Ekin, baina itsutu barik

Athleticek lasaitasuna emango dion garaipena eskuratu gura du gaur, etxean, Levanteren aurka. Aurkaria ere egoera txarrean dago

Gaizka Garitano, aginduak ematen, duela bi aste, Alavesen aurkako derbian. DAVID AGUILAR / EFE.
haritz gallastegi
2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Ligaren etenaldiak ez dio mesederik egin Athletici. Jakinekoa da partida galdu galdu eta gero luze egiten direla neurketarik gabeko egunak. Baina horri agintariek egindako agerraldi nahasgarriak gehituz gero, berez ona ez den egoera are eta gehiago gaiztotzen du. Rafa Alkorta kirol zuzendariaren eta Aitor Elizegi presidentearen adierazpenek ez dute lagundu. Halere, jakinekoa da nola konpontzen diren klub bateko arazoak: zelaian irabazita. Ez dago beste errezetarik. Irabaziz gero, gainerako guztia bigarren mailan gelditzen da. Galtzen denean, ordea, laino beltzak ugaritu egiten dira.

Athletic jaitsierako postuetan dago. Hiru puntu baino ez ditu lortu jokatu dituen lau partidetan. Ipuruako garaipena izan da emaitza on bakarra. Gainerako hiru partidetan agerian geratu dira lehendik ere ezagunak ziren gabeziak. Erasoan erakusten duen nahi eta ezina, alegia. Zuri-gorriak sormenean, eta, batez ere, ate aurrean erakusten ari diren gabeziak kezkagarriak dira oso.Asko kostatzen zaie kontrarioen defentsak gainditzea. Neurketa gehienetan baloia aurkariak baino gehiago izan arren, kosta egiten zaio aukera garbiak sortzea. Egungo Athletic ez da eroso sentitzen partidaren pisua hartzea egokitzen zaionean.

Halere, batez beste ia hamar erremate egiten ditu norgehiagoka bakoitzean. Bada, jokatutako lau partidetako 35 erremateetatik bi baino ez dira gol izan —aurkariek baino erremate gehiago egin ditu partida guztietan—. Horrek agerian uzten du erasoko jokalari gehienek ez dutela gol sen handirik. Aurrelari peto eraginkorrak falta zaizkio Athletici.

Erasoan horrenbeste zailtasun izanda, ia ezerezean gelditzen da defentsan egindako lan ona. Gorengo mailan aukera bat edo beste asmatzea normala baita. Taldeak dituen gabeziak gutxi ez, eta San Mamesen jokatzeak eragiten duen zama gehitu behar zaio taldeak bizi duen egoera gaitzari. Nork esango zukeen etxean aritzea gurutze bidea izango zela. Baina zaleen bultzadarik gabe indarra galdu du etxean ari denean. Athleticek galdu egin ditu etxean jokatu dituen azken lau partidak.

Aurrekariak ez dira onak. Baina horrek ez du esan gura etorkizunak iragana bezain beltza behar duenik. Besteak beste, gaur eguerdian (14:00) bisitan datorren Levante ere ez dago hobeto: hark ere hiru puntu ditu. Gainera, ausarta da. Baloia izatea du gustuko, eta etxean zein kanpoan aurrera egiten du. Egun ona badu, edozein kontrario estu har dezake. Baina zuloak ere uzten ditu. Eta halako aurkarien kontra atzean sartzen direnekin baino dezentez erosoago aritzen da Athletic.

«Aukera ona dugu bolada aldatzeko. San Mamesen jokatzen dugu, eta taldeak garaipena bilatuko du daukan guztiarekin. Athleticen beti dago irabazteko beharra», esan zuen atzo Garitanok.

Hamaikakoari dagokionez, baliteke aldaketak izatea atzean zein aurrean: Yeray eta Balentziaga arituko dira agian, baita Berenguer ere. Entrenatzailearen eskaria izan da, eta, behin taldearen jokatzeko era barneratuta, hasierarik jokatuko duela dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.