Ez du lehena izan gura

Athleticek bigarren partida irabazi nahi du jarraian ligan, gaur, Valladoliden. Aurkaria azkena da, eta ez du garaipenik lortu etxean

Unai Lopez eta Muniain, Sevillaren aurkako gol bat ospatzen. J. ZORRILLA / EFE.
haritz gallastegi
2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Sevilla mendean hartu ostean, denboraldiko asterik lasaiena izan du Athleticek. Ez da gutxi. Baina nahikoa ere ez. Klubaren inguruak orain arte erakutsitakoa baino gehiago eskatzen dio taldeari: sailkapenean behera begira egoteari utzi, eta gorako joeran beste urrats bat egiteko garaia da. Zuri-gorriek lau puntura dute jaitsiera, eta bostera seigarren postua. Hala, hurrengo asteetan Europarako sailkatzea emango duen postua maila galtzea ekartzen duten postuak baino gertuago izatea eskatuko zaio Gaizka Garitanori. Bestela, ez da bakerik izango.

Emaitzak lortzeko, ondo jokatu behar da. Baina joko ona eta joko ikusgarria ez dira gauza bera. Futbolzale bakoitzaren gustuetan sakondu barik, lehiakorrak diren taldeak dira behar ona egiten dutenak. Eta Athletic zerbait baldin bada, lehiakorra da. Partidan sartuta dagoen taldeak aukera gehiago du puntuak lortzeko. Athleticek orain arte jokatu dituen zazpi neurketetan izan du punturen bat irabazteko aukera. Batzuetan, merezi baino sari txikiagoa izan du, eta bakarren batean, merezi baino handiagoa; Sevillaren kontra, adibidez, zailtasun handiak izan zituen, baina irabazi egin zuen. Alaves, Granadan eta Cadizen kontra, ordea, ez zen gutxiago izan, baina galdu egin zuen.

Bistakoa da zuri-gorrien jokamoldea ez dela jarraitzaile askoren gustukoa. Emaitza bolada txarra den aldiro, taldea oso kritikatua izaten da. Baina Athletic talde bat da, aurkariarentzat gaitza, deserosoa. Eta bide beretik jarraitu gura du gaur Valladoliden (Espainia). Etxeko taldeak premia handia du. Zortzi partidatan hiru puntu lortu ditu: hiru berdindu ditu eta bost galdu. Ondorioz, azken postuan dago, eta teknikariaren etorkizuna kolokan. Athleticek ez dio larri dagoen talde bati arnasa eman gura.

Zorrilla estadioak oroitzapen onak ekartzen dizkie zuri-gorriei. Aurreko sasoian garaipen argia lortu zuten han: 1-4. Garitanok taldearen ardura hartu zuenetik lortu duen garaipenik garbiena izan da. Hori berriro egitea asko eskatzea izan daiteke, baina bidea zein den badaki taldeak. Defentsan ez dauka asko hobetu beharrik. Atea ondo zaintzen duen taldea da, ligako onenetakoa. Hori bai, garesti ordaintzen ari da egindako huts apurrak. Banakako huts horiei arreta handiagoa jarri beharko zaie. Hortaz, defentsan ez da berritasunik espero. Ohikoek jokatuko dute.

De Marcosen positiboa

Baina zelai erditik aurrera bestelakoak dira kontuak. Jokalariak aukeratzean zein futbolari horien postuak zehaztean buruko min handiagoa du entrenatzaileak. Sevillaren kontra egin zuen lan ona aintzat hartuz gero, pentsatzekoa da Unai Lopez hamaikakora itzuliko dela —gol bat sartu zuen Valladoliden—. Erasoan, Raul Garciak eta Williamsek bermatua dute lekua, baita oraingoz Berenguer iritsi berriak ere. Eta falta den posturako Muniain eta Morcillo dira hautagaiak. Biak aritu ziren ondo azken partidan, baina baten edo bestearen aldeko apustuak dezente baldintzatuko du taldearen jokatzeko era; oso futbolari ezberdinak dira.

Oscar de Marcosek ezin zuen jokatu, min hartuta baitago. Baina hori gutxi balitz bezala, jokalariak positibo eman du koronabirusean. Egon ziur, horrek haren osatze prozesua atzeratuko du.

VALLADOLID-ATHLETIC
Valladolid. Masip; Hervias, Joaquin, Bruno, Nacho; Orellana, Alcaraz, Kike Perez, Oscar Plano; Marcos Andre eta Weissman.
Athletic. Unai Simon; Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Unai Lopez; Muniain, Raul Garcia, Berenguer; eta Williams.
Epailea. Soto Gracia.
Lekua. Jose Zorrilla Berria.
Ordua. 18:30ean (Mov. La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.