Bueltan dator, indarberrituta

Euskal Herriko 23 pilota elkartek, Errioxako hiruk eta Bartzelonako batek hartuko dute parte XVII. Berria Txapelketan. Finalak datorren ekainaren 26an jokatuko dira, Hernanin

Bueltan dator, indarberrituta.
jon eskudero
Astigarraga
2022ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Pandemia eta oztopo guztiak atzean utzi ondotik, bueltan da Berria Txapelketa. Bi urteko etena egin eta gero, sekula baino zabalagoa izango da XVII. aldia, gutxitan bezalako parte hartzea izango baitu. 27 elkarte lehiatuko dira: Euskal Herriko 23k, Errioxako hiruk eta Bartzelonako elkarte batek parte hartuko dute. Datorren asteburuan abiatuko da Danok Lagunak eta Intxurreren arteko atarikoarekin, eta ekainaren 26an izango dira finalak, Hernanin (Gipuzkoa), sanjoan jaien barruan. Bigarren urtez jarraian, emakumeen txapelketa ere jokatuko da. Lau bikote ariko dira lehian, eta bi onenak sailkatuko dira sanjoanetan jokatuko den finalera.

Txapelketaren aurkezpen ekitaldia atzo egin zuten Astigarragako Petritegi sagardotegian (Gipuzkoa), eta bertan bildu ziren elkarteetako ordezkari eta babesleak. Aurten, BERRIA egunkariarekin batera, babesle izango dira Petritegi sagardotegia eta Adarra Lan Tresnak enpresa. Eskertuta agertu zen Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria. «Garai zailotan, euskal kulturak eta kirolak elkarlanean egin behar dute aurrera, eta, euskal pilota gure ikurra izanik, guretzat ohorea da txapelketa hau babestea. Emakumeen presentzia ere ez zaigu faltako, eta hori oso pozgarria da. Egia da apur bat atzetik goazela, soilik bigarrenez jokatuko delako txapelketa hau, baina aurrera begira nahiko genuke arlo horretan indartu».

Kadete, Gazte eta Nagusien mailatan jokatuko dira partidak, eta bi neurketa irabazten dituen elkarteak egingo du aurrera. Hots, lehen bi partidak elkarte berak irabazten baditu, tanto sistemak aginduko du. Hiru aurre-kanporaketa jokatuko dira, eta ondoren final-zortzirenak izango dira, gero laurdenak, finalerdia eta final handia. Elkarte irabazleak 3,000 euroko saria jasoko du, eta txapeldunordeak 2.000koa. Hirugarren eta laugarren klubek, hurrenez hurren, 1.000 eta 500euro jasoko dituzte, nahiz eta aldaketaren bat gerta daitekeen oraindik. «Gerta daiteke laugarrenari ere 1.000 euroko saria ematea», azaldu zuen Rufino Rekalde antolatzaileak. Faboritoen zerrendan Tolosa eta Lazkaoko LAPKE ageri dira guztien gainetik. Gainera, finalera arte ez lukete elkar ikusiko.

Emakumeei dagokienez, bigarren urtez jokatuko dute, eta Euskal Herriko pilotari onenak gonbidatzea da asmoa, Nora Mendizabal antolatzaileak adierazi zuenez. Bi finalerdi jokatuko dira lehenbizi: apirilaren 29an bata, Andoainen (Gipuzkoa), eta hilabete geroago bigarrena, Hernanin. Bi bikote onenak sanjoanetan lehiatuko dira, finalean. «Oraindik argitu gabe daukagu zein pilotarik parte hartuko duten, baina bermatuta izango dugu kalitatea. Etorkizunera begira, txapelketa zabaltzeko asmoa daukagu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.