Txapela kentzekoa

Anna van der Breggen munduko txapeldun, erakustaldia emanda

Txapela kentzekoa.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Anna van der Breggenek azkenean lasai egin dezake lo. Herbeheretarrak, azkenean, lortu du bere garaipen bilduma ikusgarriari falta zitzaion titulua, eta hurrengo urte osoa egingo du ostadar elastikoaren barruan. Herbeheretarrak urte bikaina egin du, eta atzo biribildu zuen, Insbrucken errepide munduko txapeldun izanda. Eta nola gainera, erakustaldia eman baitzuen. Historian gogoratuko diren garaipen horietako bat izan zen. Helmugatik 39 kilometrora erasoa jo, eta bakarrik egin zuen zirkuituko azken itzuli eta erdia, eta 3.42ren aldea atera dio Amanda Spratt (Australia) bigarrenari, eta 5.26 Tatiana Guderzo (Italia) hirugarrenari. Euskal ordezkariei dagokienez, Eider Merino 34. izan zen, 5.26ra, eta Ana Santesteban, 53. 8.18ra.

Van der Breggenek gaur egunez du parekorik egun bateko lasterketetan. 2016an, Olinpiar txapeldun izan zen, eta aurten, Strade Bianche, Fleche Walonne, LiegeBastogneLiege eta Durango-Durango irabazi ditu. Urtea munduko txapelketara begira egin du, eta, atzo, beste behin, ez zuen tiroa huts egin. Eta, bide batez, arantzatxoa kendu, aurretik munduko txapeldunorde izan baitzen errepidean (2015) eta hirutan erlojupeko txapeldunorde, azkenekoz aurten.

Van der Breggenek oso ondo ezagutzen zuen Innsbruckeko ibilbide gogorra (155 km). Bazekien tropela apurka higatuz joango zela, eta gehienek behera egin zuten unean jo zuen erasoa. Hasieran Amanda Spratt itsatsi zitzaion, baina berehala kendu zuen gainetik. Australiarrak, dena den, ondo baliatu zuen tartea, eta berak ere bakarrik egin zituen azken kilometroak. Probako emozioa hirugarren posturako lehian egon zen, eta hor Guderzo gailendu zen, azken kilometroetako ekinari esker.

Gramartbondenen zain

Munduko txapelketak gaur bukatuko dira, gizonezkoen elite mailako errepide probarekin. 265 kilometroko ibilbidea egingo dute, oso gogorra. Zortzi aldiz igoko dute Igls mendatea (7,9 km eta %5,7), eta behin Gramartbodengo horma, azken itzulian (2,8 km %11,5 eta %28ko tarteekin), helmugatik 11 kilometroa. Lau euskal txirrindulari ariko dira: Ion Izagirre, Jonathan Castroviejo, Omar Fraile eta Mikel Nieve; laurak Espainiako selekzioarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.