Albistea entzun

'Electrophonic Chronic': The Arcsen omenaldia Richard Swifti

Debuteko lana eman eta zortzi urtera kaleratu du The Arcsek bigarren diskoa: ?Electrophonic Chronic?. 2018an hil zen Richard Swiftekin grabatutako kantuen bilduma bat da.
The Arcs taldeko kideak Richard Swiftekin (eskuinean, zutik) batera.
The Arcs taldeko kideak Richard Swiftekin (eskuinean, zutik) batera. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2023ko otsailak 5

The Arcs taldea Yours, Dreamily (2015) debuteko diskoa argitara eman eta bi urtera sartu zen lozorroan, mundu osoan zuzenean aurkezten ibili ondoren. Dan Auerbachek sortu zuen taldea, urte hartan bertan. The Black Keys rock bikoaren partaide izateagatik da ezaguna, eta haren proiektu paralelo gisa abiatu zuen hasiera batean. Baina taldea geldirik, isilik, egon da gaur arte. Izan ere, zortzi urteko etenaren ostean, bueltan da taldea, eta estudioko bigarren lana kaleratu du: Electrophonic chronic (Easy Eye).

Etenaldi horren arrazoi nagusia taldekide baten heriotza izan zen, Richard Swift 2018an hil baitzen, alkoholismoak eragindako konplikazioen ondorioz. Hari eskainitako lana da, hain justu ere, disko berria, musikaren bitartez egindako omenaldi sentikor bat. «Beste behin ere, musika jotzen, barre egiten eta abesten ikusiz hari agur esateko modu bat da», adierazi du Auerbachek.

Izan ere, Swiften ahotsa eta musika entzun daitezke diskoan. Hura hil aurretik grabatu baitzuten Electrophonic Chronic neurri handi batean, New Yorken eta Nashvillen artean —Auerbachen Easy Eye Sound estudioa tartean—, jatorrizko kide guztiekin: Leo Michels, Nick Movshon, Homer Steinweiss, Auerbach eta baita Swift ere.

Musika sortzea, kantuak egitea eta, batez ere, estudioan grabatzea maite duen lagun talde bat izan baita The Arcs hasieratik, Auerbachen hitzetan. «Edonon ginela ere, beti sartzen ginen elkarrekin estudioan. Hori zen gehien gustatzen zitzaiguna». Esperimentatu egiten zuten soinuekin eta instrumentuekin, sortzen zutenari kantu forma emateraino. Obsesio ere bilakatu zitzaien estreinako diskoa kaleratu ostean. «Ziur aski, 80 eta 100 pieza artean izango ditugu grabatuak, etengabe grabatzen baikenuen Yours, Dreamily kaleratu ondoren», aitortu du Michelsek.

Hain zuzen ere, horietako asko dira orain Electrophonic Chronic diskoa osatzen dutenak. Hamabi kantu sartu dituzte diskoan: bluesetik eta souletik bezainbat edaten dute country-rocketik eta psikodeliatik, rock lasai eta hunkigarriaren moldetik gehiegi aldentzen ez badira ere. Keep On Dreaming, Love Doesn't Live Here Anymore, Heaven is a Place... nahasian doaz 1960ko eta 1970eko hamarkadetako doinuak melodia futuristekin gitarrek, teklatuek eta perkusioak osatutako paisaia goxo, geldo eta baikorretan. Atzera ez ezik, aurrera ere begiratu nahi duela erakutsi baitu taldeak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Khontaira taldearen <em>Elurzuriren hiru heriotzak</em> obraren une bat. ©LORALDIA

Sagarrari hozkada, berriro ere

Olatz Enzunza Mallona

Khontaira taldeak 'Elurzuriren hiru heriotzak' lana aurkeztuko du gaur arratsaldean, Bilboko Azkuna zentroan. Musika, antzerkia eta dantza uztartuko ditu, eta 'lorazainei' espresuki eskainiko diete

Argazkilari bat, Lua Ribeiraren <em>Aristokratak</em> serieko bi argazkiri begira, Donostiako Artegunea aretoan ikusgai dagoen <em>Zeruratzea</em> erakusketan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Bestelako narratiben atzetik

Ainhoa Sarasola

Lua Ribeira argazkilariak 'Zeruratzea' erakusketa jarri du ikusgai Donostiako Artegunean. Gizarte bazterketa abiapuntu duten bost argazki serie proiektu bakarrean harilkatu ditu

Paradisu Zinema musika bekaren aurkezpena, atzo, Eusko Ikaskuntzaren Baionako egoitzan. ©GUILLAUME FAUVEAU

Paradisu Zinema musika bekaren lehen aldian parte hartzeko epea zabalik da

Iraia Vieira Gil

Elkar argitaletxeak, EHZ jaialdiak eta Antxeta irratiak jarri dute martxan. Disko bat editatu eta kaleratzeko 10.000 euro jasoko ditu irabazleak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...