkari zuzen baten zelaian ariko da Osasuna. Valladolidek ere salbazioa du xede, eta, nafarren gisara, indar handiz ekin dio ligari. Etxetik kanpo jokatu ditu lehen hiru partidak, baina ez da kikildu: lau puntu batu ditu, Betisi irabazi eta Real Madrilen aurka berdinduta. Espainiarren bertuteak goratu ditu Arrasatek: «Oso talde erasokorra da, baina ordenari eusten dio, eta oso ondo defendatzen du. Eredua da guretzat». Hori horrela, Osasuna partida osoa jokatzen saiatuko da. Baloiarekin «askatzea» gustatuko litzaioke gorritxoen teknikariari. «Leganesen aurka izandako arretari eutsi behar diogu, baina gauza gehiago egin behar ditugu baloiarekin».

Raul Navas aurrenekoz sartu da deialdian Realetik iritsi zenetik. Zerrendatik kanpo gelditu dira, aldiz, Cardona, Lillo eta Brasanac; serbiarrak bihurritu bat dauka belaunean.

Akatsak saihestera

Alavesek oso azterketa zaila izango du Mendizorrotzan, Sevillaren kontra. Espainiarrak hutsetik hasi dira denboraldi honetan, taldea goitik behera aldatuta. Txapeldunen Ligara itzultzea dute helburu, eta, oraingoz, partida bat berdindu eta bi irabazi dituzte. Dena den, aurrekariak alde ditu Arabako taldeak, 18 urte baitaramatza etxean Sevillaren aurka galdu gabe. Gainera, Asier Garitanok eskura dauzka jokalari guztiak, sasoi honetan aurrenekoz. Bergararraren aburuz, defentsako sendotasunari eustea izango da gakoa. «Partidan oso sartuta egon behar dugu, eta ahalik eta huts gutxien egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.