Fedea eta batasuna

Sadarrek izutu egiten ditu Osasunaren aurkari guztiak, ia ezinezkoa baita bertatik onik irtetea. Gorritxoek inoiz izaniko gotorlekurik gotorrena eraiki dute, joko ikusgarria oinarri hartuta. Boladari eutsi nahi diote gaur, Athleticen aurka.

Osasunako jokalariak, Alavesen aurkako derbian sartutako gola ospatzen. Ehunka jarraitzaile ageri dira Sadarko harmailan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Hasteko, Astrainen balsa a capella abesten dute zaleek. Baloia abian jartzen da, eta, 90 minutuz, jokalariek gozamena, batzuetan estasia, zabaltzen dute harmailetan. Eta, bukatzeko, lehia amaitu eta berehala, goia jotzen du zaleen eta taldearen arteko sinbiosiak, batzuen kantu eta besteen txaloekin. Sekuentzia hori behin eta berriz errepikatu da Osasunak Sadarren jokatu dituen azkeneko 31 partidetan. Gorritxoek 2018ko apirilaren 1ean galdu zuten azkenekoz Iruñean; geroztik, inork ere ezin izan du erritual moduko hori eten. Ez Bigarren Mailan, ezta orain ere, onenen artean.

Nafarrek inoizko harresirik garaiena eta sendoena eratu dute etxean, eta, horri esker, edozein helburuk egingarria dirudi. Lehen Mailara nagusitasunez igo ziren, eta, orain, baikortasunez dakusate elitean irauteko erronka. Gotorlekuak tinko dirau, zimenduetan hiru oinarri dituela: Jagoba Arrasateren proposamena, jokalariek harengan duten fede itsua, eta taldearen eta harmailen artean dagoen erabateko batasuna. Analisi hori egiten du, esaterako, Patxi Puñalek. Taldearen erabakimena goraipatu du Osasunako kapitain ohiak. «Jagobak bere ideia helarazten asmatu du. Taldea oso ziur dago egiten duenaz; beti, markagailuan atzetik doanean ere bai. Horregatik iraultzen ditu kontrako emaitzak horren maiz, etxean batez ere».

Antzera deritzo Radio Euskadiko kazetari Rafa Aguilerak. Haren ustez, Arrasatek ezarritako filosofia da Sadarreko bolada historikoaren iturburua. «Konbinazio perfektua gertatu da jendeak desiratzen duenaren eta Arrasatek taldeari atera ahal izan dionaren artean. Alegia, zaleek nahi dutena eskaintzen du Osasunak. Hala, joko ona giro onarekin uztartzen da, eta bolada ikusgarri hau da emaitza». Bolada Diego Martinezen agindupean hasi zen, ez Arrasaterekin. Izan ere, lehen lau neurketak 2017-18ko denboraldikoak dira. Edonola, Aguilerak garbi du mugarria Arrasatek ezarri duela. «Partida haietan, igotzeko kanporaketan sartzeko motibazioa zuen taldeak, eta emaitzak horren harira iritsi ziren, joko onik egin gabe. Aro ona gero hasi zen, Arrasatek baleko tekla sakatzean».

Enrique Martin Monrealentzat, berriz, sekretua sinpleagoa da. «Ez dute boladan pentsatzen, unean-unekoan baizik, eta hori da gakoa. Oinarrizkoa da: egiten ari zaren bidean pentsatzen ez duzunean, askeago sentitzen zara. Ez duzu ardurarik edo presiorik nabaritzen, eta dena errazago ateratzen da», azaldu du Osasunako teknikari eta jokalari ohiak. Edonola ere, badaki hortik harago «lan asko» egin behar dela galdu gabe 31 norgehiagoka kateatzeko. «Boladaren zergatia ulertzeko, ezinbestekoa da taldeak bi areetan duen eraginkortasunari erreparatzea. Sekulako maila dauka defentsan, eta maila ona erasoan. Azkarrak eta sendoak dira, orekatuak, hitz batean, eta hori oso gutxitan lortzen da».

Puñalek, berriz, erasoko jokoari erreparatu dio. Haren hitzetan, Berriatuko (Bizkaia) prestatzaileak «findu» egin du egin du Osasunaren estilo klasikoa. «Historikoki, joko luzea eta borroka izan dira Osasunaren jokoaren bereizgarriak. Orain, ez dio muzin egiten presioari eta lan fisikoari, baina, horrez harago, joko distiratsu eta erakargarria egiten du. Baloia maisutasunez ateratzen du atzetik, eta hegalekoak oso aurreratuta izaten dira. Jokamolde hori gorenera eramaten du Sadarren».

Berdin pentsatzen du Aguilerak. Haren ustez, gorritxoek «elektrizitatea» sortzen dute baloiarekin. «Talde honek jendeak uste duen baino hobeto jokatzen du. Eta iraganeko talde askok jokatu izan duten baino hobeto. Jokalari ohiren bati entzun diot orain agian ez zuela tokirik izango». Sadarrenjokatzen duenetan, Osasunak beti lortzen du aginte makila hartu eta distiratsu jardutea; berdin dio aurrean nor daukan. Horrek meritu berezia du, Aguileraren irudiko. «Taldea elitera igo da, eta errendimendua ia berbera da. Etxetik kanpo zuhurtziaz jokatu du partidaren batean, baina etxean iragan sasoiko talde ausart eta kementsu bera da».

Harmailak, gori-gori

Zaleak aspaldi ez bezala ari dira gozatzen, eta festa bihurtzen dute Sadarreko lehia bakoitza. Hala, taldeak eta harmailek elkar elikatzen dute. Lotura hori eten egin zen 2016-17 eta 2017-18ko sasoietan, baina Arrasatek arrakasta handiz berpiztu du. «Nik ez dut uste Sadar uneren batean itzali denik. Agian argi apur bat galdu zuen, baina bonbilla beti egon da hor. Orain volt asko gehitu zaizkio. Oso albiste ona da Osasunarentzat, etxeko giro beroa betidanik izan baita klub honen oinarri nagusienetako bat», adierazi du Martin Monrealek. Alde horretatik, Arrizabalagakoak (Nafarroa) ez du uste Sadarreko giroa asko aldatu denik. «Nik jokatzen nuenetik, edo are lehenagotik, ildo berari eutsi zaio. Jendeak sekulako atxikimendua dauka klub honekin, eta taldeari eskaini dion babesa sekulakoa izan da beti. Haserrealdiak izaten dira batzuetan, baina oso zaila da txistuak entzutea».

Puñalek bai, aldaketa nabaritu du. Edonola ere, orain «garai bateko giroa» itzuli dela deritzo. «Egun zelaian arnasten den giroak ni umea nintzenekoa ekartzen dit gogora. Zaleak eta jokalariak guztiz bat eginda daude. Plazer hutsa da Sadarrera joatea». Aurkarientzat, aldiz, sufrikarioa da. «Txantxetan, esan ohi dut lastima dela: jendeak goi mailako jokalariek dakitena egiten ikusi nahi ditu, baina Sadarren oharkabean pasatzen dira. Horrek esan nahi du Osasunak oso ondo egiten dituela gauzak».

Eta martxan den estadioren eraberritzeak zer eragin izango du? Ba al dago esentzia galtzeko arriskua ? Aguileraren irudiko, ez. «Hainbat aldiz zaharberritu da Sadar, eta ez du xarma galdu. Gainera, proiektu honen kasuan, garrantzi handia eman zaio erroei eusteari». Bat dator Martin Monreal. «Modernizatu egingo da estadioa, baina uste dut esentziari eutsi egingo zaiola. Jendeak gainean egoten jarraituko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.