Pello Reparaz. 'Euskalonski' saioko aurkezlea

«Musika da nire pasioa, eta saio guztietan egongo da musika kutsua»

Munduan barna dauden euskaldunekin egiten du bidea Reparazek, ETB1eko 'Euskalonski' saioan. Astelehenean eman zuten lehen atala, Parisen grabatutakoa; Londresko kontuak emango dituzte bihar.

EITB.
urtzi urkizu
2018ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Aurreneko aldiz 13 urte zituela igo zen oholtza batera musikari gisa, eta 17 urterekin sortu zuen Vendetta taldea, lau lagunekin batera. Orduz geroztik, 400 kontzertu baino gehiago eman ditu Pello Reparazek (Arbizu, Nafarroa, 1990). ETB1eko Euskalonski saioarekin hiriz hiri dabil bidaiatzen: New Yorketik erantzun ditu galderak.

Telebistako zure lehen esperientzia al da Euskalonski?

Bai, hala da. Aurkezle lanetan lehen aldia dut. Hainbat programa aurkeztea eskaini izan didate, baina ez nuen neure burua inondik inora ikusten. Komentatu zidatenean bidaiak, musika eta euskara uztartuko zituen saio bat zela, animatu nintzen.

Parisen agertu zinen aurreneko atalean. Zein beste hiritan egin dituzue grabaketak?

Berlinen, Bruselan eta Londresen egin ditugu. Eta orain New Yorken gaude. Lana bizia izaten ari da. Egun gutxi pasatzen ditugu hiri bakoitzean, eta ez daukagu betarik lasai egoteko eta hiria beste modu batean ezagutzeko. Baina esperientzia sekulakoa izaten ari da, eta pozik nago. New Yorketik Buenos Airesera eta Montevideora joango gara, gero.

Euskalonski-ren formatua Kataluniako TV3eko Katalonski saiotik hartuta dago, ezta?

Bai, hala da. Katalunian oihartzun handia izan duen saio bat da Katalonski, eta saio horren espiritua hartu dugu gurea egiteko, baina beste era batera. Protagonista desberdina izanda, saioa ere desberdina da. Katalanak zazpi milioi dira, eta euskaldunok gutxiago gara.

Nahiko modan daude munduko toki desberdinetan bizi direnak elkarrizketatzeko asmoz ematen diren saioak. Zertan bereizten da Euskalonski?

Hiriak ezagutzeko askotariko saioak daude, bai. Gure kasuan, ezagutzen ari gara euskaldun horiek, zein diren pertsona horieketa nola bizi diren Euskal Herritik kanpo. Euskararen ardatza dago saioan, eta, era berean, musikari baten ikuspegitik jasotzen da. Errealizazio aldetik ere desberdina dela esango nuke.

Hiri bakoitzeko euskaldunak topatzeko aldez aurretik lan dezente egin beharko du lantaldeak, ezta?

Bai, talde lan ikaragarria sortu dugu bai bulegoan eta bai bidaietan gabiltzanok. Bulegoko lanean ikerketa lan indartsua dago atzetik, eta ezinbestekoa da hori.

Ezusteko handiak hartzen ari al zara ezagutzen ari zaren euskaldunekin?

Euskal Herrian ezagutzen duzun jendearen profila ez da inolaz ere atzerrian bizi den euskaldunarena. Denetarik dago atzerrian, eta kasu ezberdinengatik bizi dira hiri batean edo bestean. Horrelako esperientzia bat bizi duenak, gehienetan, badu zer esana, eta badu esperientzia bat atzean. Hori benetan interesgarria suertatzen zait.

Parisen Ensemble Rayuela taldekoei bertsio tecno bat egin zenien. Halako gehiago egingo dituzu?

Askatasuna daukat saioan ikusten ditudanei musika jartzeko. Musika da nire pasioa, eta saio guztietan egongo da musika kutsua. Gitarra ere gainean eramango dut. Finger pad tresnarekin ibiltzen naiz, tarteka.

Kamerak grabatzen ari direla presente duzu beti, ala ahaztu egiten zara horretaz?

Batzuetan gehiegi ahazten naiz, eta bizkarra ematen diot kamerari [kar, kar]. Egia da hori dela helburua, kamerak daudela ahaztea eta natural jokatzea. Baina formatua zaindu behar da errealizazio aldetik.

Aukera izanez gero, telebistan luzaroan egingo zenuke lan?

Ni musikan nago zentratuta, erabat. Musikan lanean nabilen bitartean Euskalonski eta halako proiektu interesgarriak sortzen badira eta musikarekin lotura badute, zergatik ez.

Vendetta abenduaren 28an amaituko da. Berezia izango da.

Vendetta izan da egin dudan guztiaren ardatza, eta pena ematen dit. Baina ilusioa badaukat, hutsunea beteko duten proiektuak iritsiko direlako. Zerbait oso ezberdina egiteko gogoa dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.