James Badcock. Kazetaria

«Espainian tarte gehiegi ematen zaie politikarien adierazpenei»

Gasteizen izan da asteon Badcock, 'Kazetaritza, bertatik bertara' jardunaldietan hitzaldi bat ematen. Nabarmendu du Espainiako Gobernua «oso hermetikoa» izan zela Rajoy buru zenean.

urtzi urkizu
2018ko irailaren 2a
00:00
Entzun
2004. urtetik, Madrildik ari da kazetari lanetan James Badcock (Truro, Erresuma Batua, 1970). El País egunkariaren ingelesezko bertsioan hamar urtez aritu zen, eta, egun, The Telegraph, The Guardian, Newsweek eta Los Angeles Times kazetetan kolaboratzen du, baita AEBetako Foreign Policy aldizkarian ere.

Zer moduz bizi da kazetari freelance britaniar bat Madrilen?

Batean eta bestean aritzen naiz. 1990eko hamarkadan ingeleseko irakasle lanetan aritu nintzen Madrilen, eta, gero itzuli nintzenean, kazetari lanei ekin nien. Ondo irauten dut; gozatzen ari naiz, eta garai interesgarriak egokitu zaizkit.

Iturri ofizialekin zer zailtasun izaten dituzu?

Espainiako Gobernuarekin, Mariano Rajoy presidente izan den aroan, zailtasun dezente izan nituen. Oso hermetikoa izan zen. Duela hilabete batzuk, soslai bat idatzi behar nuen Carles Puigdemonti buruz eta beste bat Rajoyri buruz. Oso erraza egin zitzaidan Puigdemonten inguruko informazioa jasotzea. Aldiz, inor ez zen libre sentitzen Rajoyri buruz hitz egiteko. Lortu nuen azkenean PPren diputatu batekin hitz egitea, baina ez zidan askorik esan, eta, gainera, eskatu zidan bere izena ez argitaratzeko. Beste administrazio batzuek laguntza handiagoa ematen didate, Espainiako Gobernuarekin alderatuta.

Euskal Herriak egun ba al du interesik Erresuma Batuko komunikabideentzat?

Nahiko etsigarria izan da hori niretzat. Ezin izan ditut saldu euskal gatazkari buruzko gaiak, ETAk denbora asko zeramalako inor hil gabe [euskal herritar torturatuekin hitzartuak izan ditu elkarrizketa batzuk, baina ez du lortu saltzea]. Lagun irlandar batek Irlandako egunkari batentzat idazten du, eta hark errazago saltzen ditu euskal gaiak. Interes historiko bat egon da Irlandan, baina Ingalaterran gaur egun ez dago halakorik.

Kataluniako auzia nola ikusten da Erresuma Batuan?

Ingalaterran askoren ikuspuntua da Madril zentralista dela eta frankismoaren ajeak dituela. Katalanen partea entzuteko interesa egon da. Ezagutzen ditut Frantziako hedabideentzat idazten duten kazetariak, eta Espainiako legea betetzeko ikuspuntu zurrunagoa dute. Hedabide britaniarretan ikuspuntu irekiagoa dago, eta irtenbide irudimentsuak entzuteko prestasuna egon da.

Zer ezberdintasun daude Ingalaterrako eta Espainiako kazetaritza moldeen artean?

Espainian, horikeria gehiago agertzen da telebista kateetan, eta Ingalaterran, egunkarietan, tabloideen bidez. Ingalaterran ez dago kirol prentsa indartsua, eta tabloideek indar handia dute. Prentsa serioari dagokionez, Espainian ikerketa kazetaritza gutxi egiten da, eta politikarien atzetik doaz hedabideak. Eztabaida politikoan beste espiritu bat dago Ingalaterrako komunikabideetan. Alderdi politiko batek esaten badu dena ondo egiten duela, ez da agertzen egunkari britaniar batean. Politika ez da soilik politikarien denboretan mugitzen. Espainian tarte gehiegi ematen zaie politikarien adierazpenei.

Brexit-ari buruz mintzatu zara Gasteizko jardunaldietan. Nola ari dira gaia lantzen Erresuma Batuko hedabideak?

Erreferendumaren aurretik, osatu gabe ematen zen informazioa, eta jende gutxi ohartu zen gaiaren konplexutasunaz. Geroztik, gehiago sakondu da gaian, ikusi delako zer konplexua den auzia.Herrialdea Europako Batasunetik ateratzea ez da hain kontu erraza. Tristeena izan zen erreferenduma immigrazioari buruzkoa izan zela; beldurraren kanpaina bat egon zen, etorkinen etengabeko olde bat iritsiko zelakoan.

Hedabide britaniar askok zailtasun ekonomikoak dituzte. Erronka teknologiko berriei ondo egokitzen dabiltza?

Ez naiz aditua horretan. Baina ez dira asmatzen ari, eta gehienak ez dira errentagarriak. Kontuan izan behar da The Guardian-ek eduki guztiak zabalik dituela eta BBCk informazio asko ematen duela webean. Bi eskaintza horiek asko zailtzen dute beste batzuek harpidetza digitalak lortu ahal izatea.

Zer gustatuko litzaizuke egitea kazetari moduan etorkizunean?

Askatasun handiagoa izan nahiko nuke gaiak sakon lantzeko, baina lan txiki asko egin behar izaten ditut soldata ateratzeko. Gai gutxiago kubritu nahiko nituzke, baina sakonago. Historiarekin lotutako gaiak gogoko ditut. Haur lapurtuen inguruko liburu bat prestatzen ari naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.