Italiako Giroa

Koadernotik errepidera

Alex Dowsettek irabazi du Giroko zortzigarren etapa, eguneko ihesaldia baliatuta. Sailkapen nagusian ez da aldaketa handirik izan. Simon Yatesek lasterketa utzi du, COVID-19agatik

Alex Dowsett, atzoko etapa irabazi zuen unean, garaipena ospatzen. ISRAEL START-UP.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko urriaren 11
00:00
Entzun
Talde estrategia ondo baino hobeto atera zitzaion atzoko etapan Israel taldeari. Bi aukera zituen taldeak eguneko ihesaldian sartuta, eta ez zuen hutsik egin. Matthias Brandle eta Alex Dowsett (Israel) lasterketa buruko sei txirrindularien artean izan ziren etapa osoan. Dowsettek, talde estrategia baliatu, eta zortzigarren etapa irabaztea lortu zuen. Giroan estreinako garaipena izan zen Israelentzat; Ingalaterrako txirrindulariarentzat, baina, bigarrena da, 2013an erlojupeko bat irabazi baitzuen Italiako itzuli handian. Ekitaldi hartan ere, zortzigarrengo etapan izan zen garaile.

Lasterketaren lehen kilometroetan sortu zen eguneko ihesaldia. Sailkapen nagusirako arriskutsuak ez zirela ikusi, eta arazorik gabe alde egiten utzi zion tropelak aurrean osatutako sei txirrindularien taldeari. Ondo baino hobeto ulertu zuten elkar lasterketa buruan, eta ia ibilbide osoan hamar minuturen aldea izan zuten tropelarekiko. Esprinterrak etapa garaipenetik urrun izan ziren.

30 kilometroren faltan, elkarri erasoka hasi ziren lasterketa buruan. Lehendabiziko mugimendua Israel taldeko bi txirrindulariek egin zuten. Erritmoa bizitu zuten, eta taldea haustea lortu. Handik gutxira, bost kilometro eskasera, Pucciok (Ineos) igoera batean erasoa jo, eta ihesaldiko taldea murriztu egin zuen: hiru txirrindulari geratzen ziren. Dowsettek, Brandlek eta Rosskopfek (CCC) ezin izan zioten italiarrak ezarritako erritmoari jarraitu. Ordekan, baina, erasoari jarraipenik eman ez, eta atzean geratutako hirurak taldera bueltatu ziren.

Azken kilometroetan, taldean elkar ulertzen ez zutela ikusi, eta Downsettek bakarrik alde egitea erabaki zuen, helmugatik hamazazpi kilometrora. Atzean ez zen izan akordiorik, eta Ingalaterrako txirrindulariak 55 segundoko tartea ateratzea lortu zuen. Rosskopf, Puccio eta Holmes (Lotto) saiatu ziren Dowsett harrapatzen, baina horretan geratu zen dena: saiakera hutsean. Hamar kilometroren faltan, eguneko azken aldapan, erritmoa bizitu zuten hiru txirrindulari horiek, baina ez zen nahikoa izan lasterketa burura ailegatzeko.

Sailkapen nagusiko txirrindulariak ez ziren azaldu atzoko etapan, ezta aparteko arazorik izan ere lasterketa amaitzeko. Jakob Fuglsangek (Astana) bakarrik izan zuen ezbeharra. Danimarkako txirrindulariak zulatua izan zuen gurpilean, eta tropeletik atzera geratu zen. Hori ikusita, Vincenzo Nibaliren (Trek) taldekideak tropeletik tiraka hasi ziren, Astanakoa atzean uzteko asmoz. Lasterketak mugitua izan behar zuela ematen zuen, baina Trekek erritmoa jaitsi, eta Fuglsang, bere taldekideen laguntzarekin, tropelera bueltatu zen.

Simon Yates, positibo

Simon Yatesek (Mitchelton Scott) positibo eman zuen herenegun egindako PCR proban, eta ez zen irten atzoko etapan. Giroa irabazteko hautagai nagusien artean bazegoen ere, sailkapen nagusian 21. postuan zen, lidergotik ia lau minutura. Itzuli handi batean txirrindulari bati gaitza atzematen dioten lehen aldia da. Mitchelton Scotteko gainerako txirrindulariek negatibo eman zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.