Musika

FKA Twigs, biziberrituta

Musikari ingelesak harrera oso ona izan du 'Magdalene' bere bigarren disko luzearekin

Abesten hasi baino lehen, dantzan egiten zuen FKA Twigsek. BERRIA.
mikel lizarralde
2019ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Badira, une jakin batean, aurreko guztiarekin hautsi ez baina zerbait berria, ezberdina proposatzen duten diskoak; publikoa eta kritika harritzen dituzten lanak. Orain dela 25 urte gertatu zen Portisheaden Dummy-rekin—1994aren hondarretan argitaratu zuten, eta urteko zerrenda ia guztien lehen postuetara igo zen abiada bizian—, eta antzekoa gertatzen ari da orain, 2019an, FKA Twigsen Magdalene-rekin ere. Aste gutxi batzuk darama kalean, eta azkar ibili diren hedabideek dagoeneko aipatu dute urteko lan interesgarrienen artean.

Magdalene, agian, ezusteko handiagoa izan da, FKA Twigsen aurreko lan luzeak (LP1, 2014) artean bere bidea bilatzen ari zen artista bat aurkezten baitzuen. Lan hark Portisheaden giroak ekar zitzakeen gogora, eta ahotsa Bjork eta Julee Cruiserekin parekatzen zen, baina batik bat rhythm and blues garaikidearen aldaera eszentriko, bitxi eta anbiental gisa hartu zuten hedabideek.

Orduz geroztik, Tahliah Barnettek —FKA Twiggsen atzean ezkutatzen den emakumea— uteroko hainbat tumoreri egin behar izan die aurre, eta, horiek gaindituta, biziberrituta eta ideiak garbiago dituela itzuli da. Magdalene da horren erakusle agerikoa.

Diskoaren izenburuak —eta baita azalak ere— Maria Madalenari egiten dio erreferentzia, eta emakumearen aldarrikapentzat hartu du FKA Twigsek berak: «Emakume gisa, askotan, zure istorioa gizon baten narratibari lotuta dago. Berdin du zer egin duzun, edo zure lana bikaina den. Ematen du gizon baten ondoan egoteak ematen dizula balioa».

Musikalki, aurreko diskoan bezala, hamaika zarata eta erritmo biltzen dituen elektronika geruza batek estaltzen du diskoaren parte handi bat, baina Magdalene-n artistaren ahotsa azaleratzen da guztiaren gainetik, batzuetan Bjorken eremuetara hurbilduz, besteetan Enyaren jarraitzaile esperimental bat izango balitz bezala agertuz.

Pianoa da orain ere melodia askoren oinarria (Cellophane, Home with You), eta horrek ukitu barnerakoi bat ematen dio lanaren parte handi bati, baina artista ingelesa irekita dago bestelako doinuei ere, Holy Terrain urban soinuetara gerturatzen den singleak erakusten duen moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.