Ardo onaren moduan

Luis Rioja funtsezko bihurtu da Alavesen. Eskas aritu zen iaz, baina taldeko pizgarri nagusietako bat da sasoi honetan. Maila onari eusten saiatuko da gaur, Atletico Madrilen aurka.

Luis Rioja, jaurtitzear, Valentziaren aurkako partidan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Ardo onak nola, hala egin du Luis Riojak (Las Cabezas de San Juan, Espainia, 1993), ondu egin baita denboraren joanean. Iaz iritsi zen Gasteizera, Jonyk ezker hegalean utzitako zuloa betetzeko asmoz, eta, hasiera hartan, aho zapore mikatza utzi zien Alavesen zaleei. Aukerak eman zizkion Asier Garitanok, baina Riojari nortasuna falta zitzaion. Denborak on egin dio, ordea. Eta upel aldaketak ere izan du zerikusia, erosoago baitabil Pablo Machinen eskemaren barruan. Hori horrela, arabarren erasoko pizgarri nagusia izan da azkenaldian, Lucas Perez, Joselu eta Peleteiroren aurretik.

Liga hasieran, bost defentsako sistema ezartzen saiatu zen Machin. Eta, plan horren barnean, atzeko hegalean ipini zuen Rioja. Taldea ez zen eroso aritu, ezta Rioja ere. Alabaina, apustua aldatu egin du teknikariak, eta hegalekoa askatu egin da. Zelai erdian dabil orain, eta, taldeak iaz baino erasokorrago jokatzen duenez, metro gutxiago egin behar ditu arearen ingurura iristeko. Oso fresko dago fisikoki, baita mentalki ere, eta etekina ari zaio ateratzen bere bertute nagusiari: abiadurari. Iaz apenas zuen konfiantzarik aurkariekin buruz buru lehiatzeko, baina oso bestelako jarrera du orain; behin eta berriz ahalegintzen da barneraldiak eta erdiraketak egiten, eta, ondorioz, taldekideek geroz eta maizago bilatzen dute.

Bartzelonaren kontrako neurketa izan zen mugarria. Lehen partidetan gozakaitz aritu ondoren, kataluniarren kontra bere lehen gola sareratu zuen Alavesen elastikoarekin. Zortzigarren jardunaldian izan zen hori, eta hurrengo zortzi neurketak titular gisa jokatu ditu. Eibarren kontra egin zuen distira gehien, Gabonen bezperan jokatu zen partidan. Goleko pase bat eman zion Edgarri, korrikaldi ikusgarri baten ostean; eta garaipenaren goleko jokaldia abiatu zuen, erdiraketa neurtu batekin. Eta Osasunaren aurka ere, taldeko jokalaririk onena izan zen. Alavesek ez zuen batere argitasunik izan jokalari bat gutxiagorekin zen aurkari baten aurrean, eta hegalekoaren saialdi ugariak izan ziren arabarren baliabide ia bakarra.

Bide malkartsua egin behar izan du Riojak egun dagoen egoerara iristeko. Bigarren B Mailan zegoen orain dela hiru denboraldi, eta duela zazpi, bere herriko taldean ziharduen, taberna batean lan egiten zuen bitartean. Goizeko bostetan sartzen zen lanera, eta arratsaldeko hiruetara arte aritzen zen beharrean. Ordutegi horrek aukera ematen zion futbolean aritzeko, baina, garai hartan, bere burua ez zeukan futbolaritzat, zerbitzaritzat baizik. Real Madrilen eta Celtaren harrobietatik igaro zen gero, eta, bi denboraldiz Marbellan jokatu ondoren, Almeriak fitxatu zuen.

Aski izan zuen denboraldi bakarra Bigarren Mailan eliteko taldeen arreta bereganatzeko. Alavesek egin zuen apusturik irmoena, milioi bat euro baino gehiago ordainduta. Iazzer maila eman zuen ikusirik, inbertsioak ez zirudien errentagarria. Hemeretzi partida jokatu zituen titular gisa, eta oharkabean igaro zen gehienetan. Sasoi honetan, aldiz, oso bestelako itxura ari da ematen, eta funtsezko bihurtu da Machinentzat: dagoeneko hamabi aldiz izan da hasierako hamaikakoan.

Mendizorrotza, elurpean

Ezusterik ezean, gaur ere hasieratik ariko da Rioja, urteko lehen partidan. Atletico Madrilen aurka jokatuko du Alavesek (16:15), betiere elurrak ez badu eragozpenik sortzen. Atzo jo eta ke aritu ziren klubeko langileak Mendizorrotzan pilatutako geruza kentzen, eta ikusteko dago nola dagoen zelaia gaur arratsalderako. Eguraldia ez ezik, arerioa ere petrala izango da arabarrentzat, ligako liderra izango baitute bisitan. Azken hamaika partidetatik hamar irabazi ditu Atleticok, eta, gainera, neurria oso ongi dio hartua Mendizorrotzari: hemezortzi urte dira ez duela bertan galtzen. Ez du erronka makala Alavesek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.