Oinarri sendoa dauka

Kirolbet Baskoniak badauka taldea datorren sasoian berriz ere punta-puntan aritzeko. Diop, Janning eta Beaubois ez, beste jokalari guztiak daude kontratupean. Pedro Martinezek ere hitzarmena du.

Baskoniako jokalariak, denboraldi honetan lortutako garaipen bat ospatzen. DANIEL PEREZ / EFE.
Julen Etxeberria.
2018ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Sasoi bikaina egin du Kirolbet Baskoniak. ACB ligan, estu hartu du Real Madril ahalguztiduna finalean. Euroligan, berriz, final-laurdenak jokatu zituen, eta nor baino nor gehiago aritu zen Fenerbahce handiaren aurka. Espainiako Kopan bakarrik egin zuen huts Gasteizko taldeak, Bartzelonaren kontra galdu baitzuen lehen kanporaketan. Orban txiki horrek, ordea, ezin du egindako lan ona zikindu.

Ez da komeni ondo funtzionatzen duena ukitzea, eta itxura batean, ez dirudi iraultza egongo denik Baskonian. Ez, behintzat, taldeko kideei dagokienez. Izan ere, denboraldi honetan taldearen oinarria osatu duten hamabi jokalarietatik bederatzik daukate kontratua gutxienez hurrengo denboraldira arte: 2019an amaituko zaie kontratua Marcelinho Huertasi eta Johannes Voigtmanni; 2020an Lucas Vildozari, Tornike Xengeliari, Jayson Grangerri, Jannis Timmari, Vincent Poirierri eta Patricio Garinori; eta 2022an Rinalds Malmanisi eta Tadas Sederkeskisi.

Baina gauza bat da kontratua izatea, eta beste gauza bat taldean jarraitzea. Gerta daiteke kontratupean dagoen jokalariren batek Gasteizko taldea uztea, klubak edo jokalariak berak erabakita. Xengeliak berak Real Madrilen aurka galdu berritan esan zuen kontratua duela, baina ikusteko dagoela taldean jarraituko duen edo ez.

Klubak hartu beharreko lehen erabakiak, ordea, kontratua bukatzen zaienei dagozkienak izango dira. Ilimane Diop, Matt Janning eta Rodrigue Beaubois dira egoera horretan daudenak. Diopek urte asko daramatza taldean, eta nahiz eta oraindik eman dezakeen guztia ez eman, klubak fedea du harengan, eta ezustekoa litzateke kontratua berritzea ez eskaintzea. Gainera, aukera ona da kupoen araudirako. Janning, berriz, sasoia hasita iritsi zen Gasteizera, Jordan McRae ordezkatzeko, eta lan bikaina egin du. Pentsatzekoa da Baskonia hura lotzen saiatuko dela, baina pentsatzekoa da ere bai ez dela izango estatubatuarrak jasoko duen eskaintza bakarra. Azkenik, ikusteko dago Beauboisek jarraituko duen. Bi sasoi daramatza Gasteizko taldean, eta bietan gorabehera handiak izan ditu bere jardunean. Gaur-gaurkoz, badirudi kanpoan dagoela barruan baino gehiago.

Ziur segituko duena Pedro Martinez da. Entrenatzaile kataluniarrak beste urtebeterako kontratua du, eta bai berak, bai Josean Kerejeta Baskoniako presidenteak azken asteetan egindako adierazpenak kontuan hartuta, ezusteko handia litzateke aulkian aldaketa izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.