Joko eta puntu premia daukate

Alavesek eta Athleticek kaskar hasi dute Liga. Gaur elkarren aurka jokatuko dute, Mendizorrotzan. Galtzen duenarentzat ez dira samurrak izango hurrengo bi asteak.

Alaveseko eta Athleticeko jokalariak, aurreko sasoiko derbian. JAIZKI FONTANEDA / EFE.
haritz gallastegi
2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Alavesek puntu bat irabazi du ligako lehen lau jardunaldietan, eta jaitsiera postuetan dago. Athleticek, berriz, hiru puntu pilatu ditu jokatutako lehen hiru norgehiagoketan—Bartzelonaren kontra jokatu beharreko lehia urtarrilera atzeratu dute—. Ondorioz, amildegitik gertu dago. Bi taldeen egoera ez da ona; horrenbestez,gaur Mendizorrotzan jokatuko duten derbia irabazteko premia dute biek. Konfiantza hartzeko, ez dago sendagai hoberik.

Ondo daki hori Angel Garitano Ondarru-k. Bi taldeen aulkietan egondakoa da. «Alavesek etxeko puntuak behar ditu zulotik irteteko, eta Athleticek itxura hobetu behar du Cadizen kontrako porrot mingarria azkar ahazteko». Baina derbia irabazteko eta, batez ere, epe luzera arrakasta izateko, jokoan eman beharko dute aurrerapausoa. Alaveseko jokalariak eta Pablo Machin elkar ezagutzen ari dira.Teknikariak erdiko hiru atzelarirekin jokatzea du gustuko, baina taldea askoz sendoago agertu da lau atzelarirekin aritu denean. Athleticen, Gaizka Garitanok taldearen ardura hartu zuenetik gutxitan ikusi diren akatsak izan dira defentsan. «Taldeak osatzen ari dira. Athleticek eta Alavesek ez zuten itxura ona eman ligako azken partidan. Hobetu beharra daukate».

Gabezia asko dituzte. Baina bat komuna da. Egin behar izan duten ezohiko denboraldi-aurrea tarteko, denbora gutxi izan dute arlo fisikoa eta taktikoa prestatzeko. Ohi baino lagunarteko gutxiago jokatu dituzte, eta nabaritu egin dute. Gainera, hainbat jokalari izan dituzte COVID-19az kutsatuta, eta beste batzuk arazo fisikoetatik osatu ezinik.

Ez Alaves eta ez Athletic ez daude talentuz sobran. Bientzat ezinbestekoa da talde gisa ondo funtzionatzea lehiakorrak izateko. «Bi taldeek dituzte gabeziak zelai erdian. Ez dute kalitate handirik».Nolako sormen arazoak eta puntu premia dituzten aintzat hartuta, neurketa itxia espero du.«Detaileek erabakiko dute lehia: geldikako jokaldi batek, akats txiki batek... Ez dut uste jokoan alde handirik egongo denik».

Zaleen hutsunea

Machin eta Gaizka Garitano zaleen ahotan daude. Jarraitzaileek ezbaian jarri dute bi entrenatzaileen ekarpena. Baina jokalarien ardura ere bada orain arte gertatu dena. Akaso, harmailak hutsik daudela jokatzearen abantaila bakarra da emaitza bolada txar batean zaleen kritikak zuzenean ez jasotzea. San Mamesek ohiko itxura izan balu, Cadizen kontrako neurketaren amaieran txistuak entzungo ziren.

Baina zaleen kritikek eman dezaketen minaren adinakoa da haien babesa. Alavesek puntu bakarra eskuratu du Mendizorrotzan jokatutako bi partidetan. Ateak itxita jokatzen denetik, futbola aldatu egin da. Badirudi talde batzuk erosoago jokatzen ari direlakanpoan, etxean baino. Ez dute zaleen presiorik, eta, gainera, etxeko taldeari uzten diote neurketaren pisua eramateko ardura. Baina Alavesek eta Athleticek puntu asko ateratzen dituzte haien bultzadari esker.

Bultzada hori ez izatea askoz gehiago nabarituko da derbi batean.«Zale bariko neurketek kanpoan jokatzen duten taldeei egiten diete mesede, nire ustez. Une zailetan, etxeko taldeak eskertu egiten du zaleen bultzada. Kanpoko taldeak, berriz, ez du presio hori nabaritzen. Gainera, derbietan beroa izaten da giroa». Liga hasi baino ez da egin, baina Mendizorrotzatik esku hutsik ateratzen den taldearentzat luzeak izan behar dute hurrengo aste biek, datorren asteburuan ez baita liga jardunaldirik jokatuko.

Gaurko neurketari begira, Machinek atzoko agerraldian adierazi zuen sistema aldatzeak ez duela esan nahi zalantza egitea, eta Athleticen inguruan ere hitz egin zuen. «Kontraerasoa joka dezake, Muniainen eta Williamsen abiadura baliatuz, edo jokoa gehiago landuz. Hori aberastasun bat da».

Garitanok Alaves «oso fisikoa» espero du. Teknikariak aste honetan egindako adierazpen batzuk argitu nahi izan zituen. Bertan zioen Athleticentzat «zaila» dela Lehen Mailan lehiatzea. «Berdintasun handia dagoela esan nahi nuen, eta denoi kostatzen zaigula». Alex Berenguer zuri-gorrien fitxaketa berria deialdian dago.

ALAVES-ATHLETIC
Alaves. Pacheco; Ximo, Lejeune, Laguardia, Duarte; Edgar, Pere Pons, Battaglia, Rioja; Joselu eta Lucas Perez.
Athletic. Simon; Capa, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Vesga; Raul Garcia, Sancet, Cordoba eta Villalibre.
Epailea. Sanchez Martinez.
Lekua. Mendizorrotza.
Ordua. 14:00 (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.